Zaborra Biltzeko Zerbitzu tasak 2014

ZABORRAK BILTZEKO ZERBITZUA EMATEARI DAGOKION TASA ARAUTZEKO ZERGA ORDENANTZA


1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak bere III. atalburuko 3. atalean xedatutako arau orokorren arabera, zaborra biltzeko eta udal zabortegietara eramateko zerbitzua emateari dagokion tasa arautu eta galdatu egiten da.


2. art.- Egitate zergagarria

Ondorengoa da egitate zergagarria:

1.- Bizileku partikularretako edo etxebizitzetako zaborra biltzea.

2.- Merkataritza, lanbide edo industria jarduerak egiten dituzten establezimendu eta lokaletako zaborrak —etxeetako hondakinekin parekagarri direnak— biltzea; eta, halaber, jolas, kirol eta antzeko jarduerak egiten dituztenetakoak, eta oro har etxebizitza ez diren edozein establezimendu nahiz lokaletan egindako jarduerenetakoak.

3.- Zerbitzuaren barruan sartuta daude, hondakinen bilketa ez ezik, hondakinak tratatu eta deuseztatzeko jarduerak ere.

3. art.- Zergaldia

Zerbitzu ematearen kuotak hiruhilekoak dira.


4. art.- Sortzapena

1. Tasa zerbitzua ematen hasten den unetik sortzen da, zergapetutako ondasun higiezinak erabiltzen hasten den eguna edozein dela ere.

2. Tasa, beraz, obligaziozkoa da, beti ere zerbitzua ematen baldin bada.


5. art.- Subjektu pasiboak: zergadunak

Tasaren subjektu pasibo dira etxebizitza, establezimendu edo lokalez gozatzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, banatu gabeko oinordetzak, ondasun-komunitateak eta nortasun juridikoa ez izanik, zergagarri den ekonomi batasuna edo ondare bereizia osatzen duten gainerako entitateak.


6. art.- Subjektu pasiboak: ordezkoak

Zergadunaren ordezkari gisa subjektu pasibo dira ogasun higiezinen jabeak.


7. art.- Salbuespenak.

1. Etxeetako eta lokaletako zabor bilketari dagokion tasa ez du ordaindu beharrik izango dena delako ondasun higiezina zaborra biltzeko puntutik 200 metro baino urrutiago duen subjektu pasiboak, ez eta 100 metro baino urrutiago duenak ere, baldin eta etxe edo lokalaren eta zaborra biltzeko puntuaren arteko ibilbideko zati guztien artean metatutako desnibela %6 edo handiagoa bada.


8. art.- Hobariak izapidetzea.

1.- Udalak aitortutako hobari fiskalak eskabidea egindako zerga-aldian berean indarrean izango dira, baldin eta urteroko iragarkian adierazitako baldintzetan egiten bada eskabidea.

2.- Hobariak aitortu eta aplikatu, ordea, Udalari ordaindu beharreko zergen ordainketak egunean dituztenei egingo zaizkie.


9.- art..- Hobariak

1.- Etxeetako eta lokaletako zabor bilketagatiko tasaren %50 gutxiago ordainduko du dena delako ondasun higiezina zaborra biltzeko puntutik 100 metro baino urrutiago duen subjektu pasiboak, baldin eta etxe edo lokalaren eta zaborra biltzeko puntuaren arteko ibilbideko zati guztien artean metatutako desnibela %3 edo handiagoa bada.

2.- Udalak elkarte bat edo antzeko erakunde bat udal lokal batean koka dadin erabakitzen badu, ez da kontuan izango haren azalera, tarifa zehazteko.


10. art.- Oinarri zergagarria

1. Oinarri zergagarria lokal edo etxebizitzaren arabera zehaztuko da. Ondasun higiezin batean dauden etxebizitza nahiz lokal bereizi adina subjektu pasibo dago.

