Donostiako Udaleko Erreklamazio Ekonomiko Administratibok Ebazteko Arautegia 2004

Donostiako Udaleko Erreklamazio Ekonomiko Administratibok Ebazteko Arautegia


ZIOEN AZALPENA


Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurrien gaineko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak ezartzen duenez, biztanle-kopuru handiko udalerrietan Organo bat izango da erreklamazio ekonomiko administratiboak ebazteko.

Donostiako Udal Auzitegi Ekonomiko Administratibo izena izango duen Organo hori sortu nahi izatearen helburua, hain zuzen ere, administrazioarekiko auzi-gaietan gatazka juridikorako aukerak murriztea da, eta bide batez, herritarrek zerga-alorrean eta zuzenbide publikoko diru-sarreren zerga-kudeaketan dituzten eskubideen defentsa merkatu eta arintzea.

Auzitegi horrek ondoko eginkizunak izango ditu:

a) Udalaren eskumen diren zergak eta Zuzenbide Publikoko gainerako diru-sarrerak kudeatu, likidatu, bildu eta ikuskatzeko egintzei buruz egiten diren erreklamazioak ebaztea.

Zuzenbide publikoko erregimenean zerbitzuak eskaintzeagatik edo jarduerak egiteagatik, zergen alorrean tasa gisa sailkatzeari buruz Zergen Lege Orokorrean ematen den interpretazioaren barruan jasotzen da eskumen hori.

Halaber, eta zuzenbide publikoko gainerako diru-sarrerei dagokienez, Zergen Lege Orokorraren Laugarren Xedapen Gehigarriak ezartzen duenaren arabera, Toki Ogasunak arautzen dituzten xedapenetan aurreikusitako araudiak mugatzen du eskumen hori, eta Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 108. artikuluak zehazten du, diru-sarrera horien aplikaziorako eta eraginkortasunerako egintzak bakar-bakarrik jasotzen dituelako, hau da, horiek eskatzea, edo bestela esanda, horiek kobratzea.

b) Ordenantza Fiskalen proiektuei buruz aholku ematea eta zerga-arloan ikerketak eta proposamenak egitea.



Erabaki denez, haren funtzionamenduan independentzia ekonomikoa, azkartasuna eta doakotasuna izango dira irizpide nagusiak.

Auzitegiaren osaera, eskumenak, antolaketa eta funtzionamendua eta erreklamazioen prozedura arautzeko Arautegi honek 57/2003 Legean eta Gipuzkoako esparruari dagozkion gainerako araudi osagarrietan aurreikusitakoa beteko du, tokian tokiko auzitegi ekonomiko administratiboetan aurkeztu beharreko erreklamazioei dagokienez.

Arautegia hainbat titulutan banaturik dago. Lehenengoa Auzitegiaren funtzionamendu eta antolaketari buruzkoa da; bigarrena interesatuei buruzkoa; hirugarrena erreklamazioen xedeari buruzkoa, laugarrena eteteari buruzkoa; bosgarrena prozedurari buruzkoa eta seigarrena hura administrazio-bidean berrikusteari buruzkoa.

Auzitegiaren eraketari dagokionez, Lege horrek adierazten du, kide kopuru bakoitia izango duela eta gutxienez hiru kide izango dituela. Kide horiek Udal Batzarrak izendatuko ditu gehiengo osoaren botoarekin, gaitasun teknikoa aitortua duten pertsonen artean.

Horren ondorioz, eta biztanle-kopuru handiko udalerrien antolaketa-erregimena Donostiako Udalari aplikagarri zaiola kontuan izanik, egoki da Auzitegi hori sortzea erreklamazio ekonomiko administratiboak ebazteko.

Legez agindutakoa beteaz, eta Arautegi honen bidez, aipaturiko Auzitegi horren eta erreklamazio ekonomiko administratiboen funtzionamendu-araudia ezarri da.


I. TITULUA
Funtzionamendu Arauak
I. Kapitulua
Udal Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren eskumenak


1. Art. Donostiako Udal Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren eskumenak.

Donostiako Udal Auzitegi Ekonomiko Administratiboak ondoko eskumen hauek izango ditu:

1. Udalaren eskumenekoak diren zergak eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak kudeatu, likidatu, bildu eta ikuskatzeko egintzei buruz egiten diren erreklamazioak ezagutzea eta ebaztea.

2. Ordenantza Fiskalen proiektuei buruzko diktamen ez-loteslea.

3. Zerga-arloan azterketak eta proposamenak prestatzea.


4. Berariazko lege-aginduz aitortzen zaizkion beste gainerakoak.






II. KAPITULUA
Osaera, Funtzionamendua eta Antolaketa


2. Art. Auzitegiaren Osaera.

1. Donostiako Udal Auzitegi Ekonomiko Administratiboak Lehendakari bat eta bi Bokal izango ditu, eta Idazkari baten laguntzaz jardungo du.

2. Bertako kideek kopuru bakoiti bat osatuko dute, eta kide horiek Udal Batzarrak izendatuko ditu zerga arloan gaitasun tekniko aitortua duten pertsonen artean.

3. Kide horien izendapenak ez du esan nahi Udalarekin inolako enplegu edo kontratu loturarik izango dutenik.

4. Lehendakariak eta Bokalek ordainsari bat jasoko dute bileretan parte hartzeagatik. Ordainsari hori Udal Batzarrak onartuko du Auzitegia eratzean edo bertako kideak izendatu edo berritzean.


