Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Donostiako euri-uren eta erreken ingurumen-kudaketari iraunkorreko proiektuari buruzko erakusketa ibiltaria
Aieteko Kultur Etxean, apirilaren 16ra arte

Otsailaren 3tik ikusgai dago Aieteko Kultur Etxean Donostiako Udala euri-uholde arriskuari aurre egiteko eta ibaietako habitatak hobetzeko udalerriko hainbat lekutan garatzen ari den PluSSS proiektuari buruzko erakusketa. Erakusketak bederatzi panel ditu, testuekin eta ilustrazioekin, Osasun eta Ingurumen Saila eta Uren Ustiapen eta Saneamendu Zerbitzua hiria klima-aldaketara egokitzeko garatzen ari diren programak azaltzeko.
Erakusketaren beste helburuetako bat herritarren iritzia jasotzea da. Horretarako, kutxa bat jarri da, bisitariek udalerriko erreken eta horien egoerari buruz duten ikuspuntua adierazteko eta ibai-ekosistemen arriskuei eta mehatxuei aurre egiteko proposamenak eta esku-hartzeak balioesteko. Gainera, erakusketaren azken panelean QR kode bat dago, online inkesta batera sartzeko.
Abenduaren 20tik Ibaetako Campuseko Ingeniaritza Eskolan egon ondoren, erakusketa apirilaren 16ra arte bisitatu ahal izango da Aieteko Txoko Urdinean eta ondoren apirilaren 17tik maiatzaren 23ra arte Ernest Lluch Kultur Etxean. Horrela, erakusketa bisitatzera gonbidatzen ditugu herritarrak, egindako ekintzak ezagutu eta haien iritzia eman dezaten.
Erakusketaren helburuak
Erakusketa honen bidez honako hau lortu nahi da:
• Herritarren sentsibilizazioa areagotzea, errekak eta hiri-hezeguneak kontserbatzearen garrantziari buruz.
• Udalak udalerriko errekak leheneratzeko eta uholde arriskua murrizteko egindako jarduerak azaltzea.
• PluSSS proiektuaren onurak ikusaraztea, ingurumen-erresilientziarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin konprometitutako beste hiri batzuetan erreplika daitekeen eredu gisa.
PluSSS proiektua
Proiektu hau Donostiako Klima Aldaketara Egokitzeko Planaren barruan dago, eta 1.674.504 euroko aurrekontua du, gutxi gorabehera, 2022ko urritik 2026ko martxora bitartean gauzatzeko. Proiektuak, besteak beste, jarduketa hauek ditu:
• Morlansen Santa Teresa erreka leheneratzea.
• Miramongo basoko erreketan bi atxikipen-urmael sortzea.
• Ibaetako haltzadia eta hezegunea birnaturalizatzea.
• Luis Villasante parkean landare inbaditzaileak kentzea.
• Barkaiztegiko Ollola errekan landare inbaditzaileak eta hondakinak kentzea.
Bisita gidatuak
Gainera, proiektua ezagutzera emateko, azaroan eta abenduan bisita gidatuak egin ziren hainbat jarduera-eremutara (Morlans, Miramon eta Ibaeta), eta 200 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten, Amara Berriko eskola-taldeen eta EHUko Ingeniaritza Eskolako eta Easo Politeknikoko ikasleen artean.
Ibaetako obrak amaitu ondoren, eremua Tecnumeko Ingeniaritza Eskolako eta EHUko ikasleekin bisitatzea aurreikusten da, hobekuntzak ikus ditzaten.
Proiektu honek jarraipena ematen dio Udalak duela urte askotik lurraldea egokitzeko egiten duen ahaleginari. Ahalegin horrek beste mugarri garrantzitsu bat izango du, aurten Artikutzako Enoebietako presa partzialki eraitsiko baitu.
Zure iritzia jakin nahi dugu
Esteka honetan hiriko ibai eremuei buruz, eta zehazki proiektu honen inguruko, herritarren iritzia ezagutzeko prestatutako inkesta duzu. Zinez eskertzen dizuegu inkesta betetzea.
2026/03/11an argitaratuta