Donostiako hondartzen erabilera eta aprobetxamenduari buruzko Udal Ordenantzaren aldaketa sustatzeko proposamena
Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzaren asmoa da Donostiako hondartzen erabilera eta aprobetxamenduari buruzko Udal Ordenantzaren aldaketa sustatzea, dagoen ordenantza egokitzeko eta eguneratzeko, hain zuzen ere arau autonomikora eta horri buruz hautemandako gizarte-sentsibilitateetara egokitzeko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatutakoa betez, aurretiazko kontsulta publikoko aldi bat jarri da abian, Donostiako hondartzen erabilerari eta aprobetxamenduari buruzko udal-ordenantzaren etorkizuneko aldaketak eragin diezaiekeen herritarren eta erakunde adierazgarrienen iritzia jasotzeko.Ekarpen epe amaiera: 2025/11/07
Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren
Donostiako hondartzen erabilerari eta aprobetxamenduari buruzko udal-ordenantza berriaren bidez, erantzuna eman nahi zaio gizarteak duen sentsibilitateari, hondartzetan airea tabako-kutsadurarik gabe arnasteko eta hondarra eta itsasoa zigarrokinekin ez kutsatzeko beharrari dagokionez.Era berean, txakurrak Donostiako hondartzetara urte osoan sartzeari buruzko erregulazio bat lortu nahi da etorkizunean; izan ere, indarrean dagoen arauak denbora-mugak ezartzen ditu txakurrak hondartzetara sartzearen inguruan; era berean, ez dago gai hori modu integralean arautuko duen arau-esparru egonkorrik ere. Horrek guztiak agerian uzten du xedapenak ezarri behar direla, hain zuzen ere espazio horien jolas-erabilera bermatzeko, aldi berean animalien ongizatearen babestuz eta herritarren arteko bizikidetza ere bermatuz.
Eta hondartzetako erabiltzaileek zarataren inguruan egindako kexak ere kontuan hartuz, betiere xede gisa ezarriz hondartzetako erabiltzaileen gozamen kolektiboaren kalitatea bermatu behar dela, beharrezkotzat jotzen dugu erabilitako soinu-erreprodukziorako gailuen erabilera arautzea. Hondartzarako sarbideetan dauden informazio-paneletan gomendatzen da horrelako gailurik ez erabiltzea edo horiek bolumen apalean erabiltzea; baina kontuan hartuta soinu-erreprodukziorako gailuak eta telefono mugikorrak gero eta gehiago erabiltzen direla, egokia iruditzen zaigu beste urrats bat ematea, era horretan, hondartzetako ingurumen eta akustika-kalitatea hobetzeko.
Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna
• Hondartzetan erretzeko debekua:Zigarro-kea oso gogaikarria da ingurune irekietan, hala nola hondartzetan, inguruneaz gozatu nahi baita. Gainera, Estatuan lantzen ari den Tabako Legearen erreformak kerik gabeko espazioak zabalduko ditu ziurrenik tabernetara, jatetxeetara, eskola-patioetara, unibertsitate-campusetara, aire zabaleko instalazioetara, garraio publikoko markesinetara, lan-ibilgailuetara eta abarretara, eta komenigarritzat jotzen da debeku hori Donostiako hondartzetan ere aplikatzea.
7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoak, 18. artikuluan aukera ematen die udalerriei hondartzetan erretzeko mugak arautu eta debeku horiek udal-ordenantzen bidez zehatzeko, aipatutako legearen arau-hausteen eta zehapenen araubidearen arabera.
Era berean, artikulu horretan xedatzen da beharrezkoa dela itsas ingurunean gero eta zabor solte gutxiago sortzea, itsas kutsadura mota oro prebenitzean eta nabarmen murriztean datzan Nazio Batuen garapen jasangarrirako helbururako komeni den heinean. 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera, helburu horrekin, araua indarrean jartzen denetik aurrera, udalek puxikak nahita askatzeko eta hondartzetan erretzeko mugak arautu ahal izango dituzte. Halakoak udal-ordenantzetan zehatu ahal izango dira, lege honetako arau-hausteen eta zehapenen araubidearen arabera.