3. Auzitegiaren funtzionamendu orokorra

1. Auzitegiaren funtzionamenduan independentzia teknikoa, azkartasuna eta doakotasuna izango dira oinarrizko irizpideak.

2. Prozedura ofizioz abiaraziko da, ezarritako epeen arabera; epe horiek ez dira luzagarriak izango dira eta ez da haien amaiera adierazi beharrik izango.

3. Espedienteak bideratzeko garaian dagokien ordena gordeko da, lehenengo abiarazi denetik hasita izaera bereko espedienteetan, bidezko arrazoiengatik besterik egin behar ez bada behintzat.

4. Auzitegiak Idazkari baten laguntzaz jardungo du. Idazkaria bileretara joan eta eztabaidetan parte hartuko du hitzarekin baina botorik gabe.

5. Auzitegiak kide anitzeko organo gisa jardungo du, erreklamazioak izapidetu eta ebazteko kide bakarreko organo gisa jarduteko araututa dauden kasuetan izan ezik.


6. Aurkeztutako erreklamazioak ebazteko beharrezkoa den guztietan bilduko da Auzitegia, eta nolanahi ere, erreklamazioak aurkeztu eta hurrengo sei hilabeteen barruan ebatzi beharko ditu.

7. Auzitegiaren egoitza Donostiako Udaletxean egingo da, Ijentea kaleko 1 zk.an.

4. Art. Auzitegiak kide bakarreko organo gisa jardutea

Auzitegiak, aldez aurretik erabakita, kide bakarreko organo gisa jardun ahal izango du, eta horretarako berariaz Lehendakaria edo beste edozein Bokal izendatu ahal izango ditu ondoko kasu hauetan:

1. Gaiari dagokion kostua 120 €tik gorakoa ez denean.

2. Arauen legaltasunik eza bakarrik alegatzen denean.

3. Aurka egiten zaion egintza ez jakinaraztea, gaizki jakainaraztea, nahikoa arrazoi ez azaltzea edo inkongruentzia bakarrik alegatzen direnean.

4. Onartezintasun-adierazpena bidezkoa denean.

5. Gaiaren muinari ez dagokion baino harekin zerikusia duten gai jakin batzuetan; adibidez, interesatuen nortasuna, abstentzioa eta ezespena eta erreklamazioen onarpena.

6. Uko egin, atzera egin, iraungi edo prozesuz kanpoko irtenbideren bilatu eta Jarduketak artxibatzeko erabakia hartzen denean.

7. Erregelamenduz aurreikusitako bestelako gorabeherak geratzen direnean.

5. Art. Antolaketa administratiboa.

1. Auzitegiak Idazkari baten laguntzaz jardungo du. Idazkari hori Donostiako Udaleko Finantza Zuzendaritzako Zerbitzuko Buru kargua duen karrerako funtzionarioa izango da.

2. Auzitegiak behar bezalako pertsonal administratibo eta teknikoa izango du prozedura bere urrats guztietan izapidetzeko, espedienteak aldez aurretik aztertzeko, ebazpen-proposamenak idazteko eta Auzitegiak erabakitzen dituen ebazpenak idazteko.

3. Auzitegiko Idazkaria izango da unitate horretako arduraduna.

III
Eraketa eta Barne-erregimena



6. Art. Eraketa eta barne-erregimena.

1. Auzitegia balio osoz eratzeko Lehendakariak eta Bokal batek bertan egon beharko dute. Era berean, bilkura egiteko Idazkariak egon beharko du bertan.

2. Kide guztiek hitza eta bota izango dute.

3. Ebazpenak bertaratutako kideen botoen gehiengoarekin hartuko dira, eta berdinketa gertatuz gero Lehendakariak erabakiko du.

4. Kide guztiek eman behar dute botoa; gehiengoarekin bat ez datorrenak boto partikularra eman ahal izango du idatziz berrogeita zortzi orduren barruan, eta boto hori espedienteari gehituko zaio, baina ez ebazpenean ez jakinarazpenean ez da horren aipamenik egingo.


IV. KAPITULUA
Kideak izendatzea eta kargua uztea


7. Art. Izendatzea eta kargua uztea.

1. Lehendakaria eta Bokalak Udal Batzarrak izendatu eta kenduko ditu.

2. Kideak lau urtean behin izendatuko ditu, legegintzaldi bakoitzaren amaieran egokituko diren epeak betez, izendapen bakoitza berritu arte.

3. Kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua: beraiek hala eskatu dutelako, hautapen-denbora bete delako, Udal Batzarrak erabaki duelako, maltzurkeriazko lege-hauste batengatik kondenatu dituztelako, diziplina-hutsegite larri batengatik zigor irmoa ezarri zaielako, heriotzagatik, ezgaitasuna izateagatik edo gaitasungabetzeagatik.

V. KAPITULUA
Kideak ordezkatzeko erregimena


8. Art. Ordezkapen-erregimena.

1. Lehendakari-kargua hutsik badago, hura kanpoan edo gaixo badago edo legeak adierazitako beste zerbait gertatzen bazaio, Bokalik aspaldikoenak ordezkatuko du, eta bi bokalek aspaldikotasun berbera balute, bietan zaharrenak.



2. Idazkari-kargua hutsik dagoenean, edo hura kanpoan edo gaixo dagoenean, horretarako eskuordeturiko funtzionarioak ordezkatuko du.




VI. KAPITULUA
Parte ez hartzea eta ezestea


9. Art. Parte ez hartzea eta ezestea.

1. Auzitegiko kideek ez dute parte hartzerik izango edo horiek ezesteko proposamena egin ahal izango da, ondoko arrazoi hauengatik: gai horretan interes pertsonala dutelako, interesatuekin odoleko ahaidetasuna, adiskidetasun mina edo etsaitasun nabaria dutelako, edo interesatuarekin zerbitzu-lotura dutelako.

