Zaborra Biltzeko Zerbitzua emateagatiko tasa 2002

ZABORRA BILTZEKO ZERBITZUA EMATEAGATIKO TASA ARAUTZEKO ORDENANTZA


1. artikulua.

Toki Ogasunak arautzen dituen 11/1989 uztailaren 5eko Foru Araueko III. kapituluko 3. sekzioan xedatutakoarekin bat, zaborra biltzeko eta udal zabortegietara eramateko zerbitzua emateagatiko tasa arautu eta galdatu egiten da.


2. artikulua. Egitate zergagarria

Ondorengoa da egitate zergagarria:

1. Zaborra biltzea bizileku partikularretan zein etxebizitzetan.

2. Merkataritza, lanbide edo industriazko iharduerak egiten dituzten establezimendu eta lokaletako zaborra biltzea (etxeetako hondakinekin parekagarri direnak) eta, halaber, jolas, kirol eta antzeko iharduerak egiten dituztenetakoak, eta orohar etxebizitzarako ez den edozein establezimendu nahiz lokaletan egindako iharduerenetakoak.


3. artikulua. Zergaldia

Zergaldia eta berezko urtea bat dira.


4. artikulua. Sortzapena

1. Tasa zerbitzua ematen hasten den unetik sortzen da, zergapetutako ondasun higiezinak erabiltzen hasten den eguna edozein dela ere.

2. Tasa, beraz, obligaziozkoa da, beti ere zerbitzua ematen baldin bada.


5. artikulua. Sujeto pasiboa

1. Tasaren sujeto pasibo dira etxebizitza, establezimendu edo lokalez gozatzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, jaraunspen banatugabeak, ondasun-komunitateak eta nortasun juridikoa ez izanik, zergagarri den ekonomi batasuna edo ondare bereizia osatzen duten gainerako entitateak.

2. Zergadunaren ordezkari gisa sujeto pasibo dira ogasun mogikaitzen jabeak.


6. artikulua. Hobariak eta Salbuespenak

1.- Salbuetsiak

a) Erroldaturik daudeneko etxebizitzako zaborrak biltzeko zerbitzuagatiko kuotatik erretiratuek eta langabetuek, bizibidetzat (bereak edo berarekin erroldaturik dauden lagun guztienak) egoera horien ondoriozkoak baino ez badituzte eta horrelako sarreren zenbatekoek lanbide arteko gutxienezko soldata gainditzen ez badu, ondasun higiezin bakarraren edo eskubide errealaren titularrak izatekotan.



b) Etxebizitza eta lokalen zaborra biltzeko zerbitzuagatiko kuota, ondasun higiezina zerbitzua ematen den tokitik 200 metrora edo gehiagotara egonez gero.

2.- Hobariak

a) Erroldaturik daudeneko etxebizitza oinarri hartuta, etxebizitzetako eta lokaletako zaborra biltzeko zerbitzuagatiko kuotaren %50 erretiratuek eta langabetuek, bizibidetzat (bereak edo berarekin erroldaturik dauden lagun guztienak) egoera horien ondoriozkoak baino ez badituzte eta horrelako sarreren zenbatekoek lanbide arteko gutxienezko soldata eta erdia gainditzen ez badu, ondasun higiezin bakarraren edo eskubide errealaren titularrak izatekotan.

b) Etxebizitzetako eta lokaletako zaborra biltzeko zerbitzuagatiko kuotaren %50, ondasun higiezina zerbitzua ematen den tokitik 100 metrora edo gehiagotara egonez gero.

3.- Udalak aitortutako hobari fiskalak eskabidea egindako zerga-aldian berean indarrean izango dira, baldin eta urteroko iragarkian adierazitako baldintzetan egiten bada eskabidea.

4.- Hobariak aitortu eta aplikatu, ordea, Udalari ordaindu beharreko zergen ordainketak egunean dituztenei egingo zaizkie.


