Airearen kalitatea hobetzeko, klima-aldaketa arintzeko eta Donostiako Isuri Gutxiko Eremuak arautzeko udal ordenantza egiteko proposamena

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen gaineko 39/2015 Legearen 133. artikuluan aurreikusitakoa aintzakotzat hartu eta herritarrek arauak egiteko prozeduran parte-hartzea hobetzeko asmoz, KONTSULTA PUBLIKOA egin behar dugu ordenantza proiektua egin baino lehen.

Ekarpen epe amaiera: 2024/03/08

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Europako Parlamentuak 2019ko azaroaren 28an klima eta ingurumen larrialdiaz egindako adierazpenak «klima eta ingurumen larrialdi egoera» deklaratu zuen; eta Batzordeari, estatu kideei eta munduko eragile guztiei eskatu zien «lehenbailehen hartzeko mehatxu horri aurre egiteko eta, beranduegi izan baino lehen, atzera eginarazteko hartu beharreko neurri zehatzak, eta Parlmentuak berak ere bazuela konpromiso hori» adierazi zuen.

Azpimarra dezagun udal-administrazioak baduela airearen kalitate ona (indarrean den legerian jarritako parametroen arabera) berreskuratzeko eta zaintzeko betebeharra eta ahalmena, bai eta biztanleria osoaren osasuna zaintzeko ere.

Airearen kalitateari kasu egiteko eta hobetzeko erantzunkizuna, ordea, ez da Udalarena bakarrik, Udalarena eta herritar guztiena baizik.
Bestalde, Udalaren eginbeharra da atmosfera-ingurunea zaindu eta babestea, eta gizarteari hura kontserbatzeko eta babesteko betebeharra betearaztea eta kutsadura-mota guztiak murrizteko edo ezabatzeko jardueretan laguntzea ere.

Horiek horrela, egin behar dugun ordenantzaren bidez, atmosferaren kutsaduraren aurkako neurriak erregulatzeko izan behar den arau babesa jarri nahi dugu; gehien kutsatzen duten ibilgailuak Isuri Gutxiko Eremura (IGE) sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea murrizteko izan behar den arau babesa, alegia.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Klima Larrialdiaen Adierazpenak (17. lehentasun-lerroa), 2021-2030 Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuak (3.2. apartatua - 2.1 neurria) eta Kutsadura Atmosferikoa Kontrolatzeko Programa Nazionalak (T.1.2 neurria), bai eta Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legeak ere (14.3.a artikulua), jartzen dute 50.000 biztanletik gorako Espainiako udalerriek hiri-mugikortasun jasangarriko planak egin beharko dituztela 2023. urtea baino lehen, mugikortasunaren ondorioz sortzen diren emisioak murrizteko moduko planak, eta, besteak beste, isuri gutxiko eremuak jarri beharko dituztela.

Zehaztapen hori betez, Udal honetako Tokiko Gobernu Batzarrak, 2023ko abenduaren 26an egindako bilkuran, hasierako onarpena eman zion "Donostiako Hiriko Mugikortasun Jasangarriaren 2024-2029 Plana"ri, eta plan horretan diren neurri askoren artean da Isugu Gutxiko Eremu bat (DONOSTIA ERDIALDEA) ezarri eta mugatzea jasotzen duena.

Hasiera batean proposatutako lurralde-eremuaren aukeraketa behar bezala arrazoituta eta justifikatuta dago Udal honetako Tokiko Gobernu Batzarrak 2023ko abenduaren 26an egindako bileran hasierako onarpena emandako "Isuri Gutxiko Eramuaren Proiektuan".

Isuri Gutxiko Eremu horretan, mugikortasun-eredu jasangarriago bat ezartzeko funtsezko tresna ibilgailuak sailkatzea da (kutsatzeko ahalmena kontuan hartuta, 1998ko abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren II. eranskineko E atalean xedatutakoaren arabera), ibilgailu kutsakorrenei muga batzuk jartzea eremu horretara ez sartzeko eta, hartara, isurpen txikiko mugikortasun-eredua izateko modua jartzea.

Arauaren helburuak

Hiri honetako Isuri Gutxiko Eremua (IGE) arautzeko ordenantzaren helburu nagusia da IGEa abian jartzeko behar izan den arau-euskarria ematea, bai eta haren funtzionamendua arautzea ere.

IGEa jarrita, gutxienez helburu hauek lortu nahi ditugu:

- Ibilgailu trafikoaren bidez atmosferara botatzen duguna murriztea.

- Airearen kalitatea eta herritarren osasuna hobetzea, atmosferara gai kutsagarri gutxiago botata, eta ibilgailuek sortutako zarata maila ere jaistea.

- Klima-aldaketa arintzen laguntzea.

- Garraio modua garraio modu jasangarriagoetarantz aldatzen laguntzea.

- Mugikortasun aktiboa eta gune publikoa berreskuratzea sustatzea.

- Garraiobideen deskarbonizazioa eta eraginkortasun energetikoa bultzatzea.


Helburu horien artean, beste hau ere nabarmendu behar dugu: gehien kutsatzen duten ibilgailuak kendu eta, pixkanaka-pixkanaka, atmosfera gutxiago edo batere kutsatzen ez duten ibilgailuak jartzea haien lekuan; kontuan izan behar baitugu Isuri Gutxiko Eremuan ibilgailu pribatua nabarmen murriztuko dela, zeren gune publikoa oinezkoarentzat berreskuratu eta garraio modu jasangarriagoak sustatuko baitira eta zirkulatzeko eta aparkatzeko murrizketak izango baitira eremu horretan.


Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Isuri Gutxiko Eremua jartzeko modua izango bada, ordenantza hau egin behar da; betiere, udalerriei hiri-ingurumenaren eta trafikoaren, ibilgailuen aparkalekuaren eta mugikortasunaren arloan lege-xedapen hauek esleitzen dizkien eskumenak baliatuta: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikulua, 2015eko urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 7. artikulua (airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko 2007ko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 16.4 artikuluaren bigarren paragrafoan jarritakoaz) eta Ekonomia Iraunkorrari buruzko 2001eko martxoaren 4ko 2/2001 Legearen 100. artikulua.
Isuri Gutxiko Eremua jartzea betebeharra da, Donostiako Udalari Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legearen 14. artikuluaren arabera ezarritakoa, 50.000 biztanletik gorako udalerria delako Donostia.

Hala ere, kontuan izan behar dugu Donostiako Udala urte askoan egiten ari den
jarduera multzo baten barruan sartu behar dela IGE hau ere, hor baitira, besteak beste:
- Hiri Mugikortasun Jasangarriaren 2008-2024 Plana, 2008an onartua.
- Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, 2010ean onartua.
- Klima 2050 Ekintza Plana, 2018an onartua.
- Soinu Ingurunea Hobetzeko Ekintza Plana, 2019an onartua.
- Tokiko Osasun Plana 2022-2025, 2022an onartua.



Dokumentuak