Saneamendu-sarera egiten diren isurketak arautzeko Ordenantza-Proiektu berri bat onartzearen sustapena

Aspaldi ez duela, Udalak onartu du Ur Hornidura eta Saneamenduari buruzko Araudiaren aldaketa, Donostiako Udalak ematen dituen ur eta saneamendu zerbitzuak eguneratzeko, erabiltzaileei begira, indarrean dauden arauak betetzearren eta herritarrentzako oinarrizko zerbitzu horien kudeaketa jasangarriagoa eta egokiagoa izatearren. Aldaketa horretan, ez dira kontuan hartu saneamendu-sarera egiten diren isurketak, arau espezifikoak behar dituen kontu berria delako.
39/2015 Legeko 133. artikuluan ezarritakoa betez, gauzatu nahi dugun proiektuaren azalpen-txosten hau idatzi dugu

Ekarpen epe amaiera: 2018/08/02

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Gaur egun, ez dago zehaztasunez araututa zer isurketa egin daitezkeen Udalaren saneamendu-sareetara.
Denborarekin, egoera jasanezin bilakatzen ari da eta, hortaz, lehenbailehen arautu beharra dago. Araurik izan ezean, baliteke egoera jakin batzuetan ezer egin ahal ez izatea edo, bestela, zerbait egitea, baina behar ez bezala, arauek emandako babes egokirik gabe.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Lehen esan bezala, Udalak erabiltzaileei ematen dien zerbitzuaren alderdi hau ez dago behar bezala arautua.
Erreferentzia bat emateagatik, 2017an, Eusko Jaurlaritzako Uraren Euskal Agentziak Donostiako aglomeraziora isurketak egiteko baimena formalizatu zuen, saneamendu-sareetako ibilgu naturaletara isurketak egiteko guneak eta baldintzak arautu zituela. Udalak izan beharko luke baldintza horiek zerbitzuaren erabiltzaileei betearazteko modua.

Arauaren helburuak

Hona egin nahi dugun ordenantzaren helburuak:
- Ezartzea zer baldintzatan egin daitezkeen isurketak saneamendu-sarera.
- Saneamendu-sarera isurketak egiteko baimenak arautzea.
- Isurketen arloko ikuskaritza prozedura eta protokoloak finkatzea.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Saneamendu-sarera isurketak egitea nahitaez arautu beharreko gaia dela jotzen da, erasan handia dutelako erabiltzaileen osasunean eta ingurune naturalean.
Hala, bada, ordenantza berri bat egitea goian aipatutako arazoei eman dakiekeen irtenbiderik egokiena eta beharrezkoena da; are gehiago, kontuan izaten badugu bestelako neurriek irtenbide partzialak eta ez gogobetegarriak ekarriko lituzketela.