2. Kide bakarreko organo gisa jarduten duenak parte ez hartzeko edo hura ezesteko erabakia gai horixe bakarrik begiratuta hartuko du Auzitegiak, eta, hala badagokio, haren tokian beste kideren bat, edozein, jartzea aginduko du.

Lehendakarik parte ez hartzeko edo hura ezesteko erabakia ere Auzitegiak hartuko du, betiere haren ordez antzinatasunik handieneko kidea edo, bat baino gehiago bada kasu horretan, adinik handienekoa jartzeko diren arauei jarraiki.

Berdin jokatuko da, alegia ordezkapena egiteko diren arauei jarraiki, idazkariak parte ez hartzeko edo hura ezesteko eskaerarik izanez gero.
VII. KAPITULUA
Kideen eginkizunak


10. Art. Lehendakariak ondoko eginkizunak izango ditu.

1. Auzitegiaren ordezkaritza izatea.

2. Bilkuretarako deia egitea eta horietan mahaiburu izatea.

3. Berdinketak bere botoaren bidez ebaztea.

4. Auzitegiak kide bakarreko organo gisa izan behar duen funtzionamendua proposatzea eta eskumen hori legez ezarritako kasuetan erabiliko duen kidea izendatzea.

5. Aktak onartzea eta ziurtagiriak izenpetzea.

6. Beste organo batzuekiko komunikazioak baimentzea.

7. Funtzionarioei bileretarako deia egitea, txostena egin edo ebatzi beharreko erreklamazioen berri eman dezaten.


11. Art. Idazkariak ondoko eginkizunak izango ditu.

1. Erreklamazioetan prozedura ofizioz abiarazteko eta hura behar bezala gauzatu eta burutzeko beharrezkoak diren komunikazioak izenpetzea: adibidez, espedientea agerraraztea, akatsak zuzentzea, apud acta ordezkaritza, probak egitea edo ez onartzea, erreklamazioak pilatzea, beste organo batzuekiko komunikazioa, ziurtagiriak egitea, bertan behera uztea eta ebazpenak betearaztea.

2. Lehendakariari eta Bokalei hitzez eta idatziz aholku ematea.

3. Lehendakariak deituriko bileretan parte hartzea.

4. Ebazpen-proposamenak eta Auzitegiak kide anitzeko eta kide bakarreko organo gisa diharduenean erabakitzen dituen behin-betiko ebazpenak idaztea.

5. Aktak egitea.

6. Hurrengo bileren, Auzitegiak kide bakarreko organo gisa ematen dituen ebazpenen eta prozedurak ebazteko hartzen dituen komunikazioen berri ematea.

7. Interesatuei ebazpenen berri ematea.

8. Emandako epaiak bete daitezen begiratzea.

10. Lehendakariak bere karguaren betebeharrei dagokienez agintzen dituen eta Auzitegiaren funtzionamendu egokirako komeni diren beste eginkizun guztiak.


12. Art. Bokalek ondoko eginkizunak izango dituzte.

1. Lehendakariak deituriko bilkuretan parte hartzea eta hartu beharreko erabakiei buruz botoa ematea.

2. Agintzen dizkieten ebazpen-proposamenak idaztea.

3. Auzitegiak funtzionamendu hobea izateko edo erreklamazioak hobeto ebazten laguntzeko Lehendakariak agintzen dizkien eta Bokal karguarekin bat datozen gainerako eginkizunak.


II. TITULUA
Interesatuak
I. KAPITULUA
Legitimazioa

13. Art. Erreklamazioak egiteko legitimazioa.

1. Honako hauek egin ahal izango dituzte erreklamazio ekonomiko administratiboak:

a) Subjektu pasiboek eta, hala badagokie, zergen arduradunek.

b) Beste edozein pertsonak, baldin eta haren legezko eta zuzeneko interesak egintza administratiboaren eraginpean badaude.

c) Udaleko kontu-hartzaileak, Udalari, bere Erakunde autonomoei eta haren mende dauden gainerako erakundeei betebehar ekonomikoak sorrarazten dizkieten espedienteetan.

2. Ez dute erreklamazioak sustatzeko legitimaziorik izango:

a) Funtzionarioek, beraiei bereziki aitortu zaien eskubide bat zuzenean eta berehala urratzen den kasuetan izan ezik.

b) Partikularrek, Udalaren agente edo ordezkari gisa dihardutenean.

c) Salatzaileek.

d)Itun edo kontratu baten bidez zerga-betebeharrak bereganatzen dituztenek.

3. Erreklamazioetan parte hartu ahal izango dute:

a) Eman beharreko ebazpenaren eragina izan dezaketen eskubideen titularrek edo legezko interesak dituztenek abian jarri den prozeduran parte hartu ahal izango dute, baina gaiaren izapidetze-urratsetan inoiz atzera egin gabe.

b)Prozedura izapidetzen ari den bitartean ikusiko balitz eragindako eskubideak edo legezko interesak dituzten titular batzuk ez direla agertu, jarduketen berri emango zaie, hilabeteko epean beren interesak defendatzeko egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

II. KAPITULUA
Ordezkaritza


14. Art. Ordezkari baten bidez jardutea.

1. Interesatuek beren kabuz edo ordezkari baten bidez jardun ahal izango dute.

2. Ordezkaritza ahalorde nahikoaz ziurtatu ahal izango da, agiri pribatu baten bidez, notarioaren aurrean legeztaturiko sinadurarekin, edo apud acta eman ahal izango da, Auzitegiko Idazkariaren aurrean agertuz.


