Adineko autonomoentzako eta 1. mailako mendekotasuna duten pertsonentzako ostatu-zerbitzua arautzen duen udal-erregelamendua

Gizarte Ekintzaren Zuzendaritzak adineko autonomoentzako eta 1. mailako mendekotasuna duten pertsonentzako udal-ostatu zerbitzua arautzeko udal-erregelamendu berri bat onesteko asmoa du, zerbitzua eskuratzeko, emateko eta kofinantzatzeko baldintzak arautze aldera.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatutakoa betez, prestatu eta izapidetu nahi den proiektuaren azalpen-memoria hau idatzi da.

Ekarpen epe amaiera: 2023/08/01

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Adinekoentzako ostatu-zerbitzuen zorroak 2006ko erregelamendu bat du, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea (aurrerantzean, Gizarte Zerbitzuen Legea) eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 Dekretua baino lehenagokoa. (Zorroari buruzko Dekretua, aurrerantzean). Gaur egungo erregelamendu arautzaileak honako hauetara egokitu behar du:
 Azken urteotan gertatu diren lege-aldaketak, zeren hartzaile gisa pertsona ahulak eta 1. mailako mendekotasuna dutenak barne hartzen dituzte eta prestazio berriak arautzen dituzte.
 Erakunde artean lortutako akordio jakin batzuk, gutxienekoen esparru-testua –2020an eta 2021ean Eudeleko batzorde teknikoan landu zena eta 2021ean gizarte-zerbitzuen batzorde politikoan onetsi zena– sinatzeko.
 Koordainketaren formulazio hori berrikusi egin behar da; izan ere, egungoak ez du ekitatea bermatzen, erabiltzailearen ekarpena zerbitzu-kontratuen esleipen-prezioen arabera kalkulatzen baita beti.


Era berean, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Estatuko Legea eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Euskal Legea onesteak eragin nabarmena izan du gizarte-zerbitzuetan, oro har, eta mendetasuna duten pertsonen arretan eta eskubideetan, bereziki.

Zehazki, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuen sistema integratu bat antolatu eta egituratzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan herritar guztiek zerbitzu horiek jasotzeko duten eskubide subjektiboa bermatzeko, eta horretarako:

 2. artikuluan ezartzen du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioak eta zerbitzuak eskuratzea eskubide subjektibo bat dela, sistema horretan sartzeko baldintza orokorren eta prestazio edo zerbitzu bakoitzerako arautzen diren sarbide-baldintza espezifikoen esparruaren barruan.
 22. artikuluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa definitzen du, eta horien artean sartzen du 1. mailako mendekotasuna duten adinekoentzako ostatu-zerbitzua. Zerbitzu hori, 27. artikuluan, lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuen barruan jasotzen da, eta horien eskumenak, era berean, udalei esleitzen zaizkie, 42. artikuluan.

Beraz, adineko autonomoentzako eta 1. mailako mendekotasuna duten pertsonentzako ostatu-zerbitzua arautzen duen udal-erregelamendu berria onetsita, udal-araudia arau-ingurune berrira egokitu nahi da, eta, aldi berean, erakundeen arteko akordioetan identifikatutako eta islatutako zenbait hobekuntza-alderdi jaso (aurrerago aipatuko ditugu).

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Esan bezala, beharrezkoa da zerbitzua arautzea, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta egungo testuingurura egokitzen den arau-testuinguru argi bat eskaintzeko.
Donostiako Udalak badu erregelamenduak egiteko ahala, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, bai eta 12/2008 Legearen 42.1 artikuluak eta 185/2015 Dekretuaren 14. artikuluak udalen eskumeneko gizarte-zerbitzuak antolatzeko ematen dioten erregelamendu-ahala ere.

Arauaren helburuak

Udal-erregelamendu honek helburu hauek ditu:

3.1. Zerbitzua definitzea, haren ezaugarriak, modalitateak eta prestazioak arautuz. Horri dagokionez, azpimarratu behar da, Zorroari buruzko Dekretuak zerbitzu bakoitzaren prestazio gisa ezartzen duenaz harago, azterketa bat egiteko eskatu zaiola SIISi, eta azterketa horren helburua izan dela ezartzea zer zerbitzu-eredu eskaini behar den (prestazioak, mailak, profesionalak eta ratioak), erabiltzaileen profilen arabera, asistentzia-konplexutasuna kontuan hartuta.

3.2. Sarbide-prozedura arautzea, eskatzaileak baloratu ondoren eta haien eskubideak aitortu ondoren, eta arreta pertsonalizatuko plan bat egitea. Horri dagokionez, aipatu behar da azterlan horrek lau konplexutasun-mailatan taldekatutako pertsonen 14 profil ezartzen dituela, eta, horretarako, balorazio-tresna berriak sartu beharko direla, hobeto bereizteko, autonomia- edo mendekotasun-maila ez ezik, osasun mentalari, bazterketari, adikzioei, multimorbilitateari, narriadura kognitiboari eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko laguntza behar izateari lotutako egoerak ere.

3.3. Bizikidetza-araubidea ezartzea, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautuz. Zerbitzua erreserbatzea, etetea edo azkentzea ahalbidetzen duten egoerak.

3.4. Zehapen-prozedura arautzea, arau-hausteak eta zehapenak ezarriz.

3.5. Zerbitzuen koordainketa-araubidea eta finantzaketa zehaztea.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Adineko autonomoentzako eta 1. mailako mendekotasuna duten pertsonentzako udal-ostatuko zerbitzua udal-zerbitzu publiko bat da, eta zerbitzu hori arautzea ezinbestekoa da zerbitzua behar bezala emateko. Kasu honetan, beste erregelamendu bat onestea da konponbiderik egokiena hautemandako arazoei eta beharrei erantzuteko, are gehiago kontuan hartzen badugu beste neurri batzuek kontraesanak ekarriko lituzketela indarreko erregelamenduarekin eta, nolanahi ere, irtenbide partzialak eta ez-egokiak.

Dokumentuak



Publikazioaren laburpena

Adineko autonomoentzako eta 1. mailako mendekotasuna duten pertsonentzako ostatu-zerbitzua arautzen duen udal-erregelamendua