UDAL ZERBITZU ETA JARDUEREI DAGOZKIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ZERGA ORDENANTZA
3. art.- Sortzapena
Honela ordaindu dira:
1.- Zerbitzua hastean, Udalak esku hartu edo espedientea hasteko eskabidea aurkeztean edo udal jarduera legez derrigorrez egin behar izatekotan. Eskabidea aurkeztean, aurretik tasa gordailua egin edo, behar izanez gero, xedaturiko eginbeharrak beteko direlako bermeak eratzeko eskatuko da.
2.- Urtero, urtarrilaren 1ean, tasaren ezaugarriek berek aldian-aldian kobratzeko eskatzekotan.
3.- Hautapen prozesuetan, izena emateko eskaera aurkezten denean sorraraziko da tasa. Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria eskabideari erantsi beharko zaio. Betiere, eskaera ez da tramitatuko tasaren zenbatekoa ordaindu arte, ordenantza honen 9. artikuluan aurreikusitako moduan.
4. art.- Zergaldia
Udal zerbitzua edo jarduera aldizka eman edo egiten bada, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tasa ordaindu beharra eta zergaldiak urte osoa iraungo du, erabilera edo aprobetxamendua hasi edo amaitzen denean izan ezik. Horrelakoetan, bai gorabehera horiek bai Ordenantzaren eranskinean tasen zenbatekoa arautzen denean aipatzen diren ezaugarriak kontuan hartuko dira zergaldia finkatzeko.
5. art.- Subjektu pasiboa: zergapekoak
Honakoak dira, zergapeko gisa, tasen subjektu pasiboak, beti ere zergagaia diren zerbitzu edo jarduerak eskatu edo haiek sortutako onura edo eragina jasotzen badute: gizakiak eta zuzenbide izakiak, banatu gabeko herentziak, ondasun elkargoak eta zuzenbide izaerarik ez duten gainontzeko erakundeak, baldin eta ekonomi unitate bat edo zergagarri izan daitekeen aparteko ondasun bat osatzen badute.
Zerbitzuak edo jarduerak ez badituzte partikularrek eskatu baina haiek zerbait egiteagatik edo egin beharrekoa ez egiteagatik sortu bada zerbitzu edo jardueron beharra, egite edo ez egite horiek egozten zaizkienak izango dira subjektu pasiboak.
6. art.- Subjektu pasiboa: ordezkoak
Honakoak dira, ordezko gisa, tasen subjektu pasiboak (ordezkoek tasak onuradunei ordainarazi ahal izango dizkiete):
1.- Etxebizitzak edo lokalak okupatzen dituztenentzat onuragarri diren edo haiengan eragina duten zerbitzu eta jardueren kasuan, eraikinen jabeak
2.- Prebentzio zerbitzuen eta pertsonak eta ondasunak babesteko zerbitzuen kasuan (su itzalketa, eraikuntza, eraiste eta hondakinen prebentzioa), arriskua aseguratzen duten erakunde edo sozietateak.
7. art.- Salbuespenak
1.- Kartografia digitala, edo antzeko teknikekin egindakoa, eskuratzeko tasatik salbuetsita izango dira: Lurraldeko Herri Administrazioak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Udalak dokumentu urbanistikoak egiteko hartzen dituenak eta Udalak lan bat egiteko orduan hartutako dokumentazioa eguneratuta itzultzea eskatu eta hala ekarriko dutela agintzen duten profesionalak.
2.- Udal langileak hautatzeko prozesuetan %33ko edo gehiagoko desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonak tasatik salbuestea proposatzen da bai eta legezko langabezia-egoeran daudenak edo diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko soldata jasotzen dutenak ere.
3.- Udal langileak hautatzeko prozesuetan familia ugariak tasetatik salbuetsita geratuko dira, Familia Ugaria Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 12.1.c) artikuluaren arabera.
8. art.- Zerga kuotak
Kuotak ordenantza honen eranskinean ageri dira.
Baldintzen orrian, baimenean eta honen eranskinean ageri diren aldiak ezin dira murriztu, aldizkako sortzapena duten tasak hasi edo amaitzen direnean izan ezik. Kasu horretan kuota hainbanatuko da zerbitzua edo jarduera erabili izan den aldia kontuan izanda.
9. art.- Tasak ordaintzea
Tasak epe hauetan ordainduko dira:
1.- Modu iraunkorrean eman edo egin eta errolda edo erregistro bidez kudeatzen diren zerbitzu eta jarduerak, dagokion errolda edo erregistroa jendaurrean erakusten denean ezartzen den epean ordainduko dira.
2.- Emakida bidez eman edo egiten diren zerbitzu eta jarduerak, baldintzen orrietan edo Ogasun Arloko zinegotzi ordezkariaren ebazpenean ezartzen den epean.
3.- Lizentzia bidez eman edo egiten diren zerbitzu eta jarduerak, lizentzia eman baino lehen, lizentzia emateko izapidea ez baita egingo tasa ordaindu baino lehen.
4.- Bestek eskatuta egiten diren zerbitzuak eta jarduerak, hartarako adierazitako kontu korrontean, eta, betiere, zerbitzuak edo jarduerak egin aurretik edo erabiltzaileen elkarte edo taldeekin izenpetutako hitzarmenean jarritako epean.
10. art.- Tasak itzultzea
Subjektu pasiboari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiak direla eta, zerbitzua edo jarduera ez bada eman edo egiten, dirua itzuliko zaio.
11. art.- Gestioa
1.- Udalak tasak autolikidazio sisteman eskatu ahal izango ditu.
2.- Udalak, tasen ordainketarekin batera, aldez aurreko fidantzak eskatu ahal izango ditu, betebeharrak beteko direla bermatzeko.
3.- Udal zerbitzuak eman eta jarduerak egin nahi dituztenek honako betebeharrak izango dituzte:
a) Udalaren baimena eskuratzea
b) Baldintzen orriak sinatzea, halakorik egonez gero, ezarritako baldintzekin eta bete beharrekin bat datozela adierazteko
c) Tasen gainean eragina duten aldaketen berri ematea, aldaketa egin eta hamabost egun iragan baino lehen.
4.- Hautapen prozesuetako tasa autolikidazio bidez eskatuko da. Subjektu pasiboek autolikidazioa egin beharko dute, Udal Administrazioak horretarako prestatutako inprimakietan, eta baimendutako edozein banku entitatetan diru sarrera egin, inskripzio eskaera aurkeztu baino lehen. Ez da onartuko epez kanpo ordaintzea. Tasa aurreko lerroaldean adierazitako epean ordaintzen ez bada, izangaia hautaprobetara ez aurkeztea ekarriko du.
5.- Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrean, Zerga-bilketa Arautegian eta horiek garatzeko arauetan kudeaketa, likidazioa, ikuskaritza, zerga-bilketa, arau hauste eta zehapenei buruz ezarritako arauak bete behar dira tasa hauei dagokienez.
Azken xedapena
Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.
EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Udal Zerbitzu eta Jarduerengatiko Tasak eta bere eranskina arautzen dituen Ordenantzaren azken aldaketa 2023ko irailaren 28an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zirela. Ezarritako aldaketak 235. GAOn 2023ko abenduaren 7an argitaratu zirela.