Udalaren Abegi Etxearen zerbitzuak arautuko dituen udal araudi berri baten proposamena

Gizarte Ekintza Zuzendaritzak udal araudi berri bat onartzea sustatu nahi du, Udalaren Abegi Etxearen zerbitzuak arautzeko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 133. artikuluan ezarritakoa betetze aldera, Zuzendaritzak egin eta izapidetu nahi duen proiektuaren azalpen-memoria hau idatzi du.

Ekarpen epe amaiera: 2021/10/11

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

1.1. Indarrean den araudira egokitzea.
Udaleko Abegi Etxeak duen araudia 2004koa da, hau da, 2008ko abenduaren
5eko 12/2008 Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, eta 185/2015 Dekretua,
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari
buruzkoa (aurrerantzean, Zorroari buruzko Dekretua) baino lehenagokoa.
Arau berri horietara egokitzeak dakarren berrikuntzarik nabarmena da, orain
ematen den harrera-zerbitzuarekin, erabiltzailea egunean 24 orduz egoten dela
egoitzan eta, hemendik aurrera, bi zerbitzu desberdin izango direla: bat
egunekoa eta bestea, gauekoa (Zorroari buruzko Dekretuko 1,7. eta 1.8 fitxak).
Zigor-araubideari dagokionez, egungo araudia jokabide konkretuetan zentratzen
da (edatea, irain egitea, lapurtzea...), jokabide horien inguruabarrak kontuan
hartu gabe. Hortaz, ez dator bat Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearekin, honek
beharrezkotzat jotzen baitu hainbat alderdi kontuan hartzea, hala nola egindako
benetako kaltea eta intentzionalitatea. Gainera, baloratu behar da ea zigorra
jartzeak babesgabetasun-egoeraren bat ekar dezakeen berekin.
1.2. Efizientzia
Gaur egun, pertsona batzuek gaua ematen dute Abegi Etxean, baina ez dute
eguna bertan igarotzen. Horrek esan nahi du zentroak eskaintzen dituen
zerbitzuak behar baino gutxiago erabiltzen direla. Bi zerbitzu bereiziz gero,
berriz, (egunekoa eta gauekoa), zerbitzua 24 orduz ematen jarraitu ahal izango
da beharrezkoa denean (adibidez, gaixondoetan), eta, horretaz gain, eguneko
zerbitzuak, hala nola jantokia eta komuna, erabili ahal izango dituzte gaua bertan ematen ez dutenek.
1.3. Arazo berriei ekitea
Familien Harrera Zerbitzua Abegi Etxeak ematen dituen zerbitzuetako bat izango
da aurrerantzean, Erantsitako Eraikinean. Praktikan, funtzio hori lehendik ere
betetzen zen, baina ez dago organikoki integratuta. Hori dela eta, zehaztugabe
dago familia horiek zer zerbitzu jaso ditzaketen, eta Abegi Etxeko langileek zer
ardura dituzten haiekiko.
1.4. Baztertuta dauden pertsonekin esku hartzeko paradigma berrietara
egokitzea.
Neurri handi batean hemen aipatutako alderdiak jada aplikatzen dira, baina
aldatu nahi dira, araudiak behar den segurtasun juridikoa ez duelako eskaintzen
(adibidez, egoera batzuetan alkohola kontsumitzen uztea edo adingabeei
sartzen uztea, betiere pertsona heldu baten laguntza badute).

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Esan bezala, beharrezkoa da zerbitzua arautzea, indarrean dagoen araudira
egokitzeko eta testuinguru normatibo argi eta segurua eskaintzeko Abegi Etxeari
lotutako langileen jarduera profesionalari.
Donostiako Udalak zerbitzua arautzeko “erregelamendu-ahalmena” du, Toki
Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko
4. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta 12/2008 Legeko 42.1 artikuluak eta
185/2015 Dekretuko 14. artikuluak Udalaren eskumeneko gizarte-zerbitzuak
antolatzeko ematen dioten erregelamendu-ahalmenaren arabera.

Arauaren helburuak

Arauaren helburu nagusia da Abegi Etxean ematen diren zerbitzuak (egunekoa,
gauekoa eta familiei ostatu ematekoa) eta horien helburuak definitzea, bai eta
funtsezko alderdi batzuk arautzea ere, hala nola oinarrizko zerbitzuak eta
zerbitzu osagarriak, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, zerbitzua
eskuratzeko baldintzak eta prozedura eta zerbitzua etetea eta iraungitzea.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Eguneko eta gaueko zerbitzuak eta familiei ostatu ematekoak Udalaren zerbitzu
publikoak dira, eta horiek arautzea ezinbestekoa da behar bezala emateko. Hau
da, beharrezkoa da dokumentu bat idaztea erabiltzaileen eta Udalaren arteko
harreman juridikoa antolatzeko. Kasu honetan, zaharkituta geratu den araudi bat
dagoenez, beste bat onartzea da irtenbiderik egokiena aurkitu diren beharrak
eta arazoak konpontzeko.

Dokumentuak