HIRIGINTZAKO LIZENTZIAK EMATEARI DAGOZKION TASAK ARAUTZEKO ZERGA ORDENANTZA
1. art.- Foru araudia.
Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak bere III. atalburuko 3. atalean xedatutako arau orokorren arabera, Hirigintzako Lizentziak emateari dagozkion tasak arautzeko ordenantza arautu eta galdatu egiten da.
2. art.- Egitate zergagarria
1.- Tasaren zergapeko egitatea da zerbitzu tekniko eta administratibo hauek ematea: ea aldez aurreko lizentzia behar duten hirigintzako arauetara egokituta dauden udalerrian egiten diren eraikuntzarako eta lurzoru erabilerako obrak, eraikuntza berriko obrak, lehendik dauden eraikuntzen kanpo egitura edo itxura aldatzeko obrak, eraikinen lehen erabilerako obrak, eraiste obrak, etxebizitza nahiz lokalen egokitze eta eraberritze obra txikiak, lurren mugimenduak, partzelazioak eta banantzeak; eta ea aldez aurreko jakinarazpena behar duten obrak hirigintzako arauetara egokituta dauden.
2.- Ez dira zergapeko egitate izango eta, beraz, ez dira tasa honen eraginpean egongo isiltasun positiborako aurreikusitako legezko epea igaro ondoren emandako lizentziak, berau ezartzea balegokio.
3. art.- Sortzapena
Tasa sortzen da zergapeko egiatea den udal jarduera haste denean. Ondorio horietarako, jarduera hori hirigintzako lizentziaren eskaera aurkezten den, aldatzen den edo aurrez jakinarazten den egunean hasi dela joko da.
4. art.- Subjektu pasiboak: zergadunak eta ordezkoak
1.- Tasaren subjektu pasiboak dira hurrenez hurreneko lizentziaren eskabidea egiten duten pertsona fisiko eta juridikoak, banatu gabeko herentzia, ondasun-erkidegoak eta nortasun juridikoak ez daukatela, batasun ekonomikoa edo zergapen gai den ondare banandua eratzen duten gainerako erakundeak.
2.- Obra-eraikitzaile eta -kontratistak dira subjektu pasiboak ordezko gisa.
5. art.- Zerga kuota
1.- Zerga kuotak lizentzien izaera eta xedearen arabera ezartzen dira, eranskinean jasota geratzen den bezalaxe.
2.- . Lizentzia bat iraungi eta, proiektu bera egiteko, beste lizentzia bat eskatuz gero, dagokion tasaren %50 kitatuko da bigarren lizentzia horren tasa, baldin eta aplikatu behar den hirigintza araubidea ere berbera bada.
6. art.- Salbuespenak
Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauetako 9 artikuluan jasotako ahalmenez baliatuz, ondorengo salbuespenak ezartzen dira Udal Mugarte osoan, ondoko lizentzia hauek izanez gero:
a) Fatxadak berriztatu, garbitu eta apaintzeko lizentziak.
b)Etxeen teilatuak eta terraza komunak birgaitzea eta aldatzea.
c) Bizitokitarako izanik igogailurik ez duten etxeetan igogailuak jartzea nahiz aldapak, plataformak edo ezkaratzaren eta igogailua dagoen mailaren arteko desnibela berdintzeko balio duten beste elementu eta obra batzuk egitea.
d) Udal honen jabetzako ondasun higiezinen gaineko lizentzientzat.
e) Babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lizentziak.
f) Partzelatzekoa, betelanak egitekoa, azpiegiturak urbanizatu edo gauzatzekoa, garabi-dorreak ezartzekoa, eraistekoa, eraikitzekoa, eraikinen lehen erabilerakoa, subjektu pasiboa unibertsitate publikoa izanez gero.
g) Obra txikietarakoak, beren egikaritze-kostu erreala, Udaleko Zerbitzu Teknikoek gainbegiratua, 3.606 euro baino txikiagoa denean, baldin eta obrak lizentzia eman eta gero egiten badira.
h) Hobariak izango dira lizentziak eskatuz gero naturak zein halabeharrak eragindako ezinbesteko zergati edo ezbeharrak (suteak, terrorismo ekintzak, uholdeak...) direla bitarte.
i) Birgaitzeko udal planak burutzekoan emanak, Udalak jarduten duen birgaitze integratuko alorretan.
7. art.- Subjektu pasiboen betebehar formalak.
1.- Derrigorrezkoa da Hirigintzazko Lizentzia eskuratzea Hirigintza Diziplinako Erregelamenduaren 1. artikuluan eta udalak hori garatzeko emandako arauetan zuzen eta artez adierazitako egintzak gauzatzeko.
2.- Hirigintzazko Lizentziak eskatzeko inprimaki normalizatuetan eskatzaileak nahitaez adierazi behar ditu bere izena, NAN edo ZIK, eta helbidea, baita ondasun higiezinaren jabearenak eta eraikitzailearenak ere.
3.- Tasaren izapidetze tasa honen autolikidazioa egitean hasiko da, Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko Zergarenekin batera egingo delarik bi zergen subjektu pasiboa bat bera izanez gero.
4.- Subjektu pasiboen nahitaezko egitekoa da Udalak normalizatutako inprimakian autolikidazioa egitea, eta horretarako seinalaturiko kontu korrontean ordaintzea, 10 laneguneko epearen barruan lizentzia eman dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
5.- Subjektu pasiboen eginbeharra da emandako lizentzia Udaleko Ikuskaritza Zerbitzuari erakustea, obrak lizentziarekin bat datozela egiaztatzera joaten direnenean.
6. Lizentzia interesdunei eman aurretik udalaren ordainketa-frogagiria aurkez dezaten eskatuko zaie, ordainketa egindako banku-erakundeak zigilaturik.
8. art.- Ezarri beharreko arau orokorrak
Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauarekin bat, Zergen Foru Arau Orokorrean izapidetze, likidazio, ikuskapen, bilketa eta zergazko urrapen eta zehazpenei buruzko xedapenak ezarriko zaizkie tasa hauei.
Azken xedapena
Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.
EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Hirigintzako lizentziak emateari dagozkion tasak eta bere eranskina arautzen dituen Ordenantza 2014ko urriaren 16an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zirela eta ezarritako aldaketak 240. GAOn 2014ko abenduaren 17an argitaratu ziren.
Eranskinaren azken aldaketa 2020ko urriaren 29an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zen eta horren aldaketa 34.GAO 2021eko otsailaren 22an argitaratu zen.