Ekonomi Ihardueren gaineko zerga 2002

EKONOMI IHARDUEREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEKO ORDENANTZA



1. artikulua.

1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoak, eta 1993ko apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretuak, Ekonomi Ihardueren gaineko Zergaren Testu Bateratzaileak, batetik, eta, bestetik, gaia garatzen duten gainontzeko arauek xedatutakoa betez, Ekonomi Ihardueren gaineko Zerga arautu eta ordainarazten da:


2. artikulua. Izaera

Ekonomi Ihardueren gaineko Zerga izaera erreala duen zuzeneko zerga da.


3. artikulua. Zergapeko iharduera

1. Udalerri honetan enpresa, lanbide edo arte ihardueretan aritze hutsa egongo da zerga honen pean, iharduera horiek toki jakin batean egin ala ez, eta zergaren tarifetan zehaztuta egon ala ez.

2. Zerga honen ondorioetarako, meatze, industria, merkataritza, zerbitzu eta abelzaintzakoak -menpekoak ez direnean- jotzen dira enpresa ihardueratzat. Ez dira, beraz, halakotzat hartuko nekazaritza iharduerak, abelzaintzako menpekoak, basogintza eta arrantzakoak.

Horretarako, mantenutzat nagusiki ustiaketatik kanpoko jaki eta pentsuak dituzten abelazkuntza ustiapenak hartuko dira abelazkuntza independientetzat.

3. Iharduera batean, ondasun edo zerbitzuen ekoizpen edo banaketan parte hartzeko, nork bere kabuz ekoizpen eta giza baliabideak antolatzen baditu, iharduera hori enpresa, lanbide edo arte jitezkotzat joko da.

4. Zergapeko ihardueretan aritzea zuzenbidean onargarri den edozein eratan frogatu beharko da eta, bereziki, Merkataritza Kodeko 3. artikuluan eta hemen azaltzen diren moduetako batean:

a) Interesatuak zein bere legezko ordezkariek egindako edozein zerga aitorpenen bidez

b) Interesatuak zein bere legezko ordezkariek eginbide batean, ikuskaritza akta batean nahiz bestelako zerga espedienteren batean aitortuz

c) Ekonomi iharduera badela agerian uzten duen edozein publizitate mota, hala nola, iragarkiak, idazkiak, eraskuskariak, errotuluak...

d) edozein organismo nahiz enpresaren kontabilitate liburu zein erregistrotatik hartutako datuak; horien arduradunek edo Administrazioak berak sinatuak izan behar dute

e) bere kabuz zein zerga ahalmena duen administrazioak eskatuta, edozein agintarik ematen dituen datuak

f) beren kasa nahiz Administrazioak eskatuta, merkataritza, industri eta itsasketa elkargo ofizialek, lanbide elkargo eta elkarteek eta ofizialki onartutako gainontzeko erakundeek ematen dituzten datuak.






4. artikulua.

Honako iharduera hauetan aritzeagatik ez da zerga hau ordaindu behar izango:

1. Enpresen aktibo finkokoak izan eta, besterenganatu baino bi urte lehenagotik, ibilgetu horretan behar bezala inbentariaturik egon diren ondasunak besterenganatzea, batetik, eta, bestetik, saltzailearen erabilera partikular eta pribatuko ondasunak saltzea, baldin eta bi urte lehenagotik erabili baditu.

2. Lan pertsonalen edo lanbide zerbitzuen ordain jasotako ekoizkinak saltzea.

3. Artikuluak erakustea, establezimendua apaindu edo edertzeko baino ez bada. Bezeroei opari egiteko artikuluak erakustea, aldiz, zergapean egongo da.

4. Txikikazko salmenta denean, eragiketa bakar isolatua egitea.


5. artikulua. Salbuespenak

Udalak onartutako salbuespenek eskatu direneko zerga-alditik aurrera izango dute indarra:

1. Hona hemen zerga ordaindu behar ez dutenak:

a) Estatua, Euskal Autonomi Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta udal erakundeak, bai eta beren administrazio organo autonomiadunak ere.

b) Nazioarteko itun edo hitzarmenak direla eta, salbuetsiak behar duten zergapekoak.

c) Gizarte Segurantza kudeatzen duten erakundea eta indarren dauden legeen arabera sortutako giza aurreikuspeneko mutualitateak.