3. Idazkia hainbat interesatuk sinatzen dutenean, eta idazkian bestelakorik adierazten ez bada, jarduketak lehenengo sinatzaileari dagozkiola ulertuko da.




15. Art. Ordezkaritza ziurtatzeko epea.

1. Ordezkaritza ziurtatzen duen agiria interesatuak sinatu gabeko lehenengo idazkiarekin batera joango da, eta baldintza hori bete gabe ez da bideratuko.

2. Nahiz ahalorderik ez izan edo nahikoa ahalorde ez izan, idazkia aurkeztutakotzat hartuko da, baldin eta hamar eguneko epearen barruan, agertzen denak ahalordea gehitu, aurkeztutakoaren akatsak konpondu eta nahikoa ahalorderik gabe bere izenean eta ordezkaritzan egindako jarduketak zuzentzen baditu.

3. Adierazitako epea bete eta ahalorderik aurkezten ez bada edo atzemandako akatsa zuzentzen ez badu, Idazkariak probidentzia eman eta idazkia ez bideratzea erabakiko du, interesatuak berak sinatua ez bada.

Probidentziaren aurka ekinbide intzidentala sustatu ahal izango da zortzi eguneko epean.


III. KAPITULUA
Erreklamazio kolektiboa

16. Art. Erreklamazio kolektiboa.

Erreklamazio kolektiboa honako kasu hauetan aurkeztu ahal izango da:

1. Hainbat pertsonari batera edo solidarioki dagozkien eskubide edo betebeharren deklarazioen inguruan aurkezten direnean.

2. Interesatu bat baino gehiagoren erreklamazioak direnean, eta erreklamazio horiek kudeaketa-organo beretik , espediente beretik, eta kausa beretik datozenean edo beste batzuen erreprodukzioa direnean, edota salbuespen berak dituztenean, nahiz eta espediente desberdin batetik etorriak izan.
3. Bidezkoa ez den erreklamazio kolektibo bat sustatzen duen idazki bat aurkezten denean, interesatuei jakinaraziko zaie hori bertan behera geratuko dela harik eta banakako erreklamazioak aurkeztu arte.
Idazki horrek indarrean dauden epeak etengo ditu, baldin eta banakako erreklamazioak hamar eguneko epearen barruan aurkezten badira, errekerimendua egin eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.






III. TITULUA
Erreklamazioen helburua
I. KAPITULUA
Aurka egin dakiekeen egintzak


17. Art. Erreklamaziorik onartzen ez duten egintzak.

Ez da inolako erreklamazio ekonomiko administratiborik onartuko ondoko egintzei dagokienez:

1. Bide judizial, zibil edo lanekoan erreklamazioa sortzen dutenak edo bide horri amaiera ematen diotenak.

2. Erreklamazio ekonomiko administratibotik kanpo uzten dituen Lege bati jarraituz agindutakoak.


18. Art. Erreklamazioa onartzen duten egintzak.

1. Auzitegiaren eskumeneko gaiei dagozkien ondoko egintzen kontra jarritako erreklamazioak onartuko dira:

a) Behin-behinekoz edo behin betikoz eskubide bat aitortu edo ukatu edota betebehar bat adierazten dutenak.

b) Auziaren muina zuzenean edo zeharka ebazten duten izapideetakoak edo kudeaketa-bideari amaiera ematen diotenak.

2. Zergak ezartzeko xedea duten ondoko egintzak:

a) Behin-behineko edo behin betiko likidazioak.

b) Autolikidazio baten edo datu-jakinarazpen baten zuzenketa-eskaera batetik datozen berariazko edo ustezko ebazpenak.

c)Errenta, produktu, ondasun, eskubide eta gastuen balio-egiaztapenak eta likidazioa egin aurretik zerga-oinarria ezartzeko egintzak.

d)Aldez aurretik zerga-salbuespenak edo hobariak ukatu edo aitortzen dituztenak.


e)Subjektu pasibo bati aplika dakiokeen zerga-erregimen batean ezartzen direnak, etorkizunean haren ardurapeko betebeharrak –are formalak direnak- ezartzeko erabakigarriak diren neurrian.

f)Likidazio-mota edozein izanik ere, zerga-zigorrak ezartzen dituztenak.

g)Bilketa-prozeduran agindutako egintzak.

h)Aurrekoen desberdinak izanik berariaz aurka egiteko modukotzat hartzen direnak zerga arloko xedapenetan.

3. Ondoko zerga-jarduketa hauek:

a) Legez aurreikusitako zerga-ondorioak dituzten egintzak.

b)Zergadunaren ordezkari batek edo Legeak atxikipena egitera beharturiko pertsonek egindako atxikipenak.

4. Zigorrak ezartzen dituzten egintzak.

II. KAPITULUA
Berrikuspenaren hedadura


19. Art. Eskumenaren hedadura.

1. Erreklamazio ekonomiko administratiboak Auzitegiaren esku uzten du kudeaketa-espedientean eta erreklamazio-espedientean agertzen diren gai guztien berrikuspena, gai horiek interesatuek aurkeztuak izan nahiz ez izan.
2. Eskumen hori erabiliz, Auzitegiak ondoko zereginak izango ditu:

a) Aurka egingo zaion egintza egiaztatuko du, zuzenbidearen araberakoa bada.

b) Egintza erabat edo zati batean deuseztatuko du, ordenamendu juridikoaren arau-hausteren bat dagokionean.

c) Bidezko diren eskubide eta betebeharren deklarazioak egingo ditu eta kudeaketa-organoari aginduko dio ebazpenaren araberako beste egintza bat erabaki dezala.