7. artikulua. Oinarri zergagarria

1. Oinarri zergagarria lokal edo etxebizitzaren arabera zehaztuko da. Ondasun higiezin batean dauden etxebizitza nahiz lokal bereizi adina sujeto pasibo dago.

2. Lokal bakar batean bi zerbitzu-motak ematen direnean, hots, etxebizitzetako eta establezimenduetako zabor bilketa, oinarri zergagarria bakarra izango da, Udalari onura gehien dakarkiona. Horretarako ihardueraren titularra familikide izan behar da eta ohiz berarekin bizi. Horrela gertatu ezean, bi oinarri zergagarri izango dira.


8. artikulua. Zerga kuota

1.- Kuotak Eranskinean datoz, etxeetakoak eta establezimendu edo lokaletakoak aparte jarrita, edozein eratako jarduera dutela ere establezimendu edo lokal horiek.

2.- Eranskinean adierazitako azaleraren araberako gain-karga, berriz, fisikoki bereiz den establezimendu edo lokal orori aplikatuko zaio, edozein eratako jarduera duela ere, salbu eta fakturen bidez erakusten badute etxeetako zaborren antzekotzat jotzeko moduko ez beste zaborrak aldiro-aldiro zabortegira eramaten dituztela edo birziklatzeko jasotzen dizkietela.


9. artikulua. Izapideak

Erabiltzaileak. 1. Zerga ordaintzeko betebeharra sortzen den egunetik hurrengo hogeitamar egunetan, sujeto pasiboek alta edo aldaketa-adierazpena aurkeztu beharko dute, sujeto pasiboei, zerbitzu motari eta tasan eragiten duten higiezinen aldaketei buruz. Horretarako, aldaketa hori jasotzen duen agiri publikoa aurkeztu beharko da. Aldaketok urte horretako Erroldan sartuko dira.

2. Baja-adierazpenak epe berdinean izapidatuko dira, sujeto pasibo izateari uzten zaion egunetik aurrera, eta jakinarazi ondorengo urteko Erroldan sortuko dituzte ondorioak.

3. Erretiratu edo langabetua izateagatik kuotaren salbuespenak edo hobariak lortu nahi dituztenek eskatu eta agiriez egiaztatu egin beharko dituzte urtero, argitalpen zabaleko egunkarietako iragarkietan adieraziko den aldian eta moduan.





10. artilukua.

1. Udalak kuotaren salbuespen eta hobarien adierazpenen eta eskabideen egiazkotasuna ikuskatzea dauka. Datuak faltsuak baldin badira, ustezko urratzailea zigortu egingo da onurak mugatu gabeko aldi baterako kenduaz.

2. Tasa hau udaleko beste zerga batzurekin batera likidatuko da, beti ere biotan sujeto pasiboa berbera bada.


11. artikulua.- Ezarri beharreko arau orokorrak

1. Orokorrean ezarriko dira hiriko zabor eta hondakin soliduak biltzeko udal ordenantzan xedaturiko arauak.

2. 11/1989 uztailaren 5eko Foru Arauarekin bat, tasa hauei Zergetako Foru Arau Orokorrean araututako gestio-, likidazio-, ikuskatze-bilketa-, urrapen- eta zehapen-arauak aplikagarri zaizkie.


12. artikulua. Azken xedapena

Ordenantza honek 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak, eta bere eraskinak 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera; eta indarrean iraungo dute indargetzea edo aldatzea erabaki arte.


13. artikulua. Xedapen indargetzailea

Indarge geratzen da Zaborra Biltzeko Zerbitzua emateagatiko tasa arautzen duen aurreko Ordenantza.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Zaborra Biltzeko Zerbitzua emateagatiko Tasak arautzen duen Ordenantza 2000ko abenduaren 27an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela, eta ezarritako aldaketak 2000ko abenduaren 29ko 246. GAOn argitaratu ziren. Eta prezioak arautzen dituen Eraskina 2001eko urriaren 22an onartu zen eta ezarritako aldaketak 2001eko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.