Ekonomi Ihardueren gaineko zerga 2004

EKONOMI IHARDUEREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEKO ORDENANTZA



1. art.- Foru araudia.

1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoak, eta 1993ko apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretuak, Ekonomi Ihardueren gaineko Zergaren Testu Bateratzaileak, batetik, eta, bestetik, gaia garatzen duten gainontzeko arauek xedatutakoa betez, Ekonomi Ihardueren gaineko Zerga arautu eta ordainarazten da:


2. art.- Izaera

Ekonomi Ihardueren gaineko Zerga izaera erreala duen zuzeneko zerga da.


3. art.- Zergapeko iharduera

1.Udalerri honetan enpresa, lanbide edo arte ihardueretan aritze hutsa egongo da zerga honen pean, iharduera horiek toki jakin batean egin ala ez, eta zergaren tarifetan zehaztuta egon ala ez.

2.Zerga honen ondorioetarako, meatze, industria, merkataritza, zerbitzu eta abelzaintzakoak -menpekoak ez direnean- jotzen dira enpresa ihardueratzat. Ez dira, beraz, halakotzat hartuko nekazaritza iharduerak, abelzaintzako menpekoak, basogintza eta arrantzakoak.

Horretarako, mantenutzat nagusiki ustiaketatik kanpoko jaki eta pentsuak dituzten abelazkuntza ustiapenak hartuko dira abelazkuntza independientetzat.

3. Iharduera batean, ondasun edo zerbitzuen ekoizpen edo banaketan parte hartzeko, nork bere kabuz ekoizpen eta giza baliabideak antolatzen baditu, iharduera hori enpresa, lanbide edo arte jitezkotzat joko da.

4. Zergapeko ihardueretan aritzea zuzenbidean onargarri den edozein eratan frogatu beharko da eta, bereziki, Merkataritza Kodeko 3. artikuluan eta hemen azaltzen diren moduetako batean:

a) Interesatuak zein bere legezko ordezkariek egindako edozein zerga aitorpenen bidez

b) Interesatuak zein bere legezko ordezkariek eginbide batean, ikuskaritza akta batean nahiz bestelako zerga espedienteren batean aitortuz

c) Ekonomi iharduera badela agerian uzten duen edozein publizitate mota, hala nola, iragarkiak, idazkiak, eraskuskariak, errotuluak...

d) edozein organismo nahiz enpresaren kontabilitate liburu zein erregistrotatik hartutako datuak; horien arduradunek edo Administrazioak berak sinatuak izan behar dute

e) bere kabuz zein zerga ahalmena duen administrazioak eskatuta, edozein agintarik ematen dituen datuak

f) beren kasa nahiz Administrazioak eskatuta, merkataritza, industri eta itsasketa elkargo ofizialek, lanbide elkargo eta elkarteek eta ofizialki onartutako gainontzeko erakundeek ematen dituzten datuak.





4. art.- Lotespenik gabe.

Honako iharduera hauetan aritzeagatik ez da zerga hau ordaindu behar izango:

1.- Enpresen aktibo finkokoak izan eta, besterenganatu baino bi urte lehenagotik, ibilgetu horretan behar bezala inbentariaturik egon diren ondasunak besterenganatzea, batetik, eta, bestetik, saltzailearen erabilera partikular eta pribatuko ondasunak saltzea, baldin eta bi urte lehenagotik erabili baditu.

2.- Lan pertsonalen edo lanbide zerbitzuen ordain jasotako ekoizkinak saltzea.

3.- Artikuluak erakustea, establezimendua apaindu edo edertzeko baino ez bada. Bezeroei opari egiteko artikuluak erakustea, aldiz, zergapean egongo da.

4.- Txikikazko salmenta denean, eragiketa bakar isolatua egitea.


5. art.- Sortzapena

1.- Zerga-aldiaren lehenengo egunetik sortzen da zerga ordaintzeko beharra, eta ordainkizunak ezin izango dira murriztu; dena den, iharduera zabaltzen denean, aurreneko eguna ez bada urtearen lehena, iharduerari ekin zaionetik abenduaren 31 arte dagoen hilabete kopuruaren arabera aterako da ordainkizunen zenbatekoa.

2.- Ikuskizunen kasuan, ordainkizunak finkatzeko ekitaldiak banan-banan hartzen badira, ekitaldi bakoitza egitearekin batera sortzen da zerga ordaindu beharra. Ekitaldiei dagozkien adierazpenak aurkeztu beharko dira, arau batean ezartzekoa den eran.


