Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Artikutzako presa partzialki eraistea onartu du udalak
Lanak hurrengo udaberrian hastea aurreikusten da

Donostiako Tokiko Gobernu Batzarrak Artikutzako presa partzialki eraisteko proiektua onartu du urriaren 21ean egindako bilkuran. Pauso hau beharrezkoa da eraisketa lanen kontratazioa abian jartzeko.
Aukeratutako irtenbidea
7 metroko zabalera duen eraiste partzial baten alde egiteko erabakia hartu da honako arrazoiengatik: biodibertsitatearekin lotutako gaiak, bertan intereseko espezieak bizi direlako; zailtasun teknikoak daudelako; eta kamioien joan etorriek sortuko luketen eragina murrizteko asmoa dagoelako.
Helburua da sortzen diren hondakin gehienak berrerabiltzea finkako bidezidorren konponketan, eta kopuru txiki bat uztea, ibaiko sedimentuak garraiatzeko dinamikak berak banaketa egin dezan eta ibai-sistemaren heterogeneotasuna handitu dezan.
Hurrengo urratsak
Behin proiektua onartuta lanen kontratazioa abiatuko da, eta prozesu hau hurrengo hilabeteetan burutuko da. Kontrataziorako dokumentazioan lanak egiteko baldintza guztiak zehaztuko dira, adibidez, lanek ingurumenean izan ditzaketen eraginak arintzeko proposatutako neurriak sartuta.
Honela, besteak beste, inguruan dauden fauna espezie mehatxatuenak (muturluze piriniotarra eta saguzarrak) babesteko obrak ez dira horien ugalketa garai barruan egingo.
Lanak egiteko 1.599.389 €-ko hasierako aurrekontua zehaztu da eta epea 7 hilabetekoa izango da. Halaber, lanak 2026ko udaberrian hastea aurreikusten da eta urte bukaerarako amaitzea.
Lanen azken fasean ingurua lehengoratuko da, horretarako lurra zabalduko da ura bideratzeko egindako ezponda berrietan, landareak ereingo dira eta, landaketa garaian (otsailean), sahats-aldaxkak landatuko dira.
Europako funtsak
Artikutzako presaren eraisketa LIFE KANTAURIBAI proiektuaren baitan garatzen den ekintzetako bat da, Europako funtsekin finantzatutakoa. Hala, jarduketaren zati bat funts horien bidez finantzatuko da.
Proiektu honen helburu nagusia da Bizkaiko golkoan itsasoratzen diren ibaien eta ibaiadarren ibai-ekosistemari lotutako espezie eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzea Natura 2000 Sareko 15 babesgunetan, betiere Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitania eskualdeen artean partekaturiko bost ibai-arrotan.
Ikusi bideoa Youtuben (gaztelaniaz)
2025/10/24an argitaratua
