Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Hirian energia berriztagarria sortzeko bultzada
Bost istalazio berriztagarri berrirekin

Otsailaren 14a Energiaren Munduko Eguna da, energiaren erabilera jasangarria babestea eta energia garbien erabilera sustatzea helburu duen efemeridea. Gogoratu behar da energia sortzea eta kontsumoa direla Klima Aldaketaren erantzule diren berotegi efektuko gasen emisioaren iturri nagusietako bat mundu mailan.
Larrialdi Klimatikoa
Tokiko Gobernu Batzarrak Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena onartu zuen hirian 2020ko martxoaren 17an. Adierazpenari lotutako jardueren proposamenak energia berriztagarriaren ekoizpena bultzatzeko ezohiko aurrekontu bat bideratzeko beharra jasotzen zuen.
Ildo horretan, eta 2019an arlo horretako legedia aldatu ondoren, autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoen hedapena areagotu da udal eraikinetan. Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak milioi eta erdi euro inguruko inbertsioa egin du 2019tik 2024ra 25 instalazio berri eraikitzeko.
Horrela, gaur egun, instalatutako 2,8 MW-ko potentzia duten 53 instalazio fotovoltaiko daude, guztira 93 udal eraikin energia berriztagarriz hornitzen dituztenak. Instalazio askok beste eraikin batzuekin partekatzen dute sortutako energia, eta autokontsumo partekatuko energia komunitateak sortzen dira.
Instalazioak hartzen dituzten eraikinen tipologia askotarikoa da, eta kultur etxeak, kiroldegiak, eskolak, aterpetxeak edo frontoiak hartzen ditu, besteak beste.
2025erako aurreikuspena da autokontsumorako 2.200 MW/h energia berriztagarri sortzea, 726 etxebizitzatarako behar den horniduraren baliokidea, eta horrek esan nahi du 266 Tn CO2 inguru isurtzea saihestu behar dela.
Instalazio berriztagarri berriak
2025ean bost instalazio berri hasi gara egiten, eta aurten bertan jarriko dira martxan.
- Altzako kiroldegia: estalkian dagoen instalazioa 300 kW-eko beste potentzia batekin handituko da, mota horretako handiena Donostian, eta 40 kW-ko beste bat, Altza auzoan dauden beste 14 udal-instalazioren behar elektrikoak hornituko dituena. Instalazio horiek Altza auzoan garatzen ari den hiri berroneratze integraleko jardueren programaren esparruan egiten dira, 2022-2024 aldirako Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Planaren finantzaketarekin.
- Uliako gazte-aterpetxea: ur bero sanitarioa (UBS) eta berokuntza sortzeko sistema berrituko da, biomasa-galdara baten eta dagoen eguzki-instalazio fotovoltaikoak elikatutako aerotermia-ekipo baten bidez, energia berriztagarriaren bidez funtzionatzeko behar den beroaren % 100 sortzeko. Instalazio horrek Next Generation EU funtsen finantzaketa du.
- Ikasbide Erribera eta Orixe Zuloaga ikastetxeak: bi eraikinen estalkietan instalazio fotovoltaikoak eraikitzen ari dira, bakoitzean 36 kW-ko potentziarekin. Eraikinen autokontsumorako elektrizitatea sortzeaz gain, sortutako energia inguruko beste udal instalazio batzuekin partekatuko da. Ikasbideren kasuan, sorkuntza beste 3 eraikinekin partekatuko du, eta Orixeren kasuan beste birekin.
- Zmare eraikina: Zurriolako hondartzaren ondoan dagoen eraikinaren estalkiaren gainean 30 kW-eko potentzia duen instalazio bat eraikiko da. Sortutako energia eraikinean bertan eta udalaren beste 6 instalaziotan erabiliko da. Azken horien artean daude Zurriola eta Kontxako hondartzetako kabina kolektiboak eta zerbitzuak. Ekintza hori hiriko hondartzen Ingurumen Kudeaketarako Programaren barruan dago. Programa horrek Europako Batzordearen EMAS II ziurtagiria du, eta kabina eta zerbitzuetan gas naturala kontsumitzeagatik berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea du helburu.
2025/02/14an argitaratutako albistea