Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuengatiko prezio publikoak 2006

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuengatiko prezio publikoak



1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Herri Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan prezio publikoei buruz xedatutakoarekin bat, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuengatiko prezio publikoak arautu eta galdatu egiten dira.


2. art.- Musika Eskolaren eskumenak.

1. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak, udal erakunde autonomiaduna izanik, musika eta dantzaren irakaskuntza ez arautua du helburu; ikasturteko programak prestatu, irakaskuntza antolatu, eta bertara sartzeko irizpideak finkatu eta galdatzen ditu.

2. Bestalde, beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu, hala nola, isats-pianoa eta ikasgelak erabiltzeko aukera eta txistularien udal bandak ematen dituen kontzertuak. Horiek ere arautzen dira hemen.


3. art.- Ordaindu beharra noiz sortzen den, zein egunetan.

Prezio publikoa ordaindu beharra zerbitzua ematen hasten den momentuan bertan hasten da. Hala ere, Eskolak eskubidea du prezio publiko osoa edo zati bat aurretik eskatzeko.


4. art.- Interesatuen betebehar formalak.

1. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenak Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak eskaturiko izapideak bete beharko ditu eta izenemate edo aurrez izenematea egin, Eskolak berak zehazturiko epeetan.

2. Matrikula behin-betikoa izan dadin, Donostian erroldaturik egotearen ziurtagiria beharko da.

3. Donostiako biztanleak ez direnek ere egin dezakete matrikula, leku hutsik egonez gero.


5. art.- Ordaindu beharra dutenak

Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuak erabiltzen dituzten guztiek ordaindu behar dute dagokien prezio publikoa, zerbitzu mota eta zentroa edozein direla ere.


6. art.- Prezioak jartzea Udalbatzak.

Prezio publikoak Udalaren Musika eta Dantza Eskolak proposatzen ditu eta Udalbatzak onartu -hala agintzen du uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoak, 50. artikuluan-. Hala ere, Udalbatzak Gobernu Batzordearen eskuetan utz dezake zeregin hori, apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 23-2b artikuluan xedatu bezala.

Prezio publikoa matrikularen prezioan eta hamar kuotatan banatzen da, eta ez bata ez besteak ezin dira murriztu. Kuotak hilero kobratuko dira (irailetik ekaina arte), hila hasi baino lehen. Salbuespen bakarra Eskolako Administrazioan baja eskatzea izango da.


7. art.- Prezioak ordaintzea.

1. Eskolak berak izendatutako erakundeetan eta ezarritako epeetan ordaindu behar dira prezio publikoak.Nola matrikula hala gainerako zerbitzuak matrikula egin edo zerbitzu horiek ematea onartu baino lehen ordaindu behar dira.

2. Eskolak jarritako bideak eta epeak bete eta matrikulari uko eginez gero, atzera ere itzuli egingo da ordaindutako dirua. Eskolak jarritako bideak eta epeak bete ezean, ez da ordaindutako dirurik itzuliko.

3. Prezio publikoa ordaindu ezean, izena emateko eskaera, matrikula eta zerbitzuak erabiltzeko baimena bertan behera geldituko dira.

4. Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauko 2-2 artikuluan jasotakoa betez, Udalak behartze-bidetik eskatu ahal izango ditu prezio horiengatiko zorrak.


Art. 8.- Prezioarena itzultzea.

1. Zerbitzua eman ez eta ez-emate hori ordainketa egin behar duenari egotz ezin dakiokeenean, dagokion zenbatekoa itzuli egingo zaio.

2. Ordainketa egin behar duenak ikasturtea hasi baino lehen eta arrazoi sendoak izanda uko egiten badio aurrez ordaindutako matrikulari, dirua itzuli egingo zaio.



Azken xedapena

Prezio publiko hauek 2006-2007 ikasturtean sartuko dira indarrean, eta indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.






EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak ematen dituen zerbitzuengatiko Prezio Publikoak arautzen duen Ordenantzaren eraskina 2005eko azaroaren 29ko Udalbatzan behin betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 2006ko abenduaren 17ko 11. GAOn argitaratu ziren.