6. art.- Zergaldia

1. Zerga-aldia bat dator urtearekin, iharduera zabaltzeko adierazpenak direnetan salbu, kasu horretan iharduera hasten denetik urtearen bukaeraraino iraungo du-eta; horrek ez du galerazten artikulu honetako 3. zenbakian jasotakoa.

2. Iharduerari uzten bazaio, zerga-aldiak urtarrilaren batetik iharduera amaitzeko adierazpena aurkezten den egunera arte iraungo du. Horrelakoetan, zerga ordaintzeko beharra zerga-aldiaren lehenengo egunean sortzen da, eta ordainkizunaren zenbatekoa urtarrilaren batetik iharduera amaitzeko adierazpena aurkezten den egunera arte dagoen hiruhilabete kopuruaren arabera aterako da.

Zenbaki honetan jasotakoa ez da beteko iharduera zabaltzeko adierazpena eta amaitzekoa urte berean egiten badira. Horrelakoetan, iharduera urte hartako abenduaren 31n amaitu balitz bezala jokatuko da.


7. art.- Eskatu beharrik gabe salbuetsiko direnak.

Hona hemen zerga ordaindu behar ez dutenak:

1.- Estatua, Euskal Autonomi Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta udal erakundeak, bai eta beren administrazio organo autonomiadunak ere.

2.- Urteko eragiketa bolumena 2.000.000 eurotik beherakoa duten subjektu pasiboak.

3.- Gizarte Segurantza kudeatzen duten erakundea eta indarren dauden legeen arabera sortutako giza aurreikuspeneko mutualitateak.

4.- Martxoaren 24ko 5/1995 Foru Arauak, partikularrek interes orokorreko ekintzetan parte hartzea bultzatzeko zerga pizgarriei buruzkoak, zerg honetatik salbuetsita izatea aitortzen dien erakundeak.

5.- Nazioarteko itun edo hitzarmenak direla eta, salbuetsiak behar duten zergapekoak.



8. art.- Eskatuz gero salbuetsiko direnak.

1.- Udalak onartutako salbuespenek eskatu direneko zerga-alditik aurrera izango dute indarra.

2.- Salbuetsirik izango dira:

a) Jarduerari ekiten dioten subjektu pasiboak, jarduera garatzen duten lehenengo bi zergaldietan.

b) Ikerketa alorreko erakunde publikoak eta Estatuaren, Euskal Autonomi Elkartearen, Foru Aldundiaren, udal erakundeen nahiz ongintzako edo erabilgarritasun publikoko fundazioen diruen pentsutan zeharo finantzaturiko ikastetxeak, maila guztietakoak. Bai eta, hezkuntza itunen barruan izanik, irabazi xederik ez duten edozein mailatako ikastetxeak ere, nahiz eta ikasleei liburuak zein idatz materiala saldu eta jan eta lotarako edo bazkaltzeko bakarrik ostatu eman eta, salbuespen gisa, irakaskuntzarako erabilitako lantegietan ekoizten dutena ikastetxean bertan saltzen badute ere, beti ere salmentarekin irabazitakoa lehengaiak erosteko edo ikastetxeari eusteko baino erabiltzen ez bada, hortik ikastetxe barruko zein kanpoko inork irabazpiderik atera gabe.

c) Gorputz, adimen eta zentzumen urrikoen aldeko irabazi xederik gabeko elkarte eta fundazioak, ezinduen irakaskuntza, hezkuntza, birgaikuntza eta babeserako egiten duten pedagogi, zientzi, laguntza eta enplegu iharduerengatik, nahiz eta horretarako erabilitako lantegietan ekoizten dutena saldu, beti ere salmentarekin irabazitakoa lehengaiak erosteko edo elkarteari eusteko baino erabiltzen ez bada, hortik elkarte barruko zein kanpoko inork irabazpiderik atera gabe.

d) Elkarteen Erregistroan inskribatutako irabazi asmorik gabeko elkarteak, baldin eta udalarekin batera lankidetza jarduerak burutzeagatik bertako organo eskudunak herri onurakoak izendatzen baditu.

Salbuespena beren zeregin propioen barruan sartzen diren eta udalerriko gutxieneko kuotarekin zergapetzen diren jarduerei aplikatuko zaie.


9. art.- Hobariak

1.-Haborokin hauetaz goza ahal izateko aurrez Udalaren onespena beharrezko izango da, zeina eraginkor izango eskabidearen zergaldian.

