Gazteriaren aterpetxe eta kanpalekuetako patronatua 1998

DONOSTIAKO GAZTERIAREN ATERPETXE ETA KANPALEKUAREN UDAL PATRONATUKO INSTALAZIOAK ETA ZERBITZUAK ERABILTZEAGATIKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEKO ORDENANTZA



1. artikulua.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen 11/1989 uztailaren 5eko Foru Arauean ezarritako prezio publikoei buruzko xedapenekin bat, Donostiako Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuen Udal Patronatuko instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeagatiko prezio publikoak arautu eta galdatu egiten dira.


2. artikulua.

1. Donostiako Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuen Udal Patronatuak, Udaleko Erakunde Autonomiaduna izanik, ondorengoak ezarri eta galdatuko ditu: erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, erabiltzaileen ezaugarriei egokitzen zaizkien erabilera-baldintzak, baita udalerri honetan nahiz beste batzuetan kokatutako instalazio desberdinak babesteko eta erabiltzeko arauak ere.

2. Patronatuak, onura publikoko arrazoiak kontutan izanik, kontratutako zerbitzuen ezaugarriak eta instalazioen erabilera aldatu ahal izango ditu.


3. artikulua. Ordaintzeko betebeharra

Ondaintzeko betebeharra kontratua egiterakoan sortzen da.


4. artikulua. Kontratua gauzatzea

Instalazioak eta zerbitzuak erabili nahi dituztenek erreserba onartzeko eskatuko diote Patronatuari. Eskabide honekin batera, egin asmo dituzten ihardueren egitaraua aurkeztu beharko da, eta, halaber, partehartzaileen izena eta adina, eta eskola-taldeak direnean, monitorearen eta erakunde erantzulearen datuak aipatu.

Behin erreserba onartuz gero, Patronatuko Bulegoetan eredu ofizialean egindako kontratu sinatua eta zenbateko osoa ordaindu delako agiria aurkeztuko dira, erreserbatutako eguna baino 40 egun lehenago.


5. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak

Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuen Udal Patronatuko instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeko baimena duten pertsona fisiko eta erakundeek dute ordaintzeko betebeharra.


6. artikulua. Zenbatekoak

1. Prezio publiko nahiz berme desberdinen zenbatekoa zehazteko, erabiltzailea, gutxienezko kuota eskatzea ala ez, egonaldia eta emandako zerbitzu-mota kontuan izango dira, instalazio bakoitzerako prezio publikoak finkatzeko agirian agertzen den moduan.

2. Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuen Udal Patronatuak Prezio Publikoak ezartzeko proposatuko dio Udalbatzarrari, honek erabaki dezan.


7. artikulua. Prezioak ordaintzea

1. Prezio publikoak bermea eta egin asmo den egonaldi osoaren zenbatekoa hartuko ditu, salbuespen gisa Patronatuak erreserba egunaren aurretiko 40 egunera arte egonaldiaren zenbatekoa zatitzea onartu dien eskola-taldeak daudelarik.

2. Patronatuak esandako kontu korrontearen bidez egingo da ordainketa, kontratua egin baino lehen.

3. Prezioa ordaindu ezean, eskaria deuseztatu egingo da besterik gabe.

4. 11/1989 uztailaren 5eko Foru Araueko 2.2. artikuluan xedatutakoarekin bat, prezio publiko hauengatiko zorrak premiamendu-prozedura bidez galdatu ahal izango ditu Udalak.


8. artikulua. Prezioak itzultzea

1. Zerbitzua ematen ez denean prezioa ordaintzeko betebeharra duenari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, zenbatekoa itzuli egin beharko zaio.

2. Erabiltzaileak instalazioak nahiz zerbitzuak erabiltzeari uko egiten badio berari egotz ezin dakizkiokeen arrazoi ziodunengatik, eta emandako erreserbak beste probetxamendu batzuk eragotzi ez baditu, ordaindutako zenbatekotik ez-erabilitakoa itzuli ahal izango du Patronatuak.


9. artikulua. Kalteengatiko erantzukizuna

1. Patronatuak zehapenak jarri ahal izango ditu instalazioak erreserba onartzeke eta kontratua gauzatu gabe erabiltzeagatik.

2. Fidantzak gordailuan sartu beharko dira eta erabiltzaileek zuzenean edo zeharka Patronatuko ondasun, instalazio nahiz langileei eragindako kalte-galerei erantzungo diete, baita erabiltzaileek zerbitzuak eragozteagatik zuzenean edo zeharka sortutako gastuei ere.

Kalteak konponezinak izanez gero, ondasunak itzuli edo kalteak konpontzeko zein horien balioa eskatuko du Patronatuak.

3. Bermeak kontratuan adierazitako moduan eta epean itzuliko dira.


10. artikulua. Azken xedapena

Ordenantza honek eta bere eraskinak 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak, eta indarrean iraungo dute iraungitzea edo aldatzea erabakitzen den arte.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Donostiako Udalaren Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuetako Patronatuak eskainitako zerbitzuak eta horren instalazioak erabiltzeagatiko Prezio Publikoa arautzen duen Eraskina 1997ko Urriaren 14an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 1997ko Abenduaren 31ko 249.GAOn argitaratu ziren.