Donostiako Udalaren ordenantza, zergak eta zuzenbide publikoaren araberako bestelako sarrerak biltzeari buruzkoa 2023

DONOSTIAKO UDALAREN ORDENANTZA, ZERGAK ETA ZUZENBIDE PUBLIKOAREN ARABERAKO BESTELAKO SARRERAK BILZEARI BURUZKOA



Zioen Azalpena

Donostiako Udalak, zergak eta zuzenbide publikoaren araberako bestelako sarreren bilketa gestionatzerakoan, prozedura eraginkor eta arinak ezarri ez ezik, zerga-eginbeharrak betetzen dituzten zergadunekiko harremanak ere hobetu nahi ditu, udal-gestioaz fidaturik, zergen ordainketa helbideraturik duten neurrian.

Helburu hori lortzeko, Donostiako Udalak zergak kudeatzeko alorrean dituen arau-ahalmenak erabiltzen ditu, Zerga Foru Arau Nagusiko 64. eta 79. artikuluen arabera eta Gipuzkoako Lurraldeko Zerga Bilketako Erregelamenduko 9. artikuluaz bat, honako hauek arautzeko, zerga-bilketako ordenantza baten bitartez:

Zerga-bilketako gestioaren ahalmenak udal-organoei izendatzea, udal honen berariazko antolamenduaren arabera.

Zergadunei epe jakin batzuetan eta guztiei batera jakinarazten zaizkien udal-zergazko zorrak borondatezko fasean ordaintzeko zerga-egutegia, herritarrak segurtasun juridikoa izan dezan zergak ordaintzerakoan.

Zergak kobratzeko modua, zorrak ezein erakunde laguntzailetan ordaintzeko aukera izango dela, kutxa automatikoetan zein bulegoetan.

Udalari interesatzen zaio herritarrek epe jakin batzuetan ordaindu beharreko zergak helbideraturik izatea eta horixe du oinarri objektibo eta zentzuzkotzat jokabide hori sustatzeko neurriak proposatzerakoan, bai berraztertzeko errekurtsoak aurkeztu ahal izateko, bai behar ez bezala kobraturikoak itzultzeko, bai ordainketak geroratzeko.

Ordainketen geroratzea onartzeko prozedura berezi hauek bereizten dira, berariaz: batetik, prozedura orokorra —hori aitortzea eskumeneko ahalmena da—; bestetik, ordainketa guztiak helbideratzeko agindu duen herritarrari ezarri beharreko prozedura; eta, azkenik, udalarekin lankidetza-hitzarmenak izenpetu dituzten finka-administratzaileei ezartzekoa.

Geroratzeak baimentzean ordaindu beharreko interesak, berandutzazko interesa eta lehentasunezko interesa.

Lehentasunezko interesari dagokionez, udal-aurrekontuak arautzen ez badu, legezko interesa ken %0,25 izango da.

Ordainagiri guztiak helbideratzeko agindu duten herritarrei eta udalaren administrazio-emakiden onuradunei lehentasunezko interesa aplikatuko zaie.

Automatiko itzultzea Udalak kudeatu eta finantza-erakunderen batean helbideratuta dauden zerga-ordainagiriak, baldin eta zergaduna kitatutakoarekin ados ez badago.


1. artikulua.- Helburua


Ordenantzaren helburua da arautze-ahalmena erabiltzea, Donostiako Udalaren berariazko prozedurak arautzeko. Arautze-ahalmen hori ematen diote Udalari, batetik, apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzekoak, eta, bestetik, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorra (2/2005 Foru Araua, martxoaren 8koa).


2. artikulua.- Lege-araubidea


Zerga-bilketaren gestioaren araubide izango dira:

1.- Donostiako Udalaren Zerga Bilketako Ordenantza.

2.- Gipuzkoako Lurraldeko Zerga Bilketako Erregelamendua, 38/2006 Foru Araua, abuztuaren 2koa.