2. Lokal bakar batean bi zerbitzu-motak ematen direnean, hots, etxebizitzetako eta establezimenduetako zabor bilketa, oinarri zergagarria bakarra izango da, Udalari onura gehien dakarkiona. Horretarako jardueraren titularra familiako kidea izan beharko du eta berarekin bizi. Horrela gertatu ezean, bi oinarri zergagarri izango dira.


11. art.- Zerga kuota

1.- Etxebizitzetako zaborrak bildu, tratatu eta deuseztatzeko kuota osoa honela kalkulatzen da: kuota finko bat gehi kuota aldakor bat.

Kuota osoa (KO) = Kuota finkoa (KF) + Kuota aldakorra (KA)


1.1.- Kuota finkoa kalkulatzeko oinarria aurreko urteko etxebizitzako zabor tasaren erroldako zenbatekoak eratuko du; hala badagokio, zehazten den ehunekoa gehituta. Emaitza gisa lortutako zenbatekoari oinarri errolda deritzo (OE).

Kuota finkoa (KF) eranskinean zehaztuko da, eta honela kalkulatuko da: oinarrizko erroldaren (OE) % 65, zati zabor erroldako etxebizitzen kopurua (ZEE kop.).

KF = % 65 (OE) / ZEE kop.

Ekitaldi bakoitzeko kuota finkoa berdina da zabor erroldako etxebizitzetako bakoitzerako.

1.2.- Kuota aldakorraren (KA) zenbatekoa honela kalkulatuko da: etxebizitza bakoitzean irakurketako ekitaldi eredu (IEE) batean kontsumitutako ur metro kuboak (M3ETX) —benetakoak edo zenbatetsiak—, bider urteko tarifa eredua (UTE).

IEE = Irakurketa Ekitaldi Eredua ateratzeko orduan ur kontsumotzat hartuko dena hau izango da: aurreko urteko abuztuaren 31 bitartean fakturatutako lau hiruhilekoen kontsumoa.

Urteko tarifa eredua (UTE) eranskinean zehaztuko da, eta honela kalkulatuko da: oinarrizko erroldaren (OE) % 35, erroldako etxebizitzen multzo osoan kontsumitutako metro kuboen kopuru osoa (M3ERR), zenbatespenengatiko zuzenketa kenduta.

UTE = % 35 (OE) / M3ERR

KA = M3ETX x UTE

Guztizko batez besteko kontsumoa (GBK) honela kalkulatzen da: erroldako etxebizitzen multzo osoko ur kontsumo osoa (M3ERR), zati errolda horretako etxebizitzen kopurua (ZEE kop.).

GBK = M3ERR / ZEE kop.

1.3.- Irakurketa ekitaldi eredu batean etxebizitza bakoitzeko kontsumoa (M3ETX) kalkulatzeko modalitateak:

a) Irakurketa ekitaldi ereduan (IEE) ur kontagailuari egindako irakurketa guztiak errealak izan diren etxebizitzetan, benetako kontsumoaren arabera finkatuko da M3ETX balioa.

b) Irakurketa ekitaldi ereduan (IEE) ur kontagailuari irakurketa erreal bat edo gehiago egin zaizkion etxebizitzetan, lortutako irakurketa errealen arabera finkatuko da M3ETX balioa.

c) Irakurketa ekitaldi ereduan (IEE) ur kontagailuaren irakurketa errealik izan ez duten etxebizitzetan, honela aterako da M3ETX-ren balioa: 15 mm-ko kalibrea duen kontagailu baten (etxebizitzako kontagailu estandarra) ur emari nominalaren baliokide den kontsumoaren 100eko 50 bider hileko hogeita hamar ordu.

Ekitaldi osoari aplikatuko zaio tasa. Irakurketa ekitaldi ereduaren ondoren ematen diren irakurketa datuek hurrengo ekitalditik aurrera izango dute eragina.

d) Eraikuntza berriko etxebizitzetan, irakurketa errealak lortu arte, M3ETX balioa GBK kontsumoaren berdina izango da.

e) Titularra aldatzen den etxebizitzetan, irakurketa errealak lortu arte, M3ETX balioa GBK kontsumoaren berdina izango da.

