Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Udalak dirulaguntzak emango dizkie energia eta eguzki komunitateei

Jabeen erkidegoek ere eskatu ahal izango dituzte

Programaren helburua hirian energia berriztagarrien komunitate berriak sortzea da, baita lehendik dauden energia berriztagarrien komunitateek eta bizilagunen erkidegoek instalazio fotovoltaikoetan egin beharreko inbertsioa sustatzea ere. 2023ko eta 2024ko deialdien ondoren, etxebizitza-eraikinen jabeen erkidegoek ere instalazio fotovoltaikoetan inbertitzeko laguntzak jasotzeko aukera sartu da deialdi berri honetan. 

Ekimen honen jarraipenaren bidez, bizitegi-sektorean energia berriztagarriaren ekoizpena sustatzen jarraitu nahi da, eraikuntza pribatuan autokontsumoaren ekoizpen berriztagarria bultzatuz. Era berean, herritarren subiranotasun energetikoa sustatu nahi da, asoziazionismoa eta herritarren parte-hartzea sustatuz. Azken finean, horren guztiaren helburua da udalerriko berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea, klima-aldaketari aurre egiteko. 

Nork eska dezake?

Donostiako udalerrian egoitza soziala eta fiskala duten elkarte, energia berriztagarrien komunitateek eta etxebizitzen bizitegi-erabilerako eraikinen jabeen erkidegoek jaso ahal izango dituzte dirulaguntza hauek. 

Deialdiaren diru-hornidura 60.000 €-koa da guztira. Proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren zenbatekoa izango da diruz lagun daitezkeen gastuen % 75, BEZa barne, betiere energia berriztagarrien elkartearentzat edo komunitatearentzat kengarria ez bada. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da 10.000 eurotik gorakoa izango eskaera bakoitzeko, energia-komunitateak eratzera bideratutakoetan, ez eta 20.000 eurotik gorakoa ere eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioak martxan jartzera bideratutakoetan.

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da. Alde batetik, % 70, organo eskudunak kontzesioa onartzen duen unean. Eta, bestalde, % 30 dirulaguntza justifikatzeko eskatutako agiriak aurkeztu eta baliozkotu ondoren. 

Dirulaguntzaren azken ordainketa egiteko, laguntza ematea eragin duen jarduera eginda egon beharko da, eta oinarriek eskatutako egiaztagiriak 2026ko irailaren 30 baino lehen aurkeztu beharko dira. 

Eskabideak 6 hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, Gipuzkoako Foru Aldundian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etatik aurrera, edo funtsak agortu baino lehen, zeinek eskabideak aurkezteko epea automatikoki ixtea ekarriko duen. 

Azkenik, inprimakiak eta dokumentazioa behar bezala beteta aurkeztu beharko dira, udalaren webgunearen bidez.