3.- Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorra, 2/2005 Foru Araua, martxoaren 8koa


3. artikulua.- Alkatearen eskumenak

Alkateak eskumen hauek ditu zerga-bilketaren kudeaketan:

1.- Likidazioak onartzea eta indargabetzea.

2.- Zerga-errolda, likidazio eta borondatezko epeko ordainagirien aurkako berrezartze-errekurtsoen gaineko erabakiak hartzea.

3.- Sarrera bidegabeak itzultzeko eskaeren gaineko erabakiak hartzea.

4.- Geroratze- edo zatikatze-eskaerak ebaztea eskatzailea administrazio-emakidaren titularra denean, baldin eta zorrak zuzenean emakidarekin erlazionaturik badaude.

5.- Zerga-onurak aitortzeko eskabideen gaineko erabakiak hartzea.

6.- Besteren erreklamazioen gaineko erabakiak hartzea.

7.- Udalari ondasunak izendatzeko erabakiak hartzea.

8.- Ordenantza hau garatzeko zirkularrak ematea.

9.- Legez beste organo batzuei aitortzen ez zaizkien zereginak betetzea.


4. artikulua.- Zinegotzi ordezkariaren eskumenak

Alkateak emandako eginkizunak beteko ditu zinegotzi ordezkariak.




5. artikulua.- Diruzainaren eskumenak

Diruzainak eskumen hauek ditu zerga-bilketaren kudeaketan:

1.- Zerga-gestioa, zerga-ikuskaritza eta borondatezko epeko zein ordainarazte-bideko zerga-bilketak zuzentzea.

2.- Zergadunak eskatutako konpentsazioen gaineko erabakiak hartzea.

3.- Ofizioz konpentsatzea erakunde publikoen kredituak.

4.- Kredituak kobraezintzat jotzea.

5.- Txostena ematea azaltzeko zer erabilera izan dezaketen enkantean saldu ez diren eta udalari eslei daitezkeen ondasunek.

6.- Epe jakin batzuetan ordaindu beharreko zergen kobrantzarako iragarkiak argitararaztea.

7.- Ordainarazte-epean jartzen diren berrezartze-errekurtsoak erabakitzea.

8.- Ordainarazte-bideko eta bahituriko ondasunak saltzeko eginbideak ematea.

9.- Ordainarazte-prozedura eteteko eskaerak erabakitzea.

10.- Bahituriko ondasunak balioztatzeko funtzionario aditua izendatzea.

11.- Esleituriko finkak Jabetzaren Erroldan inskribatzeko egiaztagiria ematea.

12.- Bahituriko ondasunak besterentzeko baimena ematea.


6. artikulua.- Zerga-biltzailearen eskumenak

Zerga-biltzaileak eskumen hauek ditu zerga-bilketaren kudeaketan:

1.- Ordainketak geroratu edo zatitzeko eskaeren gaineko erabakiak hartzea.

2.- Berme eta interesen gastuak itzultzeko eskabideen gaineko erabakiak hartzea.

3.- Udalarekiko zorren interesen errekerimenduak egitea.

4.- Konpentsazioak agintzea ofizioz.

5.- Bahitzeko eginbideak ematea.

6.- Zergazko eta zergaz kanpoko zorren erantzukizunen deribazioak egitea.

7.- Diruzainak eskuordetutako eginkizunak betetzea.


7. artikulua.- Zerga-erroldak

1.- Zerga bakoitzaren errolda urtean behin argitaratuko da, hamabost egunean, ordaintzeko epea hasi aurretik, Finantza Zuzendaritzako Jendearen Zerbitzurako Bulegoan; egun, Agirre Miramon kaleko 4. zenbakiko beheko solairuan.

2.- Zerga-errolden aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke alkateari, jendaurreko erakustaldia amaitu eta hilabeteko epean.


8. artikulua.- Zerga-egutegia

1.- Epe jakin batzuetan ordaindu beharreko zergek, zergadun guztiei batera jakinarazitakoek, honako borondatezko ordain-aldi hauek dituzte.