Horregatik, hondartzen erabilerari eta aprobetxamenduari buruzko ordenantza aldatzea proposatzen da, itsas ingurunean sakabanatutako zabor fokua eta horrek sortzen dituen eragozpenak Donostiako hondartzetatik desager daitezen.
• Txakurrak hondartzetan sartzea:
Euskal Autonomia Erkidegoko etxeko animaliak babesteari buruzko ekainaren 30eko 9/2022 Legean (2022ko abuztuaren 17ko EHAA, 157. zk.), eta, bereziki, 4. artikuluan (animalien titular edo arduradunen betebeharrak), 11. artikuluan (animaliak espazio publikoan) eta azken xedapenetako bigarrenean (udal-ordenantzak egokitzapena) xedatutakoaren arabera, udal-araudia egokitzea proposatzen da, etxeko animaliekin espazio publikoak partekatzeko gero eta sentsibilitate handiagoari erantzun bat emateko, erabiltzaileen arteko gatazkak prebenitzeko arau argi eta adostuen bidez, eta txakurren jabeei zein gainerako herritarrei segurtasun juridikoa emateko.
• Soinua erreproduzitzeko gailuak:
Zarata eta bibrazioek sortutako kutsadura akustikoari aurre egiteko Udalaren jokabidea arautzen duen ordenantzak (0010-17ko GAO, 197. zk.), eta haren azken bertsioak (2022-05-12ko GAO, 89. zk.) honako hau xedatzen du:
– “Bide publikoan ezingo da musika-ekipo edo instrumenturik erabili, edo zarata edota bibrazioak sortzen dituen beste edozein jarduera burutu, berariaz baimentzen ez bada”.
Arauaren helburuak
Ordenantzaren helburuak honako hauek dira: Donostiako hondartzetan erretzeko debekua ezartzea, urte osoan txakurrak hondartzetara sartzeko aukera ematea erabilera-baldintza espezifikoetan, errespetuzko bizikidetza bermatzea higieneari, kontrolari eta segurtasunari buruzko alderdiak arautuz, eta espazio publikoa zaintzeko orduan, herritarrek arduraz eta erantzunkidetasunez jokatzea sustatzea.Era berean, eta herritarren erantzunkidetasun horren beraren mesedetan, soinua erreproduzitzeko gailuen erabilera arautuko du.
Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen
Hondartzan tabako-kearen eta zigarrokinen arazoa saihesteko ahalegina egin da, erabiltzaileak sentsibilizatuz, eta nolabaiteko hobekuntza egon bada ere, oraindik ere badaude Donostiako hondartzetan erretzen duten erabiltzaileak, eta horietako batzuek ez dituzte zigarrokinak behar bezala kudeatzen. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da ordenantza egungo araudira egokitzea, hondartzetan erretzea erabat debekatuta gera dadin.Arauak muga partzial batzuei usteko aukera jasotzen du, txakurrak eremu edo ordutegi jakin batzuetan bakarrik sartu ahal izateko hondartzetan. Neurri horren osagarri gisa, sentsibilizazio-kanpainak eta kontrol zibikokoak indartu beharko dira, eta herritarren elkarteekin eta animaliak babesteko erakundeekin lankidetzan kudeatzeko formulak aztertu beharko dira.
Zarata eta bibrazioek sortutako kutsadura akustikoari aurre egiteko Udalaren jokabidea arautzen duen ordenantzak (0010-17ko GAO, 197. zk.) eta haren azken bertsioak (2022-05-12ko GAO, 89. zk.) honako hau xedatzen dute: “Oro har, bide publikoan debekaturik dago edozein jarduera, soinudun ekitaldi edo megafonia erabiltzea aurretiko baimenik izan gabe edo bertan ezartzen diren baldintzak urratuz”.Hala ere, gailu horien bilakaera teknikoa kontuan hartuta, entzungailu indibidualei soilik konektatutako gailuak erabiltzeko aukera egongo litzateke, eta horiek ez lituzkete handituko hiriaren berezko soinu-mailak.

21ºC