Ur horniketa zerbitzuagatiko prezio publikoa 1998

UR HORNIKETA ZERBITZUAGATIKO PREZIO PUBLIKOA


1. artikulua.

1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoak, prezio publikoei buruz ematen dituen xedapenekin bat etorriz, ur horniketa zerbitzuagatiko prezio publikoa arautu eta ordainarazten da.


2. artikulua. Zerbitzua

a) 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Ihardunbidearen Oinarriak arautzekoak, 25 eta 86. artikuluetan eta Toki Erakundeen Zerbitzuei buruzko Araudiak 30. artikuluan eta hurrengoetan aitortzen dizkioten ahalmenekin bat etorriz, Donostiako Udalak zerbitzua antolatzeko eta kudeatzeko modua arautzen du.

b) Honako iharduerak sartzen dira zerbitzuan:

- Udal sareari lotzeko beharrezko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko Udalak egindako lanak.

- Ura banatu eta eraikinak urez hornitzeko udal sarea mantendu, kontserbatu eta hobetzea.

- Kontagailuak alokatzea, mantentzea eta, behar izanez gero, berriak erostea.

- Kontagailuak zaindu, konpondu eta, beharrezkoa izanez gero, ordezkatzea.

c) zerbitzua eskatzen duenak eta Udalak elkarri aitortu behar dizkioten eskubide eta betebeharrak Ur Horniketa Zerbitzuari buruzko Araudi Orokorrean daude araututa, eta abonamendu agirian eta hartuneak egiteko baimenetan zehazten dira zerbitzu mota bakoitzari dagozkionak.


3. artikulua. Prezioak erabakitzea

a) 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituenak, 50. artikuluan jasotakoarekin bat, Udalbatzarrak du prezio publikoak erabaki eta aldatzeko ahalmena.

b) Zerbitzuen prezioak idazki honetako eraskinean azaltzen dira.


4. artikulua. Nork duen ordaindu beharra

a) Gizakiek eta zuzenbide izakiek, oinordekotza banatugabeek, ondasunen elkarteek eta, zuzenbide nortasunik izan gabe, unitate ekonomikoa diren edo zergagai den aparteko ondarea duten bestelako entitateek, baldin eta zerbitzua jasotzen duten ondasunak okupatzen badituzte, zerbitzutik nolabaiteko onura ateratzen badute edo zerbitzua jasotzeko eskatzen badute.

Zerbitzuaren onuraduna batez ere ondasun higiezinaren erabiltzailea dela jotzen da, bera baita ura gasta dezakeena; ondasunaren jabea bigarren onuraduntzat jotzen da, bertan zerbitzua izatetik nolabaiteko onura ateratzen du eta.

Honakoek dute ordaindu beharra:

a1) Hartuneak ikuskatzea: udal sarearekiko lotura egiteko edo eskatzeko eskatu duen laguna, dela sustatzailea, dela erakinaren jabea.

a2) Ur horniduragatik era, hala balegokio, kontagailua alokatu edo zaintzeagatik:

- Abonamendu kuota finkoa, kontagailua alokatzeagatiko kuota -hala badagokio- eta ur horniketagatiko kuota aldagarria: ondasun higiezinaren erabiltzaileak eta, eraiketa garaian, obraren sustatzaileak.

- Abonamendu kuota finkoa eta, hala badagokio, kontagailua alokatzeagatiko kuota: ondasun higiezinaren jabeak, erabiltzailerik ez badago edo, egonda ere, ordaintzen ez badu.

b) erabiltzailerik edo erabiltzeko eskubidea duenik ez dagoela behar bezala egiaztatu eta gero hartunea ixteko baimena -zerbitzuaren kudeatzaileak emana- eskuratu duten ondasun higiezinen jabeek ez dute ur horniketa zerbitzuagatiko prezio publikoa ordaindu beharrik izango.


5. artikulua. Bestelako betebeharrak

Zerbitzua jaso nahi dutenek honakoa egin beharko dute:

a) Hartunea gauzatzeko baimena eskuratzea.

b) Abonamendu agiria sinatzea.

c) Zerbitzuetatiko baja eskatzea.

d) Horniketaren onuraduna edo erabilera aldatuz gero, horren berri ematea, aldaketa egin eta hogeita hamar egun iragan baino lehen.


6. artikulua. Noiz sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra

1. Zerbitzuak ematen hasten direnetik sortzen da ordaindu beharra.

2. Zerbitzuaren kudeatzaileak fidantzak eskatzeko eskubidea du, betebeharrak beteko direla ziurtatzeko.

3. Prezio publikoak honela ordainduko dira:

a) Hartuneak aztertzea:

- Obra egiteko baimena luzatu aurreti, obretako hartuneetan eta lehengo behin betiko hartuneak ordeztu eta zabaltzekoetan.

- Hirigintzako tasaren likidazioaz bat obra berrietako behin betiko hartuneetan.

b) Ur horniketagatik eta, ala badagokio, kontagailua alokatu edo zaintzeagatik, saneamendu zerbitzuagatik ordaindu beharrekoarekin batera:

- Hilero: bolumen handiko kontsumatzaileek, Ur Zerbitzua eskabidea onartzen dien eskatzaileek eta ordaindu beharra ez betetzeagatik zerbitzuak berak hala egitera derrigortutako erabiltzaileak.

- Lauhilabetero edo hiruhilabetero: gainontzeko erabiltzaileek.

4. 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauko 2.2 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz, prezio publiko hauengatiko zorrak administrazioaren behartze bidez ordainaraz daitezke.


7. artikulua. Azken xedapena

Agiri honek eta bere eraskinak 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute indarra, aldatzea edo indarra kentzea erabaki arte.

11. artikulua. Indargabetzeko xedapena

Ur Horniketa Zerbitzuagatiko Prezio Publikoa arautzen zuen lehengo agiria indarrik gabe gelditzen da.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Ur Hornikuntzarako zerbitzua emateagatiko Prezio Publikoa arautzen duen Ordenantza eta bere Eraskina 1997ko Urriaren 14an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zirela. Haietan ezarritako aldaketak 1997ko Abenduaren 31ko 249.GAOn argitaratu ziren.