2.- Ponderazio ehunekoak, ehuneko bakarrak eta egoera mailaren erakusgarriak aldatutako zerga kuotaren hobaria izango dute:

a) Kuotaren %95eko hobaria izango dute lehen mailako Babes Bereziko Kooperatiba hauek: Elkar laneko Kooperatibak, Nekazal Kooperatibak, Ustiapen Bateratukoak, Irakaskuntzakoak nahiz Etxebizitzenak eta Eraldaketarako Nekazaritzako Baltzuak.

b) Kuotaren %50eko hobaria izango dute, 5 urtean, 1993ko ekainaren 26ko 11/1993 Foru Arauko 14. artikuluaren arabera elkarteen gaineko zergan aldi baterako salbuespena duten elkarteek.

c) Kuotaren %95eko hobaria izango dute instalazio berriak edo lehengoak handitzen dituzten enpresek, baldin eta industri jarduera jartzeko edo handitzeko proiektua estrategikotzat jotzen badu Diputatuen Kontseiluak. Hala bada, bost urtean izango da hobaria, Udalak hobaria izatea aitortu eta handik aurrera.

d) %50eko hobaria beren jarduera industrialak biztanle askoko guneetatik aparte dauden beste lokal edo instalazio batzuetara eramaten dituzten zergadunek. Hobari hori jarduera toki berrian hasten duten ekitaldiaren hurrengoan izango dute, eta bost urtean ere izan dezakete baldin eta lizentziak kudeatzeko udal zerbitzuak instalazioak tokiz aldatzearen gainean egindako txostena horren aldekoa bada.






10. art.- Subjektu pasiboak

Gizaki zein zuzenbide izakiek, oinordekotza banatugabeek, ondasun erkidegoek eta, zuzenbidezko izerarik ez dutela, ekonomi unitate edo ondare berezitu zergagarria osatzen duten gainontzeko elkarteek ordaindu behar dute zerga hau, baldin eta zerga honen pean dauden ihardueretakoren bat udalerri honetan egiten badute.


11. art.- Tarifak

1. Zerga ezartzeko modua arautzen duen jarraipidea eta zergaren tarifak Zergaren Testu Bateratzailearen eraskin gisa ageri dira, eta bertan honako hauek azaltzen dira:

a) Iharduera ekonomikoen azalpena eta edukina, enpresa, lanbide eta arte iharduera gisa sailkatuta.

b) Iharduera bakoitzarengatik ordaindu beharrekoa, tarifetan eta jarraipidean araututako zergaren osagaien arabera.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Foru Arauek eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeetara egokitzeko lege xedapenek, bai eta zerga neurriei buruzkoek ere, tarifak aldatzeko eta ordainkizunak eguneratzeko ahalmena izango dute.

3. Tarifetan ageri diren ordainkizunak honela daude sailkatuta: udal ordainkizun gutxienekoak, probintziako ordainkizunak eta estatuko ordainkizun bereziak.


12. art.- Kuota zehazteko orduan kontuan izango diren alderdiak.

Ordainkizuna finkatzeko zergaren osagaiak ihardueraren seinale diren moduloak dira, tarifetan eta jarraipidean zehaztutakoaren araberakoak. Hona hemen zergaren osagai nagusiak: jarritako potentzia, txandak, eskubide populazioa, ikuskizunetarako lokalen plaza kopurua eta lokaletako azalera.


13. art.- Zerga kuota

1.- Honako hauek bata bestearen ondoren aplikatuta ateratzen dena izango da zerga kuota:

a) Zerga tarifak, Testu Berridatzian eta hura osatzen eta garatzen duten xedapenetan agindutako eran.

b) Ponderazio ehunekoa.

Ponderazio ehunekoa zergadunaren eragiketa bolumenaren araberakoa izango da, eta udalaren gutxieneko kuotei, probintziako kuotei eta estatuaren kuota bereziei aplikatuko zaie.

Udalaren gutxieneko kuotei aplikatuko zaien ponderazio ehunekoa martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauak eta 1/1993 Foru Dekretu Arautzaliaren 11. artituluan araututako taularen arabera jarriko da. Eranskinean heldu da taula.

Probintziako eta estatuko kuota bereziei 1/1993 Foru Dekretu Arautzailearen 11. artikuluan adierazitako taularen arabera ateratzen den ehunekoa aplikatuko zaie.

c) Ehuneko bakarra.

Udalerri honetan egiten diren jarduera guztientzat jarritako koefiziente bakarra zergaren tarifan jarritako gutxieneko kuotei aplikatzen zaie, ponderazio ehunekoa aplikatu eta gero.

d) Egoera indizea.