d) Ikerketa alorreko erakunde publikoak eta Estatuaren, Euskal Autonomi Elkartearen, Foru Aldundiaren, udal erakundeen nahiz ongintzako edo erabilgarritasun publikoko fundazioen diruen pentsutan zeharo finantzaturiko ikastetxeak, maila guztietakoak. Bai eta, hezkuntza itunen barruan izanik, irabazi xederik ez duten edozein mailatako ikastetxeak ere, nahiz eta ikasleei liburuak zein idatz materiala saldu eta jan eta lotarako edo bazkaltzeko bakarrik ostatu eman eta, salbuespen gisa, irakaskuntzarako erabilitako lantegietan ekoizten dutena ikastetxean bertan saltzen badute ere, beti ere salmentarekin irabazitakoa lehengaiak erosteko edo ikastetxeari eusteko baino erabiltzen ez bada, hortik ikastetxe barruko zein kanpoko inork irabazpiderik atera gabe.

e) Gorputz, adimen eta zentzumen urrikoen aldeko irabazi xederik gabeko elkarte eta fundazioak, ezinduen irakaskuntza, hezkuntza, birgaikuntza eta babeserako egiten duten pedagogi, zientzi, laguntza eta enplegu iharduerengatik, nahiz eta horretarako erabilitako lantegietan ekoizten dutena saldu, beti ere salmentarekin irabazitakoa lehengaiak erosteko edo elkarteari eusteko baino erabiltzen ez bada, hortik elkarte barruko zein kanpoko inork irabazpiderik atera gabe.

f) Gurutze Gorria eta arau bidez zehazten diren antzeko erakundeak.

g) Martxoaren 24ko 5/1995 Foru Arauak, partikularrek interes orokorreko ekintzetan parte hartzea bultzatzeko zerga pizgarriei buruzkoak, zerg honetatik salbuetsita izatea aitortzen dien erakundeak.

h) Elkarteen Erregistroan inskribatutako irabazi asmorik gabeko elkarteak, baldin eta udalarekin batera lankidetza jarduerak burutzeagatik bertako organo eskudunak herri onurakoak izendatzen baditu.

Salbuespena beren zeregin propioen barruan sartzen diren eta udalerriko gutxieneko kuotarekin zergapetzen diren jarduerei aplikatuko zaie.

2. Aurreko ataleko d), e), g) eta h) hizkietan arautzen diren hobariak mesedezkoak izango dira eta doakionak eskatu egin beharko ditu.


6. artikulua. Hobariak

Haborokin hauetaz goza ahal izateko aurrez Udalaren onespena beharrezko izango da, zeina eraginkor izango eskabidearen zergaldian.

1. Kuotaren %95eko haborokina izango dute, eta egokituz gero, errekarguena:

- Ondoko mota hauetako lehen mailako Babes Bereziko Kooperatibak: Elkar laneko Kooperatibak, Nekazal Kooperatibak, Ustiapen Bateratukoak eta Irakaskuntzakoak.

- Transformazioko Nekazal Elkarteak.

2. 1993ko ekainaren 26ko 11/1993 Foru Arauko 14. artikuluarekin bat, elkarteen gaineko zerga ordaintzeko izerarik ez dutela, ekonomi unitate edo ondare berezitu zergagarria osatzen duten gainontzeko elkarteek ordaindu behar dute zerga hau, baldin eta zerga honen pean dauden ihardueretakoren bat udalerri honetan egiten badute.

3. Enpresek kuotaren %95eko hobaria izango dute instalazio berrietan edo lehengoen hedapenetan, industri jarduera ezarri edo hedatzeko proiektua Diputatuen Kontseiluak estrategikotzat joz gero, bost urtez udalak aitortzen dien egunetik aurrera.

4. Jarduerari ekin eta lehenbiziko bost urteetan kuotaren %50eko hobaria izango dute, aldaketa koefizientearen eta egoera koefizientearen arabera aldatua, hala badagokio, jarduerari ekiten dion subjektu pasiboak, baldin eta udalaren kuotarik txikiena ordaintzen badu eta beste titularitate baten azpian jarduera ekonomiko horretan aritu gabe bada.