OHZ Maiatzaren 15etik ekainaren 30era.

JEZ Urriaren 1etik azaroaren 10era.

Ibilgailuak Martxoaren 15etik maiatzaren 25era.

Espaloiko sarbide eta pasabideak – Irailaren 1etik azaroaren 10era.

Zaborrak – Hiru hilean behin. Martxoaren 20tik apirilaren 20ra; ekainaren 20tik uztailaren 20ra; irailaren 20tik urriaren 20ra, eta abenduaren 20tik urtarrilaren 20ra.

Ura eta saneamendua – Bi hil, hiruhileko eta udalerri osoan fakturatzen den bitartean, eta hil bat, hiruhileko eta zonaldeka fakturatzen denetik.

2.- Zerga-egutegia jendaurrean erakutsiko da haren indarraldiaren hasieran, zerga-ekitaldi bakoitzaren urtarrilean. Egutegia udalaren iragarki-oholetan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta herriko prentsan argitaratuko da.

3.- Egutegia aldatzekotan, banan-banan jakinaraziko zaie zerga hura ordaindu behar dutenei, eta jendaurrean ere iragarriko da, Udalaren iragarki-oholetan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta herriko prentsan argitaratuta.


9. artikulua.- Non eta nola bilduko diren zergak

Udal-zerga eta zuzenbide publikoko sarrerak honela bilduko dira:

1.- Epe jakin batzuetan ordaindu eta zergadun guztiei batera jakinarazi beharreko zerga-ordainagiriak eta zerga eta prezio publikoen likidazioak:

a) Borondatezko epean, helbideratze-aginduaren bitartez, kode-irakurgailua duten erakunde laguntzaileen bulego eta kutxa automatikoetan, edo Internetez ordain-modu hori prestatuta duten erakundeetan.

b) Ordainarazte-bidean, erakunde laguntzaileen bulegoetan eta Udaleko Zerga Biltegian zerrenda magnetikodun txartel bidez.

2.- Hirigintzako errekurtsoen ebazpenak, zuhurtziazko ordainarazteak, besteren ordezko exekuzioak, ordainsariak, kontratu bidezko obligazioak eta zehapenak, ebazpenaren jakinarazpenean adierazitako tokian.

3.- Isunak:

a) Isun-agiri bidez salatzen direnak dokumentu hori bera erabilita ordain daitezke, bertan adierazitako kontu korrontean eta epean, eta automatikoki aplikatuko zaie 3 €-ko itzulketa.

b) Borondatezko epean egonda ordain-modu hori ez darabiltenak eta ordainarazte-bideko fasean direnak erakunde laguntzaileen bulegoetan eta kode irakurgailudun kutxa automatikoetan ordainduko dira.


10. artikulua.- Zerga baterako berariazko helbideratzeak egitea

1.- Subjektu pasiboek beren zerga, prezio publiko eta kontratuetako betebehar guztiak helbidera ditzakete ezein finantza-erakundetan.

2.- Epe jakin batzuetan ordaindu beharreko eta zergadun guztiei batera jakinarazitako zergetako bat, batzuk edo guztiak helbidera daitezke.

3.- Helbideratutako ordainagiriak helbideratze-kontura bidaliko dira borondatez ordaintzeko aldia amaitzen den egunean.


11. artikulua.- Noiz hartuko diren helbideratzeak helbideratze orokortzat

1.- Helbideratze orokorra zergadunak emandako agindu bat da, eta, horren bidez, Udalari adierazten dio kontu korronte batetik edo gehiagotatik zordundu behar dituela, epe mugagabe batean, epe jakin batzuetan ordaindu behar diren eta herritar guztiei batera jakinarazten zaizkien zerga eta prezio publikoak, eta prezio publikoen eta kontratuen zerga-likidazioak; guztiak ere, Finantza Zuzendaritzaren mendekoak.

2.- Helbideratze orokorrak berehala izango du eragina, ordainagiri eta likidazioak kontuan zordunduko zaizkio zergadunari.