1.4.- Etxebizitza komunitarioen berezitasuna.

Ur kontagailu banakaturik ez duten jabe komunitateetan, kuota finkoa honela kalkulatuko da: kuota finko (KF) orokorra, bider komunitateko etxebizitza kopurua.

Kuota aldakorra (KA) beste edozein ur kontagailutan bezala kalkulatuko da, M3ETX balioaren arabera, behar izanez gero aurreko 1.3 idatz zatian zehaztutako modalitateetatik dagokiona aplikatuta.

2.- Jardueretarako diren establezimendu edo lokaletan zaborrak biltzeko kuotak, eranskinean ezarrrita daude, dopuru finkotan.

3.- Eranskinean ezarritako azaleragatiko errekargua, fisikoki independentea den eta edozein jardueretarako den establezimendu edo lokal bakoitzari aplikatuko zaio, salbu eta fakturen bidez frogatzen bada establezimendu edo lokal horretako zaborrak, etxekoen parekagarri ez direnak, aldian-aldian hondakindegia eramaten dituztela edo birzilatzeko biltzen dituztela.

4.- Etxekoen parekagarri ez diren zaborrak aldian-aldian hondakindegira eramaten dituztela edo birziklatzeko biltzen dituztela fakturen bidez frogatzen duten establezimendu edo lokaletan, edozein jardueratarako diren lokaletarako zehaztutako zerga kuota aplikatuko da.

12. art.- Formazko eginbeharrak

1.- Zerbitzu hasierak indarrekoak izango dira zerga ordaintzeko beharra sortzen den hiruhilekoaren lehen egunetik. Zerbitzua amaierak indarrekoak izango dira eskatu eta hurrengo hiruhilekoaren lehen egunetik.

2.- Zerga ordaintzeko beharra sortu eta hurrengo hogeita hamar egunean subjektu pasiboek aurkeztu beharko dituzte subjektu pasiboaren hasiera edo aldaketa adierazpenak, zerbitzu modalitatearena eta tasan eragina duen higiezinaren aldaketaren gainekoa (aldaketa islatzen duen dokumentu publikoa erakutsita).

3.- Amaiera adierazpenak epe berean izapidetu behar dira, subjektu pasiboa izateari uzten zaion egunetik aurrera.

4.- Erretiratuak edo langabetuak izateagatik kuota salbuespena edo hobaria lortu nahi dutenek hura emateko eskatu eta agiri bidez egiaztatu beharko dute urtero, zabalkunde handiko bi hedabidetan jarritako iragarkietan zehaztutako moduan eta epearen barruan.

5.- Tasa beste udal baliabide batzuekin batera likidatuko da, subjektu pasibo berberarena izanez gero.


13. art.- Eskabideak begiratzea

Udalak kuotaren salbuespen eta hobarien adierazpenen eta eskabideen egiazkotasuna ikuskatzea dauka. Datuak faltsuak baldin badira, ustezko urratzailea zigortu egingo da onurak mugatu gabeko aldi baterako kenduaz.


14. art.- Ezarri beharreko arau orokorrak

1. Orokorrean ezarriko dira hiriko zabor eta hondakin solidoak biltzeko udal ordenantzan xedaturiko arauak.

2. Tasa hauei ezarriko zaizkie 11/1989 uztailaren 5eko Foru Zerga Arau Orokorrak xedaturiko kudeaketa, likidazio, ikuskapena, bilketa, urratze eta isun arauak.


Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Zaborra Biltzeko Zerbitzua emateari dagozkion Tasak arautzen dituen Ordenantza 2012ko urriaren 24an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela eta ezarritako aldaketak 245. GAOn 2012ko abenduaren 26an argitaratu ziren.
Bere eranskina 2013ko urriaren 28an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu ziren, eta ezarritako aldaketak. 241. GAOn 2013ko abenduaren 19an argitaratu ziren.