7. artikulua. Zergapekoak

Gizaki zein zuzenbide izakiek, oinordekotza banatugabeek, ondasun erkidegoek eta, zuzenbidezko izerarik ez dutela, ekonomi unitate edo ondare berezitu zergagarria osatzen duten gainontzeko elkarteek ordaindu behar dute zerga hau, baldin eta zerga honen pean dauden ihardueretakoren bat udalerri honetan egiten badute.


8. artikulua. Tarifak

1. Zerga ezartzeko modua arautzen duen jarraipidea eta zergaren tarifak Zergaren Testu Bateratzailearen eraskin gisa ageri dira, eta bertan honako hauek azaltzen dira:

a) Iharduera ekonomikoen azalpena eta edukina, enpresa, lanbide eta arte iharduera gisa sailkatuta.
b) Iharduera bakoitzarengatik ordaindu beharrekoa, tarifetan eta jarraipidean araututako zergaren osagaien arabera.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Foru Arauek eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeetara egokitzeko lege xedapenek, bai eta zerga neurriei buruzkoek ere, tarifak aldatzeko eta ordainkizunak eguneratzeko ahalmena izango dute.

3. Tarifetan ageri diren ordainkizunak honela daude sailkatuta: udal ordainkizun gutxienekoak, probintziako ordainkizunak eta estatuko ordainkizun bereziak.


9. artikulua. Zerga ordainkizuna

Ordainkizuna finkatzeko zergaren osagaiak ihardueraren seinale diren moduloak dira, tarifetan eta jarraipidean zehaztutakoaren araberakoak. Hona hemen zergaren osagai nagusiak: jarritako potentzia, langile kopurua, txandak, eskubide populazioa, ikuskizunetarako lokalen plaza kopurua eta lokaletako azalera.


10. artikulua.

1. Testu Bateratzailean eta xedapen osagarrietan emandako jarraipideen araberako tarifak, batetik, eta bestetik, Udalak onartutako koefizientea eta egoera indizea, ordenantzaren eraskinean ageri direnak, aintzat hartuko dira zerga ordainkizuna ateratzeko.

2. Udalerri honetan egiten diren iharduera guztietarako Udalak ezarritako koefiziente bakarrak udal ordainkizun gutxienekoen gainean ezarri eta aldatu egiten ditu.

3. Kaleak kategoriaren arabera sailkatzeko ordenantza arautzailean jasotakoarekin bat etorriz Udalak finkatutako egoera indizeak udalerriko lokalen kokalekuari kalearen kategoriaren araberako balore bat emateko balio du. Indizea koefizienteak aldatutako udal ordainkizun gutxienekoen gainean ezartzen da.

4. Foru Diputazioak gutxieneko ordainkizunen gainean ezartzekoa den portzentaia bakar gisa finkatu ahal izango du foru gainordaina.

5. Probintziako ordainkizunei eta estatuko ordainkizun bereziei ezin zaie ezarri ez foru gainordaina, ez koefizientea ez egoera indizea.


11. artikulua. Zerga-aldia eta zerga ordaindu beharra noiz sortu

1. Zerga-aldia bat dator urtearekin, iharduera zabaltzeko adierazpenak direnetan salbu, kasu horretan iharduera hasten denetik urtearen bukaeraraino iraungo du-eta; horrek ez du galerazten artikulu honetako 3. zenbakian jasotakoa.

2. Zerga-aldiaren lehenengo egunetik sortzen da zerga ordaintzeko beharra, eta ordainkizunak ezin izango dira murriztu; dena den, iharduera zabaltzen denean, aurreneko eguna ez bada urtearen lehena, iharduerari ekin zaionetik abenduaren 31 arte dagoen hilabete kopuruaren arabera aterako da ordainkizunen zenbatekoa.

3. Iharduerari uzten bazaio, zerga-aldiak urtarrilaren batetik iharduera amaitzeko adierazpena aurkezten den egunera arte iraungo du. Horrelakoetan, zerga ordaintzeko beharra zerga-aldiaren lehenengo egunean sortzen da, eta ordainkizunaren zenbatekoa urtarrilaren batetik iharduera amaitzeko adierazpena aurkezten den egunera arte dagoen hiruhilabete kopuruaren arabera aterako da.

Zenbaki honetan jasotakoa ez da beteko iharduera zabaltzeko adierazpena eta amaitzekoa urte berean egiten badira. Horrelakoetan, iharduera urte hartako abenduaren 31n amaitu balitz bezala jokatuko da.