3.- Berraztertzeko errekurtsoak jartzerakoan nahiz ordainketak zatitzerakoan izango diren onurak izateko, gutxienez bi hilabete lehenago emandakoa izan behar du zergak helbideratze-aginduak.

4.- Edozein moduz ere, zergadunak egunean beteta izan behar ditu zerga-obligazio guztiak.


12. artikulua.- Helbideratze orokorraren ondorioak

Helbideratze orokorreko aginduak ondorio hauek izango ditu:

1.- Zergadunari bidaliko zaio likidatutako kontzeptu bakoitzaren jakinarazpena, zenbatekoa kobratu aurretik eta honako argibide hauek emanda:

a) Udalak ordaintzeko xedaturiko azken egunean zergadunak adierazitako kontuan edo kontuetan kobratuko dira likidatzen diren zenbatekoak.

b) Nolanahi ere den, ordainagiria argitzeko eska dezake eta Alkateari berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu.

c) Likidazioei dagokienez, jakinarazpena egiteko eska dezake, eta data horretatik aurrera zenbatuko da berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko epea.

2.- Zergadunak helbideratze horretarako adierazitako kontutik edo kontuetatik honako hau kobratuko da:

a) Epe jakin batzuetan ordaindu beharreko zergei dagozkien ordainagiri helbideratuak.

b) Epe jakin batzuetan ordaindu beharreko zerga helbideratuen ordez egiten diren likidazioak.

c) Epe jakin batzuetan ordaindu beharreko zergen erroldaren batean alta ematearen likidazioak, ordainketa-epe jakineko zergen aitorpenen eta ofiziozko jardunbideen ondorioz egindakoak.

3.- Zergadunak garai eta modu egokian aurkezten badu berraztertzeko errekurtsoa, eten egingo da errekurritutako zorra kobratzeko prozedura, ezeren bermerik jarri beharrik gabe, harik eta errekurtsoaren ebazpena jakinarazten zaion arte.

4.- Zorrak zatika ordaintzeko eskaera guztiak onartuko dira, eta lehentasunezko interesa ezarriko zaie, baldin eta 10.000 € baino zor txikiagoa bada eta urtebete baino lehen ordaintzen badu zergadunak. Kasu horietan, ez da geroratze-eskaera arrazoitu beharrik izango.


13. artikulua.- Helbideratze orokorra kentzea

1.- Balio mugagabea izango du helbideratze orokorrak.

2.- Helbideratze orokorra kendu nahi bada, berariaz adierazi behar da beti. Interesatuak edozein momentutan egin dezake hori, eta, hala egiten badu, helbideratze horren urteko eraginak amaituko dira. Udalak helbideratze orokorrak ken ditzake, baldin eta ordainagiriak itzultzen bazaizkio edo helbideratze-kontuan saldorik ez badago.


14. artikulua.- Ordainketak geroratutakoan erantsiko den interesa

1.- Lehentasunezko interesa.

a) Udal-aurrekontuan adierazitakoa da.

b) Udal-aurrekontuak ez badu hura finkatzen, legezko interesa ken %0,25 izango da.

c) Helbideratze orokorra agindu duten pertsona fisikoei onartu zaizkien geroratze eta zatikatzeei ezarriko zaie, baita administrazio-emakiden onuradunei ere, hala erabakitzen denean.

2.- Berandutza-interesa.

a) Foru-arauan aplikazio-epe horretarako adierazitakoa izango da.

b) Oro har, ordainketak geroratzea edo zatikatzea eskatzen dutenei ezartzen zaie, eta baita administrazioaren emakidak dituztenei ere, hala erabakiz gero.




15. artikulua.- Ordainketa geroratzea eta zatikatzea

1.- Eskaera.

