Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Berotegi-efektuko gasen isurketak 2023an % 48 murriztu dira 2007koekin alderatuta

Garraioaren sektorea da oraindik ere emisioak gehien igotzen dituena

2005. urteaz geroztik, udal Osasun eta Ingurumen Sailak udalerriko berotegi-efektuko gasen inbentarioa (BEG) kalkulatzen du, eta, horretarako, Udalsarea2030 jasangarritasunerako udalerrien euskal sarearen esparruan sortutako tresna erabiltzen du. Inbentarioa kalkulatzea funtsezkoa da berotegi-efektuko gasen emisioek denboran zehar izan duten bilakaera eta ezarritako udal-politiken eragina egiaztatzeko. Datuak lortzea zaila denez, inbentarioak atzerapenakin kalkulatzen dira. Udalak, 2025ean, 2022ko eta 2023ko inbentarioak kalkulatu zituen, 553.676 eta 505.535 tona CO2 baliokide, hurrenez hurren; hau da, biztanle bakoitzeko, 2,9 tona CO2 baliokide 2022an eta 2,7 tona 2023an.

Inbentarioen bilakaera oso positiboa

Bi inbentario horien emaitzak oso positiboak dira; izan ere, 2023an emisioak % 48 murriztu dira 2007arekin alderatuta, Udalak erreferentzia gisa erabiltzen duen urtea. Trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legeak 2030ean isurketak % 45 murrizteko helburua ezartzen du 2005. urtearekin alderatuta, eta, beraz, udalerriaren emaitzak oso ontzat jo daitezke.

2007 eta 2018 urteen artean oso portaera desberdina izan zen, igoerak eta jaitsierak izan ziren, eta azken balantzea – % 13koa izan zen 2018an, 2007aren aldean. 2018tik aurrera, berriz, isuriak etengabe eta oso nabarmen jaitsi dira, eta, horri esker, % 13ko murrizketatik % 48ko murrizketara igaro da 5 urtean. Emisioen murrizketa handiena 2020an gertatu zen pandemiaren ondorioz, baina 2022ko eta 2023ko emaitzek erakusten dute beheranzko joera ez zela pandemiaren ondorio soilik izan, baizik eta funtsezko aldaketen ondorio direla. 

Garraioa, gehien igortzen duen sektorea

Garraioaren sektorea da udalerriko emisioen sortzaile nagusia, urtetik urtera hazten ari da bere ekarpena, eta 2023an emisio guztien bi heren izatera iristen da. Garraioaren isurien bi heren turismoek igortzen dituzte, ia % 30 kamioiek eta furgonetek, % 4,5 autobusek eta % 1,5 motozikletek eta ziklomotorrek.

Etorkizuneko ikuspegia

2022ko eta 2023ko berotegi-efektuko gasen inbentarioek erakusten dute norabide onean goazela, baina klima-aldaketaren ebidentzia gero eta argiagoa da, eta aldaketa geldiarazteko helburuak gero eta zorrotzagoak dira. Europar Batasunean, 2030erako isurketak % 55 murriztea proposatu da, 1990eko mailekin alderatuta. Ildo beretik, 2025eko irailean, Tokiko Gobernu Batzarrak Donostia Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari atxikitzea onartu zuen. Horrela, 2030erako isurketak % 55 murrizteko eta 2050erako emisioen neutraltasuna lortzeko konpromisoa hartu zuen. Helburu horiek lortzeko, Udalak ekintza plan bat garatuko du, eta helburuak lortzen lagundu dezaketen eragile guztiekin tokiko mailako itun bat lortzeko lan egingo du.

Hiri mailan, ahalegin berezia egin behar da garraioaren emisioak murriztera bideratutako ekintzetan. Kontsumo handieneko ibilgailuak ordezkatu behar dira, baina baita garraio publikoa sustatu ere, ibilgailu pribatuaren kaltetan. Alde horretatik, funtsezkoa da herritar guztien lankidetza.

Txosten osoa 

2026/03/12an argitaratuta