Udal Ordenantza, Autobus Geltokiko Zerbitzuak ematen dituen ondarezko prestazio publiko ez-tributarioak arautzen dituena 2022

1. artikulua.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren 20.4 artikuluan xedatutakoarekin bat (2019rako zenbait tributu-neurri onartzen dituen otsailaren 11ko 3/2019 Foru Arauak dakarren idazketan), izaera ez tributarioko ondare prestazio publikotzat hartzen diren tarifak ere arautu eta exijitu egiten dira.


2. artikulua.- Xedea eta izaera

Xedea da tarifa edo hertsapenez jarritako kontraprestazio ekonomiko batzuk zehaztea, Donostiako autobus geltokiko araudiaren 3. artikuluaren arabera autobus geltokian nahitaez eman behar diren zerbitzuak emateagatik.


3. artikulua.- Ordaintzera behartuak

Geltokia erabiltzen duten garraio-operadoreek ordaindu behar dute.


4. artikulua.- Ordaintzeko betebeharra sortzea

Zerbitzua eskatu edo hura ematen hasten denean sortzen da ondare prestazioa.


5. artikulua.- Tarifak

Ordaindu beharreko tarifak ordenantza honen eranskinean zehaztutakoak izango dira.

Murriztezinak dira baldintza-agirian, baimenean eta erantsitako eranskinean adierazitako aldiei dagokienez.


6. artikulua.- Ordaintzeko modua

Hilean hileko zerbitzuen faktura bat egingo du geltokiak, eta zerbitzua eman eta 60 eguneko epean ordaindu beharko zaio hura geltokiaren emakidadunari.


Xedapen indargabetzailea

Ordenantza hau eta hemen araututako tarifak eta gainerako eskubide ekonomikoak indarrean jarritakoan, indargabetuta geratuko da Udal zerbitzuak jasotzeko eta udal jarduerak egiteko tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskala, autobus-geltokiaren zerbitzuari dagokionez.


Azken xedapena

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean ordenantza hau, eta indarrean izango da harik eta indargabetzea edo aldatzea erabaki arte.

Autobus Geltokiaren Zerbitzuagatik zergazkoak ez diren ondare-prestazio publikoak arautzen dituen Udal Ordenantza 2022ko apirilaren 28an egindako Udalbatzarrean onartu zen, eta 2022ko uztailaren 18ko 136. GAOn argitaratu zen.