III. Kapitulua

Erreklamazioak metatzea


20. Art. Erreklamazioak ofizioz pilatzea

Erreklamazio ekonomiko administratiboak ofizioz metatuko dira, haien izapidetze eta ebaztearen ondorioetarako, ondoko kasu hauetan:

1. Interesatuak zuzenbide publikoko zerga edo sarrera berdinari dagokionez jarritakoak.
2. Interesatuek zerga edo zuzenbide publikoko diru-sarrera berdinari dagokionez jarritakoak, baldin eta espediente beretik badatoz edo arazo berdinak azaltzen badituzte
3. Zigor baten aurka jarritakoa, hura sorrarazi duen zerga-zorraren aurka erreklamazioren bat aurkeztu bada.
4. Erreklamazioak metatzeari edo ez meatzeari buruzko ebazpenak ezingo dira errekurritu.


21. Art. Interesatuek erreklamazioak metatzea.

Erreklamazio ekonomiko administratiboak egintza administratibo bakar bati egokituko zaizkio, ondoko kasuetan izan ezik:

1. Kudeaketa-organo beretik, espediente beretik datozenean eta egintzak kausa berari dagozkionean.

2. Beste batzuen erreprodukzio, egiaztapen edo exekuzio direnean edo haiei aurka egitean salbuespen bera erabiltzen denean edota beraien artean zuzeneko lotura dagoenean, espediente desberdinetatik badatoz ere.

IV. TITULUA
Etetea
I. KAPITULUA
Exekuzioa etetea

22. Art. Aurka egin zaion egintza eteteari buruzko arau orokorrak.

1. Edozein unetan eskatu ahal izango da etenaldia, erreklamazioak dirauen bitartean. Erreklamazioa jartzen den une berean eskatzen ez bada, gerora gertatuko diren prozedura-jarduketetan bakarrik izango du eragina.


2. Erreklamazioa jartzeak ez du berez ekarriko aurka egin zaion egintza etetea, eta dagozkion legezko ondorioak izango ditu, hau da, kuota edo eskubide likidatuen, interesen, errekarguen eta zigorren bilketa, non eta etete hori ofizioz egiten ez bada, Bilketa Ordenantzak edo maila goragoko araudiak hala ezartzen duenean.

3. Auzitegiak ikusten duenean etenaldia sorrarazi zuten baldintzak desagertu direla, etenaldiari buruzko ebazpena aldatu ahal izango du.

4. Auzitegiak ikusten baldin badu aurka egin zaion egintzari buruz erabakia hartzean akats aritmetikoa, materiala edo egitezkoa gertatu dela, egintzaren exekuzioa eten ahal izango du bermea jarri behar izan gabe.

5. Etenaldirako eskaera onartzen ez duten egintzak behar bezala arrazoitu beharko dira.

6. Auzitegiak aurka egin zaien egintzen exekuzioa eteteko erabakia hartu eta berehala emango zaio horren berri Udal Zerga-biltzaileari.

7. Erreklamazioa ebatzi ondoren, eta aurka egin zaion egintzari dagokion zenbateko osoa eta beraren zati bat ordaindu behar denean, etenaldi osoagatiko berandutza-interesa likidatuko da, Udalak arrazoi horregatik epeak bete ez baditu edo borondatezko ordain-aldia duen zigorra ez bada behintzat.


23. Art. Etenaldia mantentzea.

1. Berraztertze-errekurtsoan gertatu den etenaldia bide ekonomiko administratiboaren tramitazioak dirauen bitartean mantenduko da.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epearen barruan Interesatuak Auzitegiari jakinarazten badio hura jarri duela eta etetea eskatu duela, administrazio-bidean gertatu den etenaldia mantendu egingo da.
Etenaldiak bere horretan jarraituko du harik eta organo judizialak eskatu den etenaldiari buruzko erabakia hartzen duen arte, betiere administrazio-bidean jarritako bermeak bere indarraldia eta eraginkortasuna gordetzen badu.

3. Erreklamazioen xede izan diren zigorrei dagokienez, eta zigorra administrazio-bidean finkoa izan arte, etenaldia mantendu egingo da aurreko paragrafoan adierazitako moduan, bermea jarri behar izan gabe, harik eta etenaldiari buruzko ebazpen judiziala hartzen den arte.


24. Art. Etenaldia interesatuaren eskariz egitea.

1. Interesatuak hala eskatuta, aurka egin zaion egintzaren exekuzioa automatikoki etenda geratuko da, baldin eta erreklamazio ekonomikoarekin batera, ondoko bermeren bat jarri dela dioen ziurtagiria aurkezten bada: kreditu-entitate baten edo elkarrekiko bermea duen sozietate baten diru-gordailua edo balore publikoak, abala edo fidantza solidarioa, edo zerga-arauetan arauturiko kasuetan behar bezalako kaudimena duten beste zergadun batzuen kauzio-aseguruaren ziurtagiria edo fidantza pertsonala eta solidarioa, aurka egin zaion egintzaren zenbatekoaren, etenaldiak sortzen dituen berandutza-interesen eta bidezko diren errekarguen sarrerari dagozkionak.

2. Salbuespenez, Auzitegiak uste duenean exekuzioak kalte larriak edo konponezinak sor ditzakeela, eta interesatuak eskatzen zaizkion bermeak jartzerik ez duenean, egintza eteteko eskatu ahal izango du.

