Udalaren Abegi Etxera sartzeko, eta hango zerbitzuak emateko baldintzak erregulatzeko Erregelamendu berriaren proiektua

Gizarte Ekintza Zuzendaritzak udal araudi berri bat onartzea sustatu nahi du, Udalaren Abegi Etxera sartzeko, eta hango zerbitzuak emateko baldintzak erregulatzeko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 133. artikuluan ezarritakoa betetze aldera, Zuzendaritzak egin eta izapidetu nahi duen proiektuaren azalpen-memoria hau idatzi du.


Ekarpen epe amaiera: 2021/03/24

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

1.1. Indarrean den araudira egokitzea.
Udaleko Abegi Etxeak duen araudia 2004koa da, hau da, 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, eta 185/2015 Dekretua, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoa (aurrerantzean, Zorroari buruzko Dekretua) baino lehenagokoa.

Arau berri horietara egokitzeak dakarren berrikuntzarik nabarmena da, orain ematen den harrera-zerbitzuarekin, erabiltzailea egunean 24 orduz egoten dela egoitzan eta, hemendik aurrera, bi zerbitzu desberdin izango direla: bat egunekoa eta bestea, gauekoa (Zorroari buruzko Dekretuko 1,7. eta 1.8 fitxak).

Zigor-araubideari dagokionez, egungo araudia jokabide konkretuetan zentratzen da (edatea, irain egitea, lapurtzea...), jokabide horien inguruabarrak kontuan hartu gabe. Hortaz, ez dator bat Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearekin, honek beharrezkotzat jotzen baitu hainbat alderdi kontuan hartzea, hala nola egindako benetako kaltea eta intentzionalitatea. Gainera, baloratu behar da ea zigorra jartzeak babesgabetasun-egoeraren bat ekar dezakeen berekin.

1.2. Efizientzia

Gaur egun, pertsona batzuek gaua ematen dute Abegi Etxean, baina ez dute eguna bertan igarotzen. Horrek esan nahi du zentroak eskaintzen dituen zerbitzuak behar baino gutxiago erabiltzen direla. Bi zerbitzu bereiziz gero, berriz, (egunekoa eta gauekoa), zerbitzua 24 orduz ematen jarraitu ahal izango da beharrezkoa denean (adibidez, gaixondoetan), eta, horretaz gain, eguneko zerbitzuak, hala nola jantokia eta komuna, erabili ahal izango dituzte gaua bertan ematen ez dutenek.

1.3.- Arazo berriei ekitea

Iragaitzazko Familien Harrera Zerbitzua Abegi Etxeak ematen dituen zerbitzuetako bat izango da aurrerantzean, Erantsitako Eraikinean. Praktikan, funtzio hori lehendik ere betetzen zen, baina ez dago organikoki integratuta. Hori dela eta, zehaztugabe dago familia horiek zer zerbitzu jaso ditzaketen, eta Abegi Etxeko langileek zer ardura dituzten haiekiko.

1.4. Baztertuta dauden pertsonekin esku hartzeko paradigma berrietara egokitzea.

Neurri handi batean hemen aipatutako alderdiak jada aplikatzen dira, baina aldatu nahi dira, araudiak behar den segurtasun juridikoa ez duelako eskaintzen (adibidez, egoera batzuetan alkohola kontsumitzen uztea edo adingabeei sartzen uztea, betiere pertsona heldu baten laguntza badute).

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Esan bezala, beharrezkoa da zerbitzua arautzea, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta testuinguru normatibo argi eta segurua eskaintzeko Abegi Etxeari lotutako langileen jarduera profesionalari.
Donostiako Udalak zerbitzua arautzeko “erregelamendu-ahalmena” du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 4. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta 12/2008 Legeko 42.1 artikuluak eta 185/2015 Dekretuko 14. artikuluak Udalaren eskumeneko gizarte-zerbitzuak antolatzeko ematen dioten erregelamendu-ahalmenaren arabera.

Arauaren helburuak

Arauaren helburu nagusia da Abegi Etxean ematen diren zerbitzuak (egunekoa, gauekoa eta familiei ostatu ematekoa) eta horien helburuak definitzea, bai eta funtsezko alderdi batzuk arautzea ere, hala nola oinarrizko zerbitzuak eta zerbitzu osagarriak, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, zerbitzua eskuratzeko baldintzak eta prozedura eta zerbitzua etetea eta iraungitzea.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Eguneko eta gaueko zerbitzuak eta familiei ostatu ematekoak Udalaren zerbitzu publikoak dira, eta horiek arautzea ezinbestekoa da behar bezala emateko. Hau da, beharrezkoa da dokumentu bat idaztea erabiltzaileen eta Udalaren arteko harreman juridikoa antolatzeko. Kasu honetan, zaharkituta geratu den araudi bat dagoenez, beste bat onartzea da irtenbiderik egokiena aurkitu diren beharrak eta arazoak konpontzeko.

Dokumentuak