Zergadunak aurkeztu behar du geroratu edo zatikatzeko eskaera, Donostiako Udalaren Erregistro Nagusian edo udalaren Zerga Biltegian. Derrigorrez jaso behar ditu honako datu eta dokumentu hauek:

a) Izen-abizenak, sozietatearen izena, nortasun-agiria edo identifikazio fiskaleko zenbakia eta eskatzailearen zerga-helbidea.

b) Zorraren kontzeptua, urtea eta zenbatekoa.

c) Zer epetarako den geroratzea edo zatiketa.

d) Zergatik eskatzen duen, salbu eta helbideratze orokorra egin duen pertsona fisikoak, eskatutako zenbatekoak 12.000 € gainditzen ez baditu eta zatikatze-epeak urtebetetik gorakoa ez bada.

e) Udalaren Zerga Bilketako Zerbitzuak adierazitako kasu, modu eta kopuruko bermea jartzeko konpromisoa hartzea.


2.- Zergadunek oro har bete beharreko arauak.

a) Ordainketa geroratzea edo zatitzea eskatzeak ez du esanahi onartu beharra dagoenik.

b) Banku-abala jarri behar da, salbu eta 12.000 eurotik beherako zorrak zatikatzea eskatzen bada.

Banku-abala eratzeko betebeharra osorik edo zati batean salbuetsi daiteke, baldin eta hilero ordaindu beharreko ordainketa-zatikatzeak eskatzen badira, betiere, zorraren guztizko zenbatekoa ez bada 100.000 euro baino handiagoa eta eskatzaileak, eskaera egitean, zatikatu nahi duen zorraren ehuneko 20 ordaintzen badu gutxienez.

c) Berandutza-interesa ordaindu beharko da.

d) Zatika ordaintzea onartzen bazaio zergadunari, hilean-hilean ordaindu beharko du.

3.- Eskaerak erabakitzea.

a) Udalaren zerga-biltzaileak erabakiko ditu, eskaera egin eta 10 egun baino lehen, 12.000 euro baino gutxiago eta urte bete baino lehenago itzultzeko zorrak geroratzeko edo zatitzeko eskaerak.

Hilabeteko epea izango du gainerako eskaerak erabakitzeko.

b) Administrazio-emakida baten onuradun bada eskatzailea eta eskaera emakidarekin zerikusi zuzena duten zorrak geroratu edo zatikatzeko egiten badu, alkateak aztertuko du, kasuz kasu, eskaera onartu ala ez, eta hark jarriko ditu zatikatzeko edo geroratzeko baldintzak.

Lehentasunezko interesa ezar liteke eta ezinbestean eratu beharko da behar besteko bermea.


4.- Helbideratze orokorra egina duten zergadunek bete behar dituzten arauak.

Arau hauek beteko dira helbideratze orokordun zergadunak badira ordainketa geroratzeko edo zatitzeko eskaera egin dutenak:

a) Zatitu nahi den zorra 50.000 euro baino gutxiagokoa izan eta urte bete baino lehen itzuli nahi baldin bada, eskatzea nahikoa izango da zatika ordaintzea onartzeko, ez da bermerik eratu beharrik izango eta lehentasunezko interesa ezarriko da

b) Ordainketa geroratzea eskatuz gero, oro har zergadunei aplikatzen zaizkien arauak beteko dira, eta, horren ondorioz, erabakitzea dagokion organoak erabakiko du geroratzea onartu ala ez, bermea jarri beharko da kopuru batetik gora, eta lehentasunezko interesa aplikatuko da.

c) Ordainketa geroratzea edo zatikatzea aztertzerakoan, helbideratze orokorra egina duen zergaduntzat hartzeko, geroratzeko edo zatika ordaintzeko eskaera egin baino bi hil lehenago egindakoa izan behar du helbideratze orokorrak.


16. artikulua.- Epe jakin batzuetan ordaindu beharreko zergen bilketaren gestioa

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga

1.- Zergapetutako ondasunetan izaten diren aldaketak (fisikoak, ekonomikoak nahiz juridikoak), aldaketa gertatu eta hurrengo zerga-alditik aurrera izango dira indarrean; horrez gain, ez da egintza administratiborik jakinarazi beharrik izango aldaketa horiek indarrean jar daitezen.