3. Auzitegiak zerga-zorra edo kopuru likido bat helburu ez duten egintzak eteteko agindu ahal izango du, eta baita informazio-eskakizunak eta laguntzeko betebeharrak ere, interesatuak hala eskatzen badu, eta exekuzioak kalte larriak edo konponezinak egin ditzakeela egiaztatzen badu.

25. Art. Etenaldia ofizioz egitea.

Kobrantza-prozedura ofizioz etenda geratuko da, epe eta modu egokian jarritako erreklamazio ekonomiko administratiboa ebazten den eguna arte, bermea jartzeko betebeharrik izan gabe, Zerga-bilketarako Udal Ordenantzan ezarritako kasuetan.


V. TITULUA
Prozedura
I. KAPITULUA
Hasiera


26. Art. Aurkezteko moduak.

1. Erreklamazioak zuzendu ahal izango zaizkio egintza hori agindu zuen organoari.

Udalak berak zuzenean kudeatzen ez dituen zuzenbide publikoko diru-sarreren aurka egin nahi bada, Auzitegiaren Zuzendaritzarengana jo daiteke zuzenean.

2. Udaletxeko edozein Erregistro Ofizialetan aurkeztu ahal izango dira, eta bertan, zigilua jarri eta erregistratu ondoren, aurkezleari zigilua jarritako kopia bat itzuliko zaio.

Aurkeztutako idatzi originala bidaliko du Erregistroak Auzitegira eta kopia bat agindua eman zuen organora.

3. Teknika eta baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabili ahal izango dira erreklamazioak aurkezteko eta ondoren izapidetzeko, betiere behar bezala garatuak eta onartuak direnean, hain zuzen ere, bi alderdiek dokumentuen egiazkotasuna, osotasuna, kontserbazioa eta harrera bermatzeko.



27. Art. Hasierako idazkia.

Erreklamazioak hasteko modu bat baino gehiago dago:

1. Idazki bat bidali ahal izango da kudeaketa organora, eta bertan eskatuko da kontuan hartzeko erreklamazioa jarrita dagoela; idatzian erreklamazioa egiten duenaren izen osoa jarriko da, IFK edo NAN, jakinarazpenetarako helbidea eta zein ekintzaren aurka egin nahi den.

Aukera izanez gero, aurka egiten den ekintzaren berri ematen duen dokumentuaren fotokopia aurkeztuko da, edo bestela, ekintza horri dagokion espedientea adieraziko da.

2. Erreklamazioa egiteko erabili diren alegazioak aurkeztuko dira idatzi batean, eta egokiak iritzitako dokumentu frogagarriak edo osagarriak; eta egokia denean, frogak proposatuko dira.

Kasu honetan alegazioak egin ahal izateko jendaurrean jartzeko izapideari uko egiten zaiola ulertuko da, berariaz horrela eskatzen ez bada behintzat.


28. Art. Interesatuen egintzen akatsak.

Aurkezten den lehenengo idazkiak edo interesatuen egintzetako batek eskatutako baldintzak betetzen ez dituenean, interesatuari eskatuko zaio akatsak zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko hamar eguneko epean; gainera, jakinaraziko zaio horrela egin ezean erreklamazioa alde batera utzi duela pentsatuko dela, eta beste izapiderik egin gabe ekintzak artxibatu egingo dira eta izapidetzeko eskubidearen indargabetzea aginduko da Idazkariaren probidentziaz.


29. Art. Hasteko epea

1. Hilabeteko epe luzaezinaren barruan jarri ahal izango dira erreklamazioak, aurka egin nahi den ekintza jakinarazten den hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo berraztertze-errekurtsoaren administrazio-isiltasuna dela eta, gaitzespena gertatzen den momentutik kontatzen hasita.

2. Ordaintzeko epemuga duten eta modu kolektiboan jakinarazten diren zorren erreklamazioak jarri ahal izango dira hilabete bateko epe luzaezinean, kobratzeko borondateko epea amaitzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.

3. Epeen kontaketari dagokionez, egunetan zehaztuta datozenetan, egun baliodunak direla ulertzen da, eta jakinarazpena egin edo argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera hasiko dira kontatzen. Hilabete edo urteetan zehaztutakoak hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.


30. Art. Espedientea jasotzea.

1. Behin tarteratze-idazkia jasotakoan, inpugnatutako egintza agindu zuen organoak espedientea osatuko du agindua emateko kontuan hartu ziren egintza eta dokumentuekin, eta hurrengo hamar egunen barruan Auzitegiko Idazkaritzara bidaliko ditu tarteratze-idazkia eta espedientea.

2. Inpugnatutako ekintzan ez denean adierazten zer oinarrik eragin zuten, organoak txosten batekin osatuko du espedientea, eta txosten hori aipatu epean bidali beharko da.

3. Tarteratze-idazkian alegazioak daudenean, inpugnatutako ekintza agindu zuen organoak aukera izango du egintza hori partzialki edo erabat ezeztatzeko, berriro igorri baino lehen dituen hamar eguneko epearen barruan, betiere aurrez berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ez bada. Kasu honetan, Auzitegiari bidaliko zaio agindutako ekintza berria, erreklamazio ekonomikoaren tarteratze-idazkiarekin batera.

II. KAPITULUA
Izapideak egitea

31. Art. Espedientea jendaurrean jartzea.

1. Espedientea erakusgai jarriko da hilabeteko epean erreklamazioan ageri diren interesatuentzat, izapide honi uko egin ez badiote behintzat, aztertu eta alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten.