Zerga ahalmena duen administrazioak zergaren erroldetan iharduera bat bere kabuz sar dezake, bertatik atera edo beharrezko aldaketak egin, arauetan ezartzekoak diren modu eta baldintzetan.

4. Ikuskizunen kasuan, ordainkizunak finkatzeko ekitaldiak banan-banan hartzen badira, ekitaldi bakoitza egitearekin batera sortzen da zerga ordaindu beharra. Ekitaldiei dagozkien adierazpenak aurkeztu beharko dira, arau batean ezartzekoa den eran.


12. artikulua. Kudeaketa

1. Urteko matrikula, iharduera zabaltzeko eta amaitzeko adierazpenak, aldaketen jakinarazpenak eta ikuskaritza lanak dira zerga kudeatzeko erak.

2. Ekonomi iharduerak, zergapekoak, zerga zorrak eta, halakorik izanez gero, foru gainordaina jasotzen dituzten erroldez osatutako agiriari deitzen zaio matrikula.

3. Hona hemen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eginkizunak:

a) Matrikula egin eta mantentzea, eta iharduera zabaltzeko adierazpenak kitatzea

b) Ekonomi iharduerak kalifikatzea eta errekurtsoak erabakitzea

c) Ordainkizunak eta ordainagiriak finkatzea eta errekurtso eta erreklamazioak erabakitzea

d) Probintziako ordainkizunak eta estatuko ordainkizun bereziak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea

e) Salbuespenak eman zein ukatu aurretik egin beharreko txosten teknikoa egitea.

4. Hona hemen Udalaren eginkizunak:

a) Kudeaketa, kitapena, ikuskaritza eta bilketa, bai borondatezko zerga-aldian bai premiabidezkoan

b) Matrikula jendaurrean erakustea eta zergadunari zergari buruzko informazioa eman eta horretan laguntzea

c) Salbuespenak eta hobariak eman zein ukatzea

d) Bere eskumeneko errekurtso eta erreklamazioak erabakitzea

e) Foru Aldundiari matrikula egiten eta mantentzen, ekonomi iharduerak kalifikatzen eta ordainkizunak finkatzen laguntzea, kudeaketa arautzeko itunean jasotako eran zein lankidetzarako finkatzen den beste moduren batean.

5. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaketa arautzeko itunean edo, lankidetzarako beste modu bat aukeratuz gero, horretan erabakitakoa bete beharko dute, batak besteari eskumenak emateko, elkarri laguntzeko eta elkarren berri jakiteko.


13. artikulua.

Zergapekoek, berek zein askietsitako boterea duten beren ordezkariek, honakook aurkeztu beharko dituzte, eredu normalizatuetan:

1. Iharduera zabaltzeko adierazpen bana ordainkizun bakoitzeko -udal gutxienekoa, probintziakoa zein estatuko berezia. Matrikulan jartzeko behar den guztia agertu beharko dute adierazpenetan, eta zerga hobariak eskatu. Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztuko dizkiote, iharduera zabaldu aurreko hamar egunean.

2. Iharduera amaitzeko adierazpenak eta aldaketa fisiko, ekonomiko eta juridikoenak, zerga kontuetan eraginik izanez gero. Gipuzkoako Foru Aldundiari nahiz Udalari aurkeztu beharko dizkiote, iharduera amaitu zein aldatu eta hilabetea iragan baino lehen.

3. Adierazpenak ez aurkeztea zein epez kanpo aurkeztea huts egite sinpletzat joko da.


Amaierako xedapena

Ordenantza honek 2001eko urtarrilaren 1ean izango du eragina, eta bere eraskinak 2002ko urtarrilaren 1ean. Indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.






Xedapen indargabetzailea

Aurreko Ekonomi Ihardueren gaineko Zergaren ordainkizunen zenbatekoak finkatzeko funtsezko osagaiak arautzen zituen ordenantza indargabe gelditzen da.

EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Ekonomi Ihardueren gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza 4/1999 Foru Arauko bigarren xedapen iragankorrak xedatu bezala, ezarritako Ordenantza 2000ko otsailaren 25ean aldatu zen eta 2000ko martxoaren 31an GAOko 63. alean argitara eman. Eraskina 2001eko urriaren 22an onartu zen eta ezarritako aldaketak 2001eko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.