2.- Zerga honi dagozkion zerga-zorrak, epe jakin batzuetan ordaindu beharreko direnak eta zergadun guztiei batera jakinarazten zaizkienak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ordainketa-iragarkian argitaratutako epean ordaindu behar dira; hau da, maiatzaren 15etik ekainaren 30a arte edo, azken hori egun balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga

1.- Likidazio-agirian adierazitako epean ordaindu behar da zergan alta emateari dagokion likidazioari dagokion zerga-zorra.

2.- Zerga honi dagozkion zerga-zorrak, epe jakin batzuetan ordaindu beharrekoak direnak eta zergadun orori batera jakinarazten zaizkienak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako kobrantzarako iragarkian adierazten den epean ordaindu behar dira; hau da, urriaren 1etik azaroaren 10era arte edo, azken hori egun balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

Ibilgailuen gaineko Zerga

1.- Zergan eginiko altei dagozkien likidazio-­adierazpenetatik datozen zerga-zorrak ibilgailuaren zirkulazio-baimena eskuratu baino lehen ordaindu behar dira.

2.- Epe jakin batzuetan ordaindu beharrekoak izan eta zergadun guztiei batera jakinarazten zaizkien zerga-zorrak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako kobrantzarako iragarkian adierazten den epean ordaindu behar dira; hau da, martxoren 15etik maiatzaren 25era arte edo, azken hori egun balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

Ur eta Saneamendu Zerbitzuari dagokion Tasa

- Epe jakin batzuetan ordaindu beharrekoak izan eta zergadun guztiei batera jakinarazten zaizkien zerga-zorrak, hiru hilean behin eta udalerri osoko zergadunentzat fakturatzen badira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko argitaratutako kobrantzarako iragarkian adierazitako 2 hileko epean ordaindu behar dira. Bi hileko epe horren azken eguna egun balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera artekoa izango da bi hileko epea.

Zerga-zorrak hiru hilean behin eta udalerriko zonaldeka fakturatzen badira, hilabeteko epean ordaindu beharko dira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako kobrantzarako iragarkian adierazitako moduan. Azken eguna egun balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da hilabeteko epe hori.

Zaborren zerbitzuari dagokion tasa

Tasa hiru hilean behin ordaindu beharrekoa izango da, eta zergadun guztiei batera jakinaraziko zaie hura ordaindu behar dutela, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako kobrantzarako iragarkian adierazitako epean; hau da, martxoaren 20tik apirilaren 20ra bitartean, ekainaren 20aren eta uztailaren 20aren bitartean, irailaren 20aren eta urriaren 20aren bitartean, eta abenduaren 20aren eta urtarrilaren 20aren bitartean, hurrenez hurren. Epe horien azken eguna egun balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera artekoa izango da epea.

Espaloiko sarbide eta pasabideak

Epe jakin batzuetan ordaindu beharrekoak diren eta zergadun guztiei batera jakinarazten zaizkien zerga-zorrak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako kobrantzarako iragarkian adierazitako epean ordaindu behar dira; hau da, irailaren 1etik azaroaren 10era arte edo, azken hori egun balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.


17. artikulua.- Kobraezinak

1.- Zergadunen bati kobratzeko ahaleginek huts egiten badute, finantza-zuzendariak, Udaleko zerga-biltzailearen proposamena entzun ondoren, kreditu kobraezinen adierazpena egingo du; horretarako, Kreditu Kobraezinen Zirkularrak adierazitako irizpide eta prozedurak beteko ditu eta behar bezala izapidetuko ditu haiei dagozkien espedienteak.

