Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Udalak Ibaetako haltzadia eta hezegunea birnaturalizatuko ditu
Hezeguneko uraren kalitatea hobetzea da helburua

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du “Unibertsitate campuseko hegoaldean Igara errekastoaren ibilgua ingurumen aldetik lehengoratzeko proiektua”, Ibaetako haltzadia eta hezegunea birnaturalizatzeko helburua duena. Hezegune hori inguru horretatik igarotzen ziren erreken bilbaduraren aztarna da; izan ere, urbanizazioaren ondorioz, erreka horiek bideratu eta lurperatu egin ziren. Gaur egun, errekaren inguruak jasaten duen eraldaketaren ondorioz, hezeguneak eta haltzadiak ezin dute kontserbazio-egoera onean egon. Hori dea eta, Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak orain onartutako proiektua idatzi du, eta 2025eko bigarren seihilekoan gauzatuko da.
Zeintzuk dira ekintzak?
Proiektuak zeinbat ekintza ditu. Nagusiak hezeguneko uren kalitatea hobetzea du helburu, izan ere, ondoko aparkalekuatik datozen uren eraginez, urak azidotzeko joera dagoela eta metalak eta olioak daudela ikusi da. Horretarako, urak eusteko eta arazteko sistema konplexu bat diseinatu da, naturan oinarritutako irtenbideak aplikatuz eta material naturalak eta landareak soilik erabiliz. Sistema horrek bioerretentzio-putzu bat du, eta bertara desbideratuko dira aparkalekutik datozen urak, landaredun areka baten bidez. Ondoren, kanal naturalizatu baten bidez, urak fitoarazketa-sistema batetik igaroko dira. Sistema horrek hiru iragazki berde izango ditu, hezegunerantz urak hustu aurretik. Horrez gain, hezegunean bertan irlatxo flotatzaile batzuk jarriko dira uretako landareekin, eta horiek ere uraren kalitatea hobetzen lagunduko dute.
Bestalde, hezegunearen ertzak ingurumenaren ikuspegitik hobetuko dira, bioingeniaritzako hainbat teknikaren bidez, hala nola aldaxkak egitea, adarrak txirikordatzea eta ur-ekosistemetako berezko espezieekin biorroloak instalatzea. Ekintza horiek landaredi potentziala berreskuratzen eta ibai-habitata hobetzen lagunduko dute.
Azkenik, flora exotikoko espezieak kentzea aurreikusten da, hala nola, Chamaerops humilis (palmondo nano) eta Ligustrum japonicum (binorri), eta ibai-ekosistemetako eta haltzadi kantauriarretako zenbait belar- eta zuhaixka-espezie ereitea eta landatzea. Landaketa horiek parkearen ertzean egingo dira, bai eta birsortzeko ertz eta ohantzeetan ere.
Lan horien guztien helburua haltzadiaren ekosistema eta hezeguneko uraren kalitatea berreskuratzea da. Aipatzekoa da haltzadi hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan desagertzeko arriskuan dagoen Hegoaldeko Igelaren (Hyla meridionalis) eragin-eremua dela.
Noiz egingo dira lanak?
Lanak udaren ondoren hastea aurreikusten da; horrela, jarduera-eremuan egon daitezkeen fauna-espezieen habia egiteko eta kumatzeko garaia errespetatzen da, eta 8 astez luzatuko dira. Halaber, neurriak hartuko dira gauzatzean inguruneari eta pertsonei kalterik ez eragiteko. Obrak amaitzean, informazio-panel bat jarriko da, lanak ezagutarazteko eta hiri-ingurunean ibai-habitatak kontserbatzearen eta hobetzearen garrantzia jakinarazteko.
Emaiguzu zure iritzia
Esteka honetan hiriko ibai eremuei buruz, eta zehazki, proiektu honi buruz herritarren iritzia ezagutzeko prestatutako inkesta duzu. Zinez eskertzen dizugu inkesta betetzea.
2025/05/29an argitaratutako albistea