2. Alegazio-idazkian ekintzak, arrazoiak edo oinarri juridikoak eta dagokion eskaera adieraziko dira.

3. Alegazio-idazkiak aurkeztean, interesatuek frogak proposatu ahal izango dituzte eta egoki iritzitako dokumentuak ere aurkeztu ahal izango dituzte.

4. Erreklamazioaren tarteratze-idazkian egindako alegazioei esker, edo interesatuak hornitutako dokumentuei esker, erabakitzeko beharrezkoak diren datu guztiak egiaztatzen direnean, datu horiek egiazkotzat har daitezkeenean, edo ez onartzeko arrazoi garbiren bat dagoenean, izapide hau baztertu ahal izango da.

5. Auzitegiak azalpen-txostena eskatzen badio egintza agindu zuen organoari, txostena erreklamazioa egiten duenari emango dio horri buruzko alegazioak aurkez ditzan.


32. Art. Froga.

1. Interesatuak espedientea osatu ahal izango du, alegazio-idazkiarekin batera aurkeztuz bere eskubideak defendatzeko komenigarriak izan daitezkeen dokumentu publiko edo pribatu guztiak, eta horien garrantzia Auzitegiak erabakiko du.

2. Interesatuak gertaera garrantzitsuei buruz proposatutako frogak egiteko behar den guztia izango du Idazkariak, eta frogaldia hamar egunez irekitzea erabakiko da honako kasu hauetan:

a) Egintza agindu duen organoak froga ezeztatuko balu, eta hori onartzea egoki iritziko balitz.

b) Proposatutako froga egitea ezinezkoa izango balitz eskatzaileari egotzi ezin dakiokeen arrazoi bategatik, eta hori onartzea egoki iritziko balitz.

c) Alegazioak egiteko epea amaitu eta gero, interesatuak aurrez ezagutzen ez zuen daturen bat jakingo balu, eta espedienterako datu garrantzitsua balitz.

d) Alegazioak egiteko epea amaitu eta gero espedientearen erabakian eragingo lukeen gertaera berri bat gertatuko balitz.

3. Aipatu hipotesietatik kanpo, eta eginbideetan edo hasitako zerga-prozeduretan akatsen bat egon ezean –horiek dokumentu publikoaren izaera baitute eta gertatutakoa frogatzen dute– Idazkariak frogak praktikatzea ukatuko du probidentzia bidez.

Idazkariak proposatutako frogak ezeztatzeko ez da inolako errekurtsorik jarriko Idazkariak ematen dituen probidentzien aurka.

Erreklamazioa erabakitzerakoan ez dira aztertuko eztabaidatutako gaiak ezagutzeko behar-beharrezkoak diren frogak, eta beraz, azken hauek aipatu baino ez dira egingo eta burutuko ez direnak erabakiko dira.

4. Idazkariak prest izango du ebazpen egokia emateko ofizioz ezinbestekotzat jotzen dituen frogak egiteko beharrezkoa den guztia, edo Auzitegiak proposatzen dituenak, aurrean duen ebazpen-proposamenaren arabera, behin betiko erabakia hartzeko beharrezkoak direla usteagatik.

Kasu honetan, ekintzen berri emango zaie interesatuei komenigarri iritzitakoa argudiatu dezaten hamar eguneko epean.


33. Art. Bista publikoa eskatzea.

1. Erreklamazioa jartzean edo alegazioak izapidetzean, eskatzaileak bista publikoa egiteko eskatu ahal izango du idatziz, eta gainera, bista horretara nor joatea nahi duen adierazi ahal izango du.

2. Auzitegiak, erreklamazioak duen garrantziaren arabera eta beste baldintza batzuen arabera, asmo hori onartzea edo ez onartzea erabaki dezake, ondoko errekurtsorik gabe.


3. Auzitegiak asmoa ez onartzea erabaki duela ulertuko da, aurrez ahozko entzutea egiteko erabakia hartu baino lehen aurkeztutako erreklamazioari buruzko epaia ematen duenean.





III. KAPITULUA
Jardueren berri ematea

34. Art. Jardueren berri ematea.

1.Interesatuei eragiten dieten ekintza eta ebazpen guztiak, edo erreklamazioari amaiera ematen dioten erabakiak jakinaraziko zaizkie adierazitako helbidean, edo bestela Auzitegiko Idazkaritzan, eta horretarako, testuaren kopia emango zaie.

2. Jakinarazpenak adieraziko du ekintza edo ebazpena behin betikoa den edo ez bide ekonomiko administratiboan, eta era berean, egokiak diren errekurtsoak jakinaraziko dira, zein organoren aurrean aurkeztu behar diren, eta zein epe duen errekurtso horiek jartzeko.

IV. KAPITULUA
Prozeduraren amaiera

35. Art. Bukatzeko moduak.

1. Prozedura amaitu egingo da erreklamazioa oinarritzen den eskubideari uko eginez gero, eskaera edo instantziari uko eginez gero, etete-arrazoiengatik, prozesuz kanpoko irtenbide batengatik eta ebazpen bidez.

2. Kasu horietan guztietan, hau da, uko edo atzera eginez gero, iraungiz gero edo prozesuz kanpoko irtenbidea bilatuz gero, jarduerak artxibatzeko aginduko da.


36. Art. Ebazpenik ezaren ondorioak

1. Erabakia hartu eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabete izango dira, erreklamazioa jartzen den egunetik kontatzen hasita.

