Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Auzo Orri: Groseko eguneroko istorioak jasotzeko gonbidapena

Maiatzaren 5era arteko epea dago istorioak partekatzeko

Erlauntza Grosek Auzo Orri jarri du martxan, auzoko bizitzari buruzko kontakizun laburrak partekatzera gonbidatzen dituen ekimen komunitarioa. Proposamenaren bidez, oroitzapenak, eguneroko eszenak, leku esanguratsuak, pertsonak, zaintza-keinuak, auzoko harremanak edo Gros ikuspegi desberdinetatik begiratzen laguntzen duten istorioak bildu nahi dira.

Erlauntza Grosek bultzatutako ekimena

Erlauntza Gros auzoko hainbat eremutako eragile eta profesionalek osatutako lan komunitariorako gunea da.  Eragile eta profesional horiek hainbat eremurekin dute lotura, hala nola gizarte-ekintzarekin, osasunarekin, kulturarekin, kirolarekin, gazteriarekin, adineko pertsonekin eta beste hainbat esparrurekin. 

Gaur egun, honako eragile hauek osatzen dute Erlauntza Gros:

    • Donostiako Udala : Gizarte Ekintza —Groseko Gizarte Zerbitzuen Zentroa, Plus 55 eta jubilatuen elkarteei laguntza teknikoa—, Donostia Kirola, Gazteria —Haurtxokoa eta Gaztelekua—, Osasuna eta Ingurumena —Osasunaren Sustapena—, Donostia Lagunkoia eta Donostia Kultura —Okendo Kultur Etxea—.
    • Eusko Jaurlaritza: Groseko Osasun Zentroa / Osakidetza eta Osasunaren Sustapena.
    • Arrazola farmazia.
    • Cilveti farmazia.
    • Uliazpi Fundazioaren Donostia Zentroa.
    • Goyeneche Fundazioaren Usandizaga Garagunea.

Auzoko ehun komunitarioari egindako beste ekarpen bat

Auzo Orri prozesu zabalago baten barruko lehen ekintza gisa sortu da, eta Grosen dagoeneko dagoen ehun komunitarioari egindako beste ekarpen bat izan nahi du. Auzoan martxan dauden beste ekimen eta dinamika batzuekin elkarrizketan, proposamenak eguneroko bizitza komunitarioari eusten dioten loturak ezagutzen, zaintzen eta indartzen jarraitzeko modu xume bat eskaini nahi du. Jasotzen diren kontakizunekin fanzine kolektibo bat osatuko da, auzoko eguneroko bizitza, Gros osatzen duten begirada anitzak eta elkarbizitzari eusten dioten istorio txikiak balioan jartzeko.

Zer motatako kontakizunak bidal daitezke?

Parte-hartzea irekia da Grosi lotutako istorio bat partekatu nahi duen edonorentzat. Edozein oroitzapen, pasadizo, eguneroko eszena, pertsona garrantzitsu, leku berezi, ohitura, elkarrizketa edo auzoko bizitzarekin lotura duen kontakizun bati buruz idatz daiteke. Gainera, parte-hartzea errazteko, abiapuntu gisa balio dezaketen 24 gai inspiratzaile proposatzen dira. Gai horiek gonbidapen bat dira, baina pertsona bakoitzak askatasunez idatz dezake kontatu edo partekatu nahi duen horri buruz.

Kontakizunak banaka edo partekatuta idatz daitezke, eta edozein hizkuntzatan aurkez daitezke. Gomendatutako luzera 300 hitz artekoa da.

Nola parte hartu?

Ekarpenak bi modutara helaraz daitezke:

Webgunearen bidez: www.auzoorri.eus

Auzoan jarritako puntu fisikoetan:

    • Okendo Kultur Etxea — Nafarroa etorbidea, 7 
    • Groseko Osasun Zentroa — Nafarroa etorbidea, 14 
    • Arrazola farmazia — Secundino Esnaola, 21 
    • Cilveti farmazia — San Frantzisko, 14 
    • Arteuparte Gallery — Kale Berria, 4 
    • Muno Baserria — Nafarroa Beherea plaza 
    • Sagueseko kantxa 

Parte hartzeko epea maiatzaren 5era arte egongo da zabalik.

Ekimen honen bidez, Erlauntza Grosek auzoko ahotsak entzuteko espazio xume eta hurbil bat ireki nahi du, Grosen dagoeneko bizirik dagoena aitortu eta elkar lotzen gaituzten istorioetatik abiatuta komunitatea ehuntzen jarraitzeko.

2026/04/24an argitaratuta