Kaleak kategoriaren arabera sailkatzeko ordenantza arautzailean jasotakoarekin bat etorriz Udalak finkatutako egoera indizeak udalerriko lokalen kokalekuari kalearen kategoriaren araberako balore bat emateko balio du. Indize hori ere Udalak jarritako gutxieneko kuotei aplikatzen zaie, ponderazio ehunekoa eta ehuneko bakarra aplikatu eta gero.

e) Ordenantza honetan araututako hobariak.

2.- Foru Diputazioak gutxieneko ordainkizunen gainean ezartzekoa den portzentaia bakar gisa finkatu ahal izango du foru gainordaina.

3.- Probintziako ordainkizunei eta estatuko ordainkizun bereziei ezin zaie ezarri ez foru gainordaina, ez koefizientea ez egoera indizea.


14. art.- Kudeaketa

1. Urteko matrikula, iharduera zabaltzeko eta amaitzeko adierazpenak, aldaketen jakinarazpenak eta ikuskaritza lanak dira zerga kudeatzeko erak.

2. Ekonomi iharduerak, zergapekoak, zerga zorrak eta, halakorik izanez gero, foru gainordaina jasotzen dituzten erroldez osatutako agiriari deitzen zaio matrikula.

3. Hona hemen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eginkizunak:

a) Matrikula egin eta mantentzea, eta iharduera zabaltzeko adierazpenak kitatzea

b) Ekonomi iharduerak kalifikatzea eta errekurtsoak erabakitzea

c) Ordainkizunak eta ordainagiriak finkatzea eta errekurtso eta erreklamazioak erabakitzea

d) Probintziako ordainkizunak eta estatuko ordainkizun bereziak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea

e) Salbuespenak eman zein ukatu aurretik egin beharreko txosten teknikoa egitea.

4. Hona hemen Udalaren eginkizunak:

a) Kudeaketa, kitapena, ikuskaritza eta bilketa, bai borondatezko zerga-aldian bai premiabidezkoan

b) Matrikula jendaurrean erakustea eta zergadunari zergari buruzko informazioa eman eta horretan laguntzea

c) Salbuespenak eta hobariak eman zein ukatzea

d) Bere eskumeneko errekurtso eta erreklamazioak erabakitzea

e) Foru Aldundiari matrikula egiten eta mantentzen, ekonomi iharduerak kalifikatzen eta ordainkizunak finkatzen laguntzea, kudeaketa arautzeko itunean jasotako eran zein lankidetzarako finkatzen den beste moduren batean.

5. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaketa arautzeko itunean edo, lankidetzarako beste modu bat aukeratuz gero, horretan erabakitakoa bete beharko dute, batak besteari eskumenak emateko, elkarri laguntzeko eta elkarren berri jakiteko.

6. Udalak nahiz Foru Aldundiak badu ahalmena, legeetan jarritako modu eta baldintzak betez gero beste ezeren eskaerarik egin beharrik gabe, zergaren erroldetan sartu beharrekoak sartzeko, aldatu beharrekoak aldatzeko eta kendu beharrekoak kentzeko.


15. art.- Betebehar formalak.

Zergapekoek, berek zein askietsitako boterea duten beren ordezkariek, honakook aurkeztu beharko dituzte, eredu normalizatuetan:

1. Iharduera zabaltzeko adierazpen bana ordainkizun bakoitzeko -udal gutxienekoa, probintziakoa zein estatuko berezia. Matrikulan jartzeko behar den guztia agertu beharko dute adierazpenetan, eta zerga hobariak eskatu. Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztuko dizkiote, iharduera zabaldu aurreko hamar egunean.

2. Iharduera amaitzeko adierazpenak eta aldaketa fisiko, ekonomiko eta juridikoenak, zerga kontuetan eraginik izanez gero. Gipuzkoako Foru Aldundiari nahiz Udalari aurkeztu beharko dizkiote, iharduera amaitu zein aldatu eta hilabetea iragan baino lehen.

3. Adierazpenak ez aurkeztea zein epez kanpo aurkeztea huts egite sinpletzat joko da.


Amaierako xedapena

Ordenantza honek eta bere eraskinak 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute eragina, eta indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.


Xedapen indargabetzailea

Aurreko Ekonomi Ihardueren gaineko Zerga arautzeko Ordenantza Fiskala indarge geratzen da.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Ekonomi Ihardueren gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza eta bere eraskina 2003ko urriaren 27ko Udalbatzan behin betiko onartu zirela. Ezarritako aldaketak 2003ko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.