Donostiako Kiroletako Udal Patronatuaren Kirol Instalazio eta Zerbitzuen Araudiaren aldaketaren proposamena

Donostiako Kiroletako Udal Patronatuak Kirol Instalazio eta Zerbitzuen Araudia aldatu nahi du, gaur egun indarrean den araudiaren erregulazioa eguneratzeko asmoz; horrela, indarrean diren araudiak bete nahi dira, eta zerbitzu horien kudeaketa eguneratuagoa eta egokiagoa eskaini nahi zaie herritarrei.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoa betetzeari begira, burutu nahi den proiektuaren azalpen memoria hau idatzi da.

Ekarpen epe amaiera: 2018/02/20

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Donostiako Kiroletako Udal Patronatuaren Kirol Instalazio eta Zerbitzuen oraingo Araudia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2007ko maiatzaren 16an argitaratutakoa, zuzeneko eta zeharkako kudeaketa duten instalazioetarako araudi komun bat sortzeko moduan erregulatu zen. Helburua herritarren eskubideak udal instalazio guztietan bermatzea zen, erabiltzaileen eskubideak indartuta eta formula azkarrak eta eskuragarriak ezarrita, erabiltzaileekiko komunikazio lotura iraunkor bat sortzeko.

Nolanahi den, hamar urte baino gehiago igaro direnean, ezinbestean bete beharreko lege berriak sartu dira indarrean, eta gizartearen eskaera berriek agerian utzi dute aurreko araudian hainbat aldaketa egiteko beharra, herritarrentzat garrantzi handia duten eta orain arte kanpoan geratu diren hainbat alderdiren bidez eguneratzeko.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Lege berriak onartu eta gizarte eskaera berriak sortu direnez, garrantzitsua eta beharrezkoa da aurreko araudia aldatzea, bai legezkotasuna betetzeko, bai gizartearen ldarrikapenei erantzuteko. Hori dela eta, araudiaren eguneratze horrek erregulazio askoz ere osatuago bat bermatuko du, lege eskakizun berriak sartuko baititu hainbat alderditan, hala nola datuen babesa, gardentasuna, komunikazioa, berdintasuna eta bazterkeria eza, eta publizitatea.
Modu horretan, erabiltzaileen eskubideak sendotuko dira.

Arauaren helburuak

Aurreko araudian lege berrien aurreikuspena sartzea eta indarrean daudenak indartzea. Jarraian zerrendatzen dira:
1) Datu Pertsonalen Babesari dagokionez, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eraginkortasunez betetze aldera, datu pertsonalen sarbidea, zuzenketa, ezeztapen eta aukeratze eskubideei erreparatuko zaie.
2) Argazki kamaren eta/edo bideoen erabilera arautzea, pertsonen intimitatea urra baitezakete eta aurreko araudiak ez baitzuen aurreikusten; izan ere, teknologia horren erabilera orain dela urte gutxi orokortu da. Nabarmendu behar dugu gai hori arautzeko kontuan hartuko dela Datuak Babesteko Euskal Agentziak 2013ko ekainaren 21eko diktamenean adierazitakoa, zeina Donostiako Kiroletako Udal Patronatuak lehendik helarazi zion idatziaren ondoren eman baitzen.
3) Publizitateari dagokionez, kirol instalazio eta zentro guztietan 20 gradutik gorako edari alkoholdunak debekatzea aurreikusten da. Kirol eta kultur jarduerak adin txikikoei zuzentzen zaizkienean, debeku hori erabatekoa izango da. Tabakoaren publizitatea guztiz debekatuta egongo da. Neurri berri horien bidez, arau hauek bermatu nahi dira: 1/2016 Legea, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen Arreta Integralari buruzkoa; 34/1988 Legea, azaroaren 11koa, Publizitateari buruzkoa; eta, 19/2007 Legea, uztailaren 11koa, Kirol ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkakoa.
4) Informazio publikoari buruzko alderdi guztiak arautzea; hau da, eskuratzea, eskuratzeko eskaerak ez onartzeko arrazoiak, tramitazioa, eskuratzeko erabakia eta formalizazioa; horrela, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeko Bideari eta Gobernu Onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa aurreikusten da.
5) Zigor erregimenari dagokionez, idazkera osoago eta xeheago bat egin nahi da.
Araudiaren titulu oso bat eskainiko zaio gai horri, eta hainbat berritasun gehituko dira, hala nola:
- Erabiltzaileen eskubideak kentzeari eta kirol instalazioetarako sarrera eta erabilera ukatzeari lotutako zigorren iraupena aldatzea.
- Zigorraren barruan hainbat maila ezarriko dira, egindako arau haustearen arabera.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Kasu honetan, legeak betetzeko eta gizarte eskaerei erantzuteko, araudia aldatzea eta eguneratzea da konponbiderik egokiena, beharrezkoena eta bideragarriena; izan ere, estelako neurriek kontraesanak ekarriko lituzkete indarrean den araudiarekin, eta horiek ekarritako konponbideak partzialak, eskasak eta desegokiak izango lirateke.

Dokumentuak