2.- Kreditu Kobraezinen Zirkularrak honako kasu hauek arautzen ditu:

a) Zergadunak ondasunik ez duelako eta hura non dagoen jakin ezin delako kobraezinak diren kredituak.

b) Zergadunak ondasunik ez duelako edo bizileku ezagunik ez dutelako kobraezinak direnak.

c) Zergadunak ondasunik ez duelako eta OHZren Erroldan alta emanda ez dagoelako kobraezinak direnak.

d) Zergadunak ondasunik ez duelako eta Industri edo Merkataritza Uraren Erroldan alta emanda ez daudelako kobraezinak direnak.

e) Zergadun kaudimengabeen kredituak.

3.- Ordaindu beharra duen pertsonaren zerga-zorra kobraezintzat joz gero, zerga-zorrak behin behingoz iraungitakotzat joko da, preskripzio-epearen barruan kaudimen-egoerara igarotzen ez den bitartean. Preskripzio-epe hori iraganda, zorrak behin betiko iraungiak izango dira.


18. artikulua.- Zerga-bilketaren gestio berezia helbideratutako ordainagirientzat

1.- Finantza-erakunderen batek, kontuan dirurik ez dagoelako edo titularraren izena edo kontu-zenbakia oker daudelako, atzera bidaltzen badu helbideratutako ordainagiri edo likidazioren bat, beste abisu bat bidaliko zaio ordainagiria edo likidazioa ordaindu beharra duen zergadunari, haren ohiko bizileku gisa ageri den azkeneko helbidera, eta beste hamar egun gehiago emango zaizkio ordainketa borondatezko epean egiteko.

2.- Ordaindutakoa itzul diezaioten eskatzeko eskubidea du Donostiako Udalak kudeatutako ordainagiri edo likidazio bat ordaindu beharra duen zergadunak, baldin eta helbideratuta badauka zergen ordainketa. Eskaera hori, ordea, ordenantza honek adierazten duen moduan egin behar du.


19. artikulua.- Sarrera bidegabeak itzultzea

1.- Behar izanik gabe udal-zergarik ordaindu bada, Administrazioak edo alde batek hala eskatuta bultzatu eta tramitatuko dira sarrera bidegabeak itzultzeko eskubidea aitortzeko prozedurak.

2.- Foru Aldundiak gestionatutako udal-zergaren bati badagozkio sarrera bidegabeak, Aldundiak ezarritako prozedurak beteko dira diru hori itzultzeko.

3.- Udalak kudeatzen duen zergaren batekoak badira sarrera bidegabeak, Jendearen Zerbitzurako Bulegoan edo Donostiako Udalaren web-orrian egin behar da diru hori itzultzeko eskaera.

4.- Udalak zergadunaren kontu korrontean sartuko du Udalak berak kudeatutako zergaren batean ez zegokiona kobratutakoa. Hilabeteko epean itzuliko du diru hori, eskaera behar bezala egin zenetik kontatzen hasita.


20. artikulua.- Udalak kudeatutako zergen ordainagiri helbideratuak itzultzea

1. Zergadunak, helbideratutako konturen baten bidez ordaindu badu Udalak kudeatutako zergaren bat, ordaindutako dirua itzul diezaioten eska dezake. Zergadunak urrats hauek eman behar ditu, ordaindutakoa atzera jasotzeko:

a) Zerga-zorra helbideratze-kontuan kargatu eta hogeita hamar egun igaro baino lehen, zerga atzera itzultzeko eskatu behar du bere finantza-erakundean. Finantza-erakundeak itzuli egingo du zergadunak ordaindutakoa, eta dirua itzuli duela jakinaraziko dio Udalari.

b) Hogeita hamar egunak igaro eta gero —baina norberaren borondatez ordaintzeko epea ireki eta sei hilabete igaro baino lehen, betiere—, zergadunak Udalari eskatu behar dio zerga-zorra itzul diezaion, eta azken horrek itzuli egingo dio ordaindutakoa, zerga helbideratzeko izendatutako kontuan, eskaera egin ondorengo bi eguneko epean.

