Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuei dagozkien prezio publikoak 2011

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuei dagozkien prezio publikoak



1. art.-

Gipuzkoako Herri Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan prezio publikoei buruz xedatutakoarekin bat, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuei dagozkien prezio publikoak arautu eta galdatu egiten dira.


2. art.-

1. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak, udal erakunde autonomiaduna izanik, musika eta dantzaren irakaskuntza ez arautua du helburu; ikasturteko programak prestatu, irakaskuntza antolatu, eta bertara sartzeko irizpideak finkatu eta galdatzen ditu.

2. Bestalde, beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu, hala nola, isats-pianoa eta ikasgelak erabiltzeko aukera eta txistularien udal bandak ematen dituen kontzertuak. Horiek ere arautzen dira hemen.


3. art.-

Prezio publikoa ordaindu beharra zerbitzua ematen hasten den momentuan bertan hasten da. Hala ere, Eskolak eskubidea du prezio publiko osoa edo zati bat aurretik eskatzeko.


4. art.-

1. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenak Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak eskaturiko izapideak bete beharko ditu eta izenemate edo aurrez izenematea egin, Eskolak berak zehazturiko epeetan.

2. Matrikula behin-betikoa izan dadin, Donostian erroldaturik egotearen ziurtagiria beharko da.

3. Donostiako biztanleak ez direnek ere egin dezakete matrikula, leku hutsik egonez gero.


5. art.-

Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuak erabiltzen dituzten guztiek ordaindu behar dute dagokien prezio publikoa, zerbitzu mota eta zentroa edozein direla ere.


6. art.-

Prezio publikoak Udalaren Musika eta Dantza Eskolak proposatzen ditu eta Udalbatzak onartu -hala agintzen du uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoak, 50. artikuluan-.

Prezio publikoa matrikularen prezioan eta hamar kuotatan banatzen da, eta ez bata ez besteak ezin dira murriztu. Kuotak hilero kobratuko dira (irailetik ekaina arte), hila hasi baino lehen. Salbuespen bakarra Eskolako Administrazioan baja eskatzea izango da.

Ikasturtea hasitakoan, matrikula, eta ondorioz, eskolen hasiera hilaren 15etik aurrera gertatuz gero, ez da zertan hilabete horretakoa ordaindurik, bai, ordea, matrikula sari osoa.


7. art.-

1. Eskolak berak izendatutako erakundeetan eta ezarritako epeetan ordaindu behar dira prezio publikoak.Nola matrikula hala gainerako zerbitzuak matrikula egin edo zerbitzu horiek ematea onartu baino lehen ordaindu behar dira.

2. Eskolak jarritako bideak eta epeak bete eta matrikulari uko eginez gero, atzera ere itzuli egingo da ordaindutako dirua. Eskolak jarritako bideak eta epeak bete ezean, ez da ordaindutako dirurik itzuliko.

3. Prezio publikoa ordaindu ezean, izena emateko eskaera, matrikula eta zerbitzuak erabiltzeko baimena bertan behera geldituko dira.

4. Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauko 2-2 artikuluan jasotakoa betez, Udalak behartze-bidetik eskatu ahal izango ditu prezio horiengatiko zorrak.


Art. 8.-

1. Zerbitzua eman ez eta ez-emate hori ordainketa egin behar duenari egotz ezin dakiokeenean, dagokion zenbatekoa itzuli egingo zaio.

2. Ordainketa egin behar duenak ikasturtea hasi baino lehen eta arrazoi sendoak izanda uko egiten badio aurrez ordaindutako matrikulari, dirua itzuli egingo zaio.



Azken xedapena

Prezio publiko hauek 2011-2012 ikasturtean sartuko dira indarrean, eta indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.



EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuei dagozkien Prezio Publikoak arautzen dituen Ordenantzaren eranskina 2010eko abenduaren 29ko Udalbatzan behin betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 2010eko abenduaren 30eko 249. GAOn argitaratu ziren.

2011ko martxoaren 8ko 45. zk-an GAOn huts zuzenketa bat argitaratu du.