Adineko pertsona zaurgarrientzako eguneko arreta zerbitzurako sarbidearen, zerbitzua ematearen eta kofinantzaketaren gaineko baldintzak arautzen dituen Erregelamendu berriaren proiektua

Gizarte Ekintzaren Zuzendaritzak adineko pertsona zaurgarrientzako eguneko arreta zerbitzurako sarbidearen, zerbitzua ematearen eta Kofinantzaketaren gaineko baldintzak arautzen dituen Udal Erregelamendu berria onartzea sustatu nahi du.

Hori dela eta, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 133. artikuluan ezartzen duena betetzeari begira, egin eta izapidetu nahi dugun proiektua azaltzeko memoria hau idatzi dugu.

Ekarpen epe amaiera: 2021/02/04

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko beste udalerri batzuetan, adineko pertsona zaurgarriei, ahulei eta 1. mailako mendekotasuna dutenei eguneko arreta emateko zerbitzuaren erregelamendua daukate. EUDELek, bere agendan du Gipuzkoa mailako batzorde teknikoa abian jartzea, lurralde osoan zerbitzu horretarako gutxieneko komunak arautuko dituen esparru-testu bat lantzeko, baina dokumentu horren betearazpena denboran luza daiteke, eta, beraz, arautu egin behar da.

Donostiako Udalak 2013 urtetik ari da zerbitzua eskaintzen, eta egun zerbitzua egonkortuta dago. Hala ere, orain arte baldintza-agirietan jaso dena arau independente batean arautu behar da, udalaren eta zerbitzuaren erabiltzaileen arteko harremana taxutzeko. Izan ere, pleguak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituzten kontratu dokumentuak dira.

Beraz, erregelamendu honen onarpenarekin zerbitzua arautu nahi da zerbitzua zeinek erabil dezakeen eta zein baldintzatan finkatzeko, eta horrela Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak ezartzen duena betetzeko. Izan ere, lege horrek Eguneko Arretako Zerbitzua sartzen du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan, lehen mailako arretako zerbitzu gisa (22.1.7 artikulua), eta ezartzen du udalen gizarte zerbitzuei dagokiela zerbitzu horiek eskaintzea eta betetzea.

Era berean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Karterari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuaren 1.7 fitxan, eguneko arretako zerbitzuari buruzkoan, honako hau jasotzen du: zerbitzu hau aldi batean edo modu iraunkorrean erabiltzeko da eta mendetasun arriskuan edo mendetasun egoeran dauden adinekoei (I. gradua, Mendekotasunaren Balorazio Baremoan 25etik 39ra bitarteko puntuazioa izanik) arreta ematen die.

Gainera, zerbitzu mota horiek eta horien bidez sortzen diren harremanek Donostia lagunkoia Hiri Planeko laugarren ardatzari ("zaintzen duen komunitatea") erantzuten diote. Ardatz horretan, ingurune lokalizatuak sortzeko konpromisoa hartzen da, bai eta hurbiltasuneko eta eguneroko bizitzako loturak, babesa eta zaintzak eraikitzeko konpromisoa ere, bakardadea edo babesgabetasun egoerak prebenitu eta arindu ahal izateko.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Esan bezala, zerbitzua arautu beharra dago Udalaren eta erabiltzaileen arteko harremana finkatzeko. SPKLren 312. artikuluak jasotzen duenaren arabera, "Izaera horretako zerbitzu bat kontratatu aurretik, haren araubide juridikoa ezarri beharko da". Donostiako Udalak zerbitzua arautzeko “erregelamenduak egiteko ahalmena" du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikuluan jasotakoaren arabera, eta baita udal eskumeneko gizarte zerbitzuak antolatzeko ahalmena ere, 12/2008 Legearen 42.1 artikuluak eta 185/2015 Dekretuaren 14. artikuluak xedatutakoaren arabera.

Arauaren helburuak

Arauaren helburu nagusiak dira zerbitzua eta haren helburuak definitzea, eta funtsezko alderdiak arautzea: hala nola, oinarrizko prestazioak eta osagarriak, zerbitzutik kanpo utzitakoak, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, zerbitzua eskuratzeko baldintzak eta prozedura, zerbitzua etetea eta azkentzea, eta haren araubide ekonomikoa.


Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Adineko pertsona zaurgarriei, ahulei eta 1. mailako mendekotasuna dutenei eguneko arretako zerbitzua ematea Udalaren zerbitzu publiko bat da, eta arautzea ezinbestekoa da, zerbitzua behar bezala emateko. Hau da, ezinbestekoa da erabiltzaileen eta Udalaren arteko harreman juridikoa antolatzen duen dokumentu bat lantzea. Kasu honetan, erregelamendu berri bat onartzea irtenbide egokiena da, antzemandako arazoak eta beharrak konpontzeko, are gehiago kontuan hartzen badugu beste era bateko neurriek indarrean dagoen araudiarekiko kontraesanak sortuko lituzketela eta horiek proposatutako irtenbideak partzialak izango liratekeela, eta ez behar bezain egokiak.

Dokumentuak