c) Interesatuak berak edo, haren izenean, baimendutako pertsonek egin dezakete ordaindutakoa itzultzeko eskaera, eta beti adierazi beharko da eskaeraren arrazoia.

d) Dirua itzultzeko eskaera Udalaren Jendearen Zerbitzurako Bulegoan aurkeztu behar du interesatuak berak.

e) Finantza Zuzendaritzako zerbitzu horrek egiaztagiri bat emango dio eskatzaileari, dirua itzultzeko espedienteari ekin zaiola adierazten duena.

f) Dirua behin-behineko izaeraz itzuliko da, eta dirua itzultzeak ez du esan nahi, derrigorrean, Udalak eskaera onartu egingo duenik.

g) Eskaeran emandako arrazoiak aztertu eta haiekin konforme bada Udala, jakinarazpen bat bidaliko dio zergadunari, eskatutakoa onartzea erabaki duela adierazteko.

h) Eskaeran emandako arrazoiak aztertu eta haietako batzuk onartzen baditu Udalak, jakinarazpen bat bidaliko dio zergadunari, zerga-ordainagiria zuzendu, berria egin eta harena likidatzea dagokiola erabaki duela adierazteko; horrez gain, dirua helbideratze-kontuan ordainduko diola adieraziko dio zergadunari.

h) Eskaeran emandako arrazoiak aztertu eta Udalak erabakitzen badu zerga-ordainagiriak ez duela zuzenbide-akatsik, jakinarazpen bat bidaliko dio zergadunari, eskaera atzera bota duela adierazteko; horrez gain, dirua helbideratze-kontuan zordunduko zaiola adieraziko dio zergadunari.

Artikulu honetako h) edo i) paragrafoek araututako kasuetan, zergadunak ez badu zerga-zorra ordaintzen, premiamendu-bidetik kobratuko dio Udalak zerga-zorra.


21. artikulua.- Kobratzeko prozedura geldiaraztea

1.- Honako hauek ez dute berraztertzeko errekurtsoarekin batera bermerik aurkeztu beharrik izango, errekurtsoa behar den garaian eta moduan aurkeztu badute, eta, horrez gain, kobratzeko prozedura geldiaraziko da, errekurtsoa erabakitzen den arte:

a) Administrazio-emakida baten titularrek, errekurtsoak emakidari zuzenean lotuta dauden zorrekin zerikusi zuzena badute.

b) Helbideratze orokorra egina duten zergadunek, errekurtsoa aurkeztu baino bi hilabete lehenago egin badute helbideratze hori.

c) Udalarekin Lankidetza Hitzarmena sinatu duten finka-administratzaileek, errekurtsoak zerikusia badu hitzarmenean araututako zorrekin.

2.- Berraztertze-errekurtsoa ez onartzea erabakitzen badu Udalak, bukatu egingo da, ordutik aurrera, kobrantza etenda izateko aldia, ondorio guztiekin, bermea eratzeko eta administrazio-egintzak betetzeko obligazioei dagokienez.





22. artikulua.- Ordainarazte-aldia autonomiadun erakunde eta udal patronatuen errekurtsoei dagokienez

Autonomiadun erakundeek eta udal-patronatuek, zuzenbide publikoaren arabera dagozkien ondasunak kobratzeko borondatezko epea amaituta, Udaleko zerga-biltzaileari eskatuko diote, Patronatuko Batzordeak hartutako erabakiaren bidez, zerga-zorrak kobratzeko ordainarazte-bideari ekin diezaiola.


Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta indarrean izango da, harik eta hura indargabetzeko edo aldatzeko erabakia hartzen den arte.


EGINBIDEA: Honen bidez, adierazten da Donostiako udalbatzak 2010eko otsailaren 26an egindako bilkuran onartu zuela, behin-behineko izaeraz, Donostiako Udaleko zergak eta zuzenbide publikoaren araberako bestelako sarrerak biltzeari buruzko ordenantzaren aldaketa, eta 2010eko martxoaren 16an argitaratu zela GAO aldizkariko 50. zenbakian.