Hirian autokarabanek non aparkatu arautzeko zirkulazio-ordenantza aldatzeari buruzko arau-proposamena

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluarekin bat, herritarrek arauak egiteko prozeduran parte hartzeko duten era hobetzeko asmoz, kontsulta publiko bat egingo da goian aipatutako arau-proposamena egin aurretik.

Ekarpen epe amaiera: 2023/04/14

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Berio, Antigua, Ondarreta eta Mirakontxako bizilagunek eta Pasealeku Berritik pasieran ibiltzen diren donostiarrek urteak daramatzate hiri erdian «kanpatzen» diren pertsonek sortzen dituzten arazoez kexaka. Donostiarrok eta bisitariek ikusten dugu hiriko bazter guztietan ugaritzen direla autokarabanak udaberrian eta udan. Lo egin, kozinatu, jan, ur grisak hustu, arropa zabaldu, autoan lo egin eta kalean bizi dira.

Ibilgailu horiek Donostian aparkatzeko aparkalekuak sortu arte, tresna egokiz baliatuko gara, Donostiako zirkulazioko udal-ordenantzaren bidez, aparkalekuak arautzeko eta sor daitezkeen trafiko-arazoak eta hiriko edozein gunetan aparkatzeak ekar ditzakeen osasungarritasun-arazoak konpontzeko.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Gero eta gehiago dira autokarabanan eta antzeko ibilgailuetan batetik bestera dabiltzan turistak. Horregatik, komeni da udal-araudiak autokarabanen zirkulazioa eta, bereziki, aparkalekuak arautzea eta kontrol bat ezartzea udal-mugartean horretarako prestatutako geralekuetarako, bai eta halako ibilgailuek aparkatzerik ez duten gainerako eremuak zedarritzeko ere, autokarabanek eta antzeko ibilgailuek hiriko edozein gunetan aparka ez dezaten.

Arauaren helburuak

Arauaren helburu nagusia da Donostiako udalerrian autokarabanek eta antzeko ibilgailuek non aparka dezaketen arautzea.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Ez dago beste aukerarik; izan ere, autokarabanek eta antzeko ibilgailuek non aparkatu arautzeko, Ibilgailuen eta Oinezkoen Zirkulazioari buruzko Udal Ordenantza aldatu behar da.