Administrazio Elektronikoaren Udal Araudia aldatzeko proposamena

Hautaketa-prozesuetan parte hartzen duten pertsonek enplegatu publiko izateko bitarteko elektronikoak derrigorrez erabili behar izatearen aukerari buruzkoa.



Ekarpen epe amaiera: 2022/08/01

Ekimenarekin zer arazo konpondu nahi diren

Kontuan hartuta hautaketa-prozesuen azken deialdietan izangai asko aurkeztu direla eta aurki, enplegu publikoa egonkortzeko prozeduren ondorioz, deialdi ugari aterako direla, hautaketa-prozesuak azkartzeko neurriak hartu behar dira, betiere objektibotasunari kalterik egin gabe.
Modu horretara, tresna telematikoak eta oraingo teknologiaren garapena baliatuz, administrazio-prozedurak eraginkorragoak eta azkarragoak izatea lortuko da. Era berean, giza baliabideak hautatzeko antolaketa eta funtzionamendua malgutu nahi da, testuingurura egokitzeko eta prozesuak azkartzeko bitarteko gisa egungo eta etorkizuneko teknologiak aplikatuz.
Horrez gain, herritarrengandik hurbilago dagoen administrazio bat lortu nahi da, izangaiei erraztasun handiagoak emateko, izapideak egiteko tokitik mugitu beharrik izan ez dezaten; izan ere, gero eta gehiago dira euskal geografiako puntu batetik zein bestetik datozenak eta kanpotik datozenak.
Azkenik, kontuan hartuta laster hautaketa-prozesu ugari egingo direla, asmoa da herritarrei arreta emateko bulegoetan ilararik ez sortzea eta hala eskatzen duten herritarrei zerbitzu azkar eta kalitateko bat ematen jarraitzea.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna

Informazioaren eta komunikazioen teknologiak administrazio publikoen jarduteko modua eraldatzen ari dira, bereziki herritarrekiko harremanei dagokienez. Udal honek ahalegin handia egin du eraldaketa-prozesu hori eraginkortasunez jorratzeko tresna informatikoak ezartzen.
Ahalegin horrek eman du fruitua, izangai gehienek bide elektronikoa erabiltzen baitute hautaketa-prozesuetan; beraz, neurri honekin, jadanik ohikoa den jarduteko modu bat ezarriko da.
Herritarrek, bestalde, gero eta gehiago eskatzen eta erabiltzen dituzte ziurtagiri elektronikoak, hala nola B@kQ, administrazio publikoen zerbitzuak online kontsultatu eta izapidetzeko. Bide hori, izan ere, oso irisgarria eta erabilerraza da, eta ordenagailuetan nahiz mugikor eta tabletetan erabil daiteke, edozein sistema eragilerekin eta ezer instalatu beharrik izan gabe.
Kontuan hartu behar da, gainera, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak berak eginkizunak betetzeko gaitasun funtzionala ezartzen duela hautaketa-prozesuetan parte hartzeko betekizunen artean; horren arabera, enplegatu publikoek nahitaez eduki behar dituzte jardun profesionalerako behar diren trebetasunak, eta, horien artean, espedienteen izapidetze elektronikoa dago.
Horiek horrela, hautaketa-prozesuetan bitarteko elektronikoak erabiliz, izapideak azkarrago egingo dira, eta interesdunek irisgarritasun handiagoa izango dute, edozein toki eta ordutan egin ahal izango baitituzte gestioak, betiere deialdian ezarritako epearen barruan. Era berean, alferrikako administrazio-kargak saihestuz, eraginkortasun handiagoa lortu nahi da; izan ere, modu horretara, hautaketa-proben izapideak azkartuko dira, eta horrek, zalantzarik gabe, baliabide publikoak hobeto kudeatzea ekarriko du.

Laburbilduz, aldaketa honekin, bi behar nagusiri erantzun nahi zaie:

-Kultura-aldaketa sustatzea zero paperean eta bitarteko elektronikoen erabilera intentsiboan oinarritutako hautaketa-prozesuetarantz.

-Ahalik eta azkartasun handiena lortzea hautaketa-prozesuen garapenean, izangaientzako berme guztiak mantenduz eta berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipio konstituzionalak errespetatuz.

Arauaren helburuak

Donostiako Udalaren Administrazio Elektronikoaren Udal Araudia aldatzea, enplegatu publiko izateko hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi izanez gero bitarteko elektronikoak nahitaez erabili beharra izan dadin.
Derrigortasun hori hautaketa-prozesu bakoitzaren deialdiko oinarri orokorretan ezarri ahal izango da. Era berean, kolektibo jakin batzuei zuzendutako deialdien oinarrietan onar daitezke beste bide batzuk ere, betiere haien egoera ekonomiko, laboral, sozial edo bestelakoengatik edo gaitasun teknikoengatik, dedikazio profesionalagatik edo beste arrazoi batzuengatik beharrezko ekipo edo gailu informatiko edo teknologikorik ez badute edo bitarteko elektronikoak erabiltzeko zailtasunak izan baditzakete.

Araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen

Proposatutako helburuak lortzeko, egungo araudia aldatu behar da, berria egin bitartean.

Dokumentuak