"Ondarearen Aholku Batzordea” sortzeko proiektua, tokiko hirigintza-ondarearen arloko organo aholku-emaile gisa.

Indarrean dagoen Donostiako Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren berrikuspena (PEPPUC, erdarazko siglen arabera) behin betiko onartu zuen Udalbatzak 2021/03/25ean. Planaren Ordenantza Orokorretako Laugarren Xedapen Gehigarriak Ondarearen Aholku Batzordea sortzea aurreikusten du, tokiko hirigintza-ondarearen arloko kontsulta-organo gisa. Batzorde horren osaera, antolaketa, funtzionamendua eta eginkizunak erregelamendu bidez ezarri eta arautu beharko dira.

Xedapen horretan esaten denez, Ondarearen Aholku Batzordeari dagozkio, besteak beste, hiriko Eraikitako Hiri Ondareari buruzko txostenak eta aholkuak emateko eginkizunak, bai eta honako hauetan parte hartzeko lanak ere: PEPPUCa berrikusteko edo aldatzeko espedienteetan, Katalogoan elementu edo multzoak sartzeko edo handik kentzeko espedienteetan, eta, hala behar denean, hiriko ondarearekin lotutako beste espediente batzuetan.

Ekarpen epe amaiera: 2021/07/05

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Donostiako Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren berrikuspenak edo aldaketak, 2014/02/27an lehen aldiz idatzi eta behin betiko onartu zenetik, administrazio honek egin ditu, ofizioz, Kultura Ondarearen arloan adituak diren arkitekto eta historialariz osatutako hainbat talde teknikori aginduta beharrezko txostenak egitea.
Talde tekniko horiei dagokie babestu beharreko eraikinak eta elementuak identifikatzeko irizpideak zehaztea, bai eta horiek babesteko araubidea aukeratzea eta zehaztea ere. Horretarako, Hirigintza Jasangarriko Saileko Eraikuntza eta DOUEBPK (PEPPUC) Ataleko arkitekto baten laguntza edo ikuskapena izaten dute

Talde tekniko horiei dagokie, halaber, izapidetutako hirigintzako espedientea jendaurrean dagoen bitartean aurkeztutako alegazioei erantzutea, horiek ebazteko proposamena egitearekin batera, Eraikuntza eta DOUEBPK (PEPPUC) Ataleko arkitektoaren txostenak osatuta.

Jakintza-alor anitzeko talde horien esperientzia egiaztatua izan arren, egia da, modu horretan, babestu beharreko elementu edo eraikinen balorazioaren emaitza bi edo hiru teknikariren erabakiaren pean gelditu daitekeela, nahiz eta erabaki hori behar bezala arrazoitua izan. Teknikari horiek, talde baten parte direnez, irizpide-lerro bera izan dezakete, eta, hala, murriztuta gelditu daiteke alorreko aditu gehiagok osatutako teknikari-multzo batek egin dezakeen balorazioa ezagutzeko aukera (espero izatekoa denez, teknikari horiek ikuspuntu teoriko desberdinak eta irizpide dibertsifikatuak izango lituzkete).
Hala, bada, aholku-organo bat sortzeko ekimen honek −Babesteko Plan Berezia idatzi duen taldea baino handiagoa izango da−, segurtasun handiagoa eskaini nahi du, irizpide-dibertsifikazio handiagoa kontzentratu/lortu, eta toki-mailan babestu beharreko elementuak edo eraikinak identifikatzeko eta hautatzeko prozeduran adostasun zabalago batera iritsi.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren Berrikuspenean, 2021/03/25ean behin betiko onartutakoan, ezarritako eskakizuna da Ondarearen Aholku Batzordea organo aholku-emailea eratzea eta arautzea.

PEPPUCen Ordenantza Orokorretako 9. artikuluak (“Hirigintza Ondare Eraikiaren Katalogoa eguneratzea”) honakoa dio 2. epigrafean: Katalogoan sartu edo katalogotik kanpo utzi beharreko elementu edo multzo unitarioaren ondare balorazioari buruzko txosten-azterlanaren berri eman beharko zaio Udaleko Ondarearen Aholku Kontseiluari. Txosten hori aginduzkoa da.
Bestalde, PEPPUCen Ordenantza Orokorretako Laugarren Xedapen Gehigarriak Ondarearen Aholku Batzordea sortzea arautzen du, hitzez hitz:


1. Tokiko hirigintza ondare eraikiaren arloan parte hartzeko diziplina anitzeko organo gisa sortu da Donostiako Udalaren Ondarearen Aholku Kontseilua.

2. Ondarearen Aholku Batzordeak, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:

a) Tokiko hirigintza ondare eraikiari buruzko aholkuak eta informazioa ematea Udalari HOEBPParen berrikuspen edo aldaketa puntualeko espedienteetan, bai eta katalogoan elementu edo multzoak sartzeko/baztertzeko espedienteetan ere. Horrez gain, atal eskudunak hala eskatuta, eskatu ahal izango da hark puntualki parte hartzea ere, ondarearen katalogoko elementuekin zerikusia duten beste espediente batzuetan.

b) Ondarearen Aholku Kontseiluaren osaera, antolaketa, funtzionamendua eta eginkizunak erregelamendu bidez ezarriko dira. Batzorde hori kualifikazio handiko pertsonek osatuko dute, hau da, ondare arkitektonikoaren arloan gaitzen dituen titulua eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute. Bestalde, diziplina anitzeko ordezkaritza bat ere izango da Kontseiluan. Ordezkaritza horretan, besteak beste, honako hauek hartu ahal izango dute parte: Arkitekturaren eta Historiaren arloko unibertsitate erakundeetako kideak, kide anitzeko organoak edo arkitekturako profesionalen kolektiboak eta hiriko ondarearekin zerikusia duten sozietate edo elkarteek.

Ildo horretatik, Ondarearen Aholku Batzorde horretako kideei eskatzen zaizkien Kultura Ondarearen arloko berariazko kualifikazio eta esperientzia handiak graduondoko titulazioen bidez egiaztatu ahal izango dira, hala nola berariazko doktoretzen bidez, edo Arkitektura nahiz Artearen Historia alorreko Unibertsitateko Katedren titulartasunaren bidez.

Arauaren helburuak

PEPPUCen Ordenantza Orokorren arabera lortu nahi den helburua Ondarearen Aholku Batzordea sortzea da, eta arestian adierazitako helburu eta eginkizunak esleitzea. Organo hori erregulatuko duen araua sortzean, haren osaeraren terminoak zehaztu eta konprometituko dira, bai eta izangaiak aukeratzeko eta batzordean sartzeko prozedura eta irizpideak, funtzionamendu-arauak, erabakiak edo akordioak hartzeko formulak, eskura dituen baliabideak eta abar ere.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Ondarearen Aholku Batzordearen funtzionamendua erregulatuko duen araudia sortzeko betebeharra jasota dago onartutako PEPPUCen (Donostiako Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia).

2 b.) “Ondarearen Aholku Kontseiluaren osaera, antolaketa, funtzionamendua eta eginkizunak erregelamendu bidez ezarriko dira...”

Dokumentuak