Hirigintzako Zerbitzu tasak 2024

HIRIGINTZAKO ZERBITZUAK EMATEARI DAGOZKION TASAK ARAUTZEKO ORDENANTZA



1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak bere III. atalburuko 3. atalean xedatutako arau orokorren arabera, Lurzoruaren Araubide eta Hirigintzako Ordenamenduari buruzko Legean eta hori garatzeko arauetan erregulatutako hirigintzako zerbitzuak emateari dagozkion tasak arautu eta galdatu egiten dira.


2. art.- Egitate zergagarria

Donostiako udalerrian hirigintzako zerbitzuak ematea izango da tasa honen egitate zergagarria, alegia, eranskinean adierazitako hirigintza gestioko espedienteak izapidetu eta ebaztea.


3. art.- Sortzapena

Tasa espedienteen eta hirigintza izaerako Proiektuen izapidetzea hastean sortzen da.


4. art.- Subjektu pasiboa

Hauek dira, zergadun gisa, tasen subjektu pasiboak izango direnak: zergapetutako espedientea tramitera onartzea eskatu edo horren onura edo eragina izango duten pertsona fisikoak eta juridikoak, ondasun erkidegoak eta gainerako erakundeak, nortasun juridikorik izan ez arren unitate ekonomiko edo zergapetzeko moduko ondare bereizi bat osatzen dutenak, salbu eta birpartzelatze proiektuetan eta urbanizatzeko jarduketa programetan —hirigintza aprobetxamendua izateko eskubidea duten titular guztiak izango baitira kasu horietan—, eta desjabetze espedienteetan —onuradunak izango baitira orduan—.


5. art.- Zerga kuotak

1. Espedientea Erregistro Orokorrean onartzean, eranskinean behin-behineko likidaziotzat finkaturiko kopuruak aurretiaz gordetzeko galdatu ahal izango du Udalak.

2. Ordenantzari egindako eranskinean behin-behineko likidazioen tarifak ezartzen dira.

3. Behin-behineko likidazioak zenbateko finkoen bidez mugatzen dira, espedienteen eta tramitatzen hasitako proiektuen ezaugarrien arabera.

4. Behin-behineko likidazioak honela egingo dira:

a) Desjabetzeko espedienteak: jarduketa legeztatzen duen proiektua onestean.

b) Zergapetutako gainerako egoerak: aurkeztutako espedienteak hasiera batean onestean.

c) Birpartzelazio Proiektuei dagozkien likidazioak hirigintzako aprobetxamenduaren eskubideen titular guzti-guztiei egingo zaizkie, batezbesteko kuoten banan banako banaketa bidez, Proiektuan jasota agertzen diren eran.

5. Behin-behineko likidazioak behin-betiko bilakatzen dira Udalak espedientea behin-betiko onetsi edo gaitzesteko azken ebazpena ematean.



6. art.- Salbuespenak

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Lurraldeko Herri Administrazioak zein bere Erakunde Autonomoek izapidetzeko aurkeztutako hirigintzako zerbitzu guztiei dagozkien tasen salbuespena ematen da, desjabetze espedienteak salbu.


7. art.- Beste zenbateko batzuk aparte izatea.

Tasa hauetan ez da sartzen Hirigintza araudiak aginduta aldizkari ofizialetan eta bestelako egunkarietan egindako argitalpenen gasturik, ez eta itzulpen lanenik ere. Horiek kostatzen direna, aparte kitatuko da.

8. art.- Aplikazio orokorreko arauak

Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren arabera, tasa hauei Zergei buruzko Foru Arau Orokorrak araututako gestio-, likidazio-, ikuskatze-, bilketa-, urrapen- eta zehapen-arauak aplikagarri zaizkie.


Azken xedapena

Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Hirigintzako zerbitzuak emateari dagozkion tasak eta bere eranskina arautzen dituen ordenantza 2013ko urriaren 28an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zirela eta ezarritako aldaketak 241. GAOn 2013ko abenduaren 19an argitaratu ziren.

Eranskinaren azken aldaketa 2018ko irailaren 27an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zen, eta horren aldaketa 232. GAO 2018ko abenduaren 3an argitaratu ziren.