Zarata eta bibrazioen udal ordenantza berriaren proposamena

Udalbatzaren Araudi Organikoaren 110. eta 115. artikuluetan adierazten den bezala, Herritarrei galdetzeko deialdia egiten denetik Gobernu Batzarrak arau proiektua onartu arte, ezin igaro daitezke 6 hilabete baino gehiago, baliozkoa izango bada. Hori horrela izanik,Zarata eta bibrazioei buruzko Udal Ordenantza proposamenaren inguruko aurretiko kontsulta publikoa berriz ireki behar da.

Ingurumen zuzendaritza honek Zarata eta Bibrazioen Ordenantza berri bat sustatu nahi du, gaur egungoa egokitu eta eguneratzeko, arau autonomikoarekin eta horren inguruan herritarrengan atzemandako sentsibilitatearekin bat etor dadin.

39/2015 Legeko 133. artikuluak xedatutakoarekin bat, txosten hau egin dugu, gauzatu nahi dugun proiektua azaltzeko.

Ekarpen epe amaiera: 2020/10/12

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Zarata eta Bibrazioen gaineko Ordenantza berriarekin gizartean den sentsibilitate bati erantzun nahi diogu, honakoa defendatzen duen sentsibilitate bati: ikuspuntu akustikotik lasai egoteko, atseden hartzeko eta ongi izateko bidea ematen duen hiri-ingurumenaz gozatzeko eskubidea bermatu behar dela. Eta, horrez gain, gaur egungo ordenantza egokitu ere egin nahi dugu, 2000. urtean onartu zenetik zarata eta bibrazioen arloko arauetan izan diren aldaketekin bat etor dadin. Aldaketa horietako batzuk, Estatu mailakoak dira (Zarataren Legea eta hura garatzeko dekretuak) eta beste batzuk, Autonomia Erkidegoaren mailakoak (2012ko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua, Euskadiko Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoa)

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Ordenantza hau egokitu beharra izateko arrazoi nagusia 2000. urtetik gaur egun arte izan den goragoko lege aldaketa da.

Aldaketa hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/49/EE Zuzentaraua argitaratzearekin hasi zen, ingurumen-zarataren ebaluazioari buruzko zuzentaraua, 2002ko ekainaren 25ekoa. Gero, Estatuko legeriara pasatu zen hura, zaratari buruzko 2003ko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen, 2005eko abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (ingurumen-zarata ebaluatze eta kudeatze aldetik garatzen du dekretu hark lege hura) eta 2007ko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren bidez (zarata gune, kalitate helburu eta emisio akustiko aldetik garatzen du hark lege hura).

Hala ere, 2012ko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoa, argitaratu arte ez zen erabat osatu esparru hori; izan ere, dekretu horrek agindu baitzuen zaratarena arautzen duten buruzko udal ordenantzak arau horretara egokitu behar izatea. Donostiako ordenantzan, egokitze horrek bereziki eragiten die bizitegitarako hiri-lurzoruko jardueren betebeharrei, eta, era berean, gaur egun kontuan hartu ez diren alderdi tekniko eta juridiko-administratiboak sartzeko edo eguneratzeko ere balio du.

Arauaren helburuak

Ordenantzak honako helburuak ditu: ingurumena zaratatik eta bibrazioetatik babesteko eta haren kalitatea hobetzeko behar diren mugak eta zehaztapen teknikoak ezartzea ‒zarata eta bibrazio horiek kanpoan sortuak izan nahiz barruan sortuak izan‒, eta jarduerek behar duten isolatze akustikoen ezaugarri espezifikoak arautzea, jarduera horietatik eta haien makinen eta instalazioen funtzionamendutik eratorritako soinu transmitituaren isolamendua ere kontuan hartuta

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Udalerrian den kutsadura akustikoak hainbat jatorri du, oso iturri desberdinetatik dator. Horregatik, kutsadura akustikoa murriztu nahi denean, ekintzek ere desberdinak izan behar dute, eta espezifikoak egoera bakoitzerako. 2000. urteaz geroztik indarrean dagoen Zarataren Ordenantza tresna egokia izan da, hasieratik bertatik eta garatuz joan den urteetan, zarata kontrolatzeko eta haren kontrako beharrezko neurriak aplikatzeko. Hori dela eta, oraingo arauetara egokitzea eta moldatzea kutsadura akustikoa prebenitu eta murrizteko modurik eraginkorrena dela jotzen dugu.

Hori dela eta, salbuespen batzuk ere sartu ditugu ordenantzan aplikazio eremuaren; esate baterako, bizilagunen arteko harremanak, kontzentrazio eta desordena publikoak, kirol edo jolas jarduerek kalean berez sortzen dituzten zaratak, tokiko eskumenekoak ez diren azpiegiturak eta kaleak garbitu nahiz hondakinak biltzeko udal zerbitzuak.

Ordenantzatik kanpo geratu da etxebizitzen arteko eragozpenak arautzea, zenbait arazo zehatz izan ezik.

Ordutegia erregulatzea eta baimena ematea baldintza jakin batzuetan eremu publikoan obrak egiteko muga-balioak ez betetzeko. Sartuta dago muga akustiko bat jartzea aldi baterako lan horiek egiteko, eta baita makinak kanpo librean erabiltzekoan aplikatu behar den araudiaren arabera bete behar dituzten eskakizunak ere.

Kanpo libreko ekitaldietarako baimena eta baldintzak ere araututa daude, jarduera puntual horiek bete beharreko muga akustikoak zehaztuta hiriarentzat duten interes mailaren arabera. Galarazi egin da eraikinetako barruko patioetan makinak jartzea, igogailuak izan ezik. Galarazi egin da, orobat, ibilgailuen barruko zarata kanpora ateratzen duten tresna akustikoak erabiltzea ere.

Ibilgailuen zaratari buruzko araudia eta ziklomotor eta motozikleten saiakuntzetako erreferentziazko balioak eguneratu egin ditugu.

Jarduera sailkatuetarako eta mugakideetara soinua transmititzeko ordenantzaren xedapenak aplikatzeko ordutegia ere jarri dugu. Musika-ekipoa Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenari buruzko 3/98 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera definitu dugu.

Jarduerei aplikatu behar zaizkien parametroen eskakizunak berriz begiratu ditugu; esate baterako, aireko zaratarekiko isolamendu akustikoaren maila, talka-zaratarekiko isolamendua, fatxaden isolamendua eta aplikatu beharreko jarduera motak.

Debeku da terrazetan musika erreproduzitzeko aparatuak jartzea.

Jarduera lizentzien memorietan akustikaren gainean sartu behar den edukia ere zehaztu dugu.

Arau-hausteak eta zehapenak, haien graduazioa eta abar ere aldatu eta eguneratu egin ditugu.

Eranskin guztiak aldatu eta haien edukiak araudi orokorrera eguneratu ditugu.

Dokumentuak