2. Epe hori igaro eta gero, interesatuak erreklamazioa gaitzetsitzat hartu ahal izango du, eta beraz, egokia den errekurtsoa jarri ahal izango du, eta horretarako epea erreklamazioa gaitzesten den hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen.


37. Art. Iraungitzea.

1. Erabakia hartzeko ezinbestekoak diren izapideak betetzean prozedura etenda geratzen bada interesatuari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, Idazkariak ohartaraziko dio eskaera egiten denetik hiru hilabetera iraungi egingo dela.

Epe hori amaitzen bada beharrezko jarduera egin gabe, jarduerak artxibatzea erabakiko da.

2. Eskaria iraungitzeak ez dakar, berez, partikularraren edo Udalaren ekintzak preskribatzea, baina iraungitako prozedurek ez dute preskripzio-epea etengo.


38. Art. Auzitegiaren ebazpena.

1. Auzitegiak ezingo dio bere ezagutzapean jarri den erreklamazioa erabakitzeari uko egin arrazoizko zalantzaren bat ez badu edo manamendu legaletan akatsen bat izan ezean.

2. Auzitegiaren izenean diharduen Lehendakariak edo Bokalak ebazpen guztien berri emango dio hurrengo bileran.

3. Erreklamazioari buruzko erabakia hartzeko jarri den bilera baino bost egun lehenago, Idazkariak Auzitegiko kide guztien esku jarriko du ebazpen-proposamena.

4. Auzitegiak behin betiko erabakia hartu baino lehen, frogaren bat egiteko eskatu ahal izango du, eta baita ere edozein funtzionarioren diktamena eskatzeko edo gaia erabakiko den bilerara joateko.

5. Behin betiko ebazpenek honako datuak izango dituzte: tokia, data, organoa, interesatuen izenak, ebazpen horien oinarri diren zuzenbideko gertaera eta oinarriak, eta espedientean sortzen diren gai guztiak erabakiko dituen epaia, interesatuek planteatukoak izan edo ez.



39. Art. Ebazpen motak.

1. Ebazpenak erreklamazioa onartzen dutenak, gaitzesten dutenak, onartezina dela adierazten dutenak edo artxibatzeko agindua ematen dutenak izan daitezke.

2. Erreklamazioa onartzen duen ebazpen bidez inpugnatutako jarduna erabat edo partzialki ezabatu ahal izango da zuzenbide sustantiboko arrazoiengatik edo akats formalengatik.

3. Erreklamazioa egiten duenari defendatzeko aukerak gutxitu dizkion akats formalak antzematen direnean ebazpenak aginduko du jarduerak atzera ekartzeko, akats formala egin zen momentura hain zuzen, eta horrela, egintza baliogabetuko da eragindako zatian.

4. Ondorengo kasu hauetan erreklamazioa ezin dela onartu adieraziko da:

a) Administrazioarekiko diru-erreklamaziorik onartzen ez duten jarduera edo ebazpenak inpugnatzen direnean.

b) Erreklamazioa epetik kanpo aurkeztu denean.

c) Erreklamatutako egintza edo jarduera identifikatu gabe dagoenean.
d) Eskaerak loturarik ez duenean aurka egindako egintzarekin.

e) Legitimazio edo ordezkaritza akatsak daudenean.

f) Erreklamatutako egintzaren oinarri esklusiboa aurrez onartua dagoen egintza irmoa denean, aurrez izandako egintza behin betiko eta irmoen berdinak diren egintzen aurkako errekurtsoa aurkezten denean, edo onartutako beste jarduera batzuk baieztatzen dituzten egintzen aurka aurkezten direnean, eta gauza epaitua dagoenean.

V. KAPITULUA
Ebazpenaren exekuzioa

40. Art. Ebazpena exekutatzea.

1. Ebazpenak jakinarazi ondoren, dagokion bulegora bidaliko dira kudeaketa-jarduerak zein ebazpena, eta bertan jaso izanaren berri emango da.

2. Erreklamazioa eragin duen egintza administratiboa zuzendu beharko balitz, hamabost eguneko epearen barruan egiaztatuko da.

3. Erreklamazioa aztertu ondoren erabakiko balitz sartu behar ez ziren diru-kopuruak itzuli behar direla, interesatuak eskubidea izango luke sarrera-datatik aurrera dagozkion legezko interesak kobratzeko.

VI. TITULUA
Berrikuspena administrazio-bidetik.

41. Art. Berrikuspena.

1. Auzitegiaren ebazpen irmoak ezingo dira baliogabetu edo aldatu ofiziozko administrazio-bidean, ez eta alderdiak hala eskaturik ere, horretarako ematen den arrazoia edozein delarik ere honako kasuetan izan ezik: erabateko deuseztasuna, akatsen zuzenketa eta berrikusteko errekurtso berezia.

2.Epai irmo bidez baieztatutako Auzitegiko ebazpenak ezingo dira inolaz ere berrikusi.

3. Auzitegiaren ebazpenak kaltegarriak direla adierazi ahal izango da Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean aurreikusitako prozeduraren arabera.

Xedapen Gehigarria.

Araudi honek berariaz adierazten ez duenari dagokionez, administrazioarekiko diru-erreklamazioetan aplikagarriak diren zergei buruzko foru arauak eta estatu mailakoak aplikatuko dira osagarri moduan.

Azken xedapena.

Araudi hau indarrean jarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera, eta hain zuzen ere egun horretatik aurrera ematen diren aginduetan aplikatu ahal izango da, Donostiako Auzitegi Ekonomiko Administratiboan administrazioarekiko diru-erreklamazioak egiten diren kasuetan.

Donostian, 2004ko maiatzaren 26an.