Udal Zerbitzu eta Jarduerengatiko tasak 2002

UDAL ZERBITZU ETA JARDUERENGATIKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ZERGA ORDENANTZA




1. artikulua

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak xedatzen duenarekin bat, udal zerbitzuak eman eta udal jarduerak egiteagatiko tasak arautu eta ordainarazi egiten dira.


2. artikulua. Zergagaia

Batez ere subjektu pasiboentzat diren, haiengan eragina duten edo haientzat onuragarri diren udal zerbitzu eta jarduerak dira zergagaia, baldin eta subjektu pasiboek berek zuzenean edo zeharka eragin badituzte, hau da, egin dutenagatik edo egin beharrekoa ez egiteagatik Udala behartu badute ofizioz zerbitzuok eman edo jarduerok egitera. Hona hemen zerbitzu eta jarduera horiek:

1.- higieneari lotutako zerbitzuak
2.- hondartzetan emandako zerbitzuak
3.- prebentzio zerbitzuak eta pertsona eta ondasunak babestekoak (su itzalketa eta eraikuntza, eraiste eta hondakinei lotutako prebentzioa)
4.- dokumentuak kopiatzeko zerbitzuak
5.- garraio bereziei eta ikuskizunei laguntzeko zerbitzuak.


3. artikulua. Sortzapena

Honela ordaindu dira:

1.- Zerbitzua hastean, Udalak esku hartu edo espedientea hasteko eskabidea aurkeztean edo udal jarduera legez derrrigorrez egin behar izatekotan. Eskabidea aurkeztean, aurretik tasa gordailatu edo, behar izanez gero, xedaturiko eginbeharrak beteko direlako bermeak eratzeko eskatuko da.

2.- Urtero, urtarrilaren 1ean, tasaren ezaugarriek berek aldian-aldian kobratzeko eskatzekotan.


4. artikulua. Zergaldia

Udal zerbitzua edo jarduera aldizka eman edo egiten bada, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tasa ordaindu beharra eta zergaldiak urte osoa iraungo du, erabilera edo aprobetxamendua hasi edo amaitzen denean izan ezik. Horrelakoetan, bai gorabehera horiek bai Ordenantzaren eranskinean tasen zenbatekoa arautzen denean aipatzen diren ezaugarriak kontuan hartuko dira zergaldia finkatzeko.


5. artikulua. Subjektu pasiboa: zergapekoak

Honakoak dira, zergapeko gisa, tasen subjektu pasiboak, beti ere zergagaia diren zerbitzu edo jarduerak eskatu edo haiek sortutako onura edo eragina jasotzen badute: gizakiak eta zuzenbide izakiak, oinordetza banatugabeak, ondasun elkargoak eta zuzenbide izaerarik ez duten gainontzeko erakundeak, baldin eta ekonomi unitate bat edo zergagarri izan daitekeen aparteko ondasun bat osatzen badute.

Zerbitzuak edo jarduerak ez badituzte partikularrek eskatu baina haiek zerbait egiteagatik edo egin beharrekoa ez egiteagatik sortu bada zerbitzu edo jardueron beharra, egite edo ez egite horiek egozten zaizkienak izango dira subjektu pasiboak.


6. artikulua. Subjektu pasiboa: ordezkoak

Honakoak dira, ordezko gisa, tasen subjektu pasiboak (ordezkoek tasak onuradunei ordainarazi ahal izango dizkiete):

a) etxebizitzak edo lokalak okupatzen dituztenentzat onuragarri diren edo haiengan eragina duten zerbitzu eta jardueren kasuan, eraikinen jabeak

b) prebentzio zerbitzuen eta pertsonak eta ondasunak babesteko zerbitzuen kasuan (su itzalketa, eraikuntza, eraiste eta hondakinen prebentzioa), arriskua aseguratzen duten erakunde edo sozietateak.


7. artikulua. Kuota

Kuotak ordenantza honen eranskinean ageri dira.

Baldintzen orrian, baimenean eta honen eranskinean ageri diren aldiak ezin dira murriztu, aldizkako sortzapena duten tasak hasi edo amaitzen direnean izan ezik. Kasu horretan kuota hainbanatuko da zerbitzua edo jarduera erabili izan den aldia kontuan izanda.


8. artikulua. Tasak ordaintzea

Tasak epe hauetan ordainduko dira.

a) Modu iraunkorrean eman edo egin eta errolda edo erregistro bidez kudeatzen diren zerbitzu eta jarduerak, dagokion errolda edo erregistroa jendaurrean erakusten denean ezartzen den epean ordainduko dira.

b) Emakida bidez eman edo egiten diren zerbitzu eta jarduerak, baldintzen orrietan edo Ogasun Arloko zinegotzi ordezkariaren ebazpenean ezartzen den epean.

c) Lizentzia bidez eman edo egiten diren zerbitzu eta jarduerak, lizentzia eman baino lehen, lizentzia emateko izapidea ez baita egingo tasa ordaindu baino lehen.


9. artikulua. Tasak itzultzea

Subjektu pasiboari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiak direla eta, zerbitzua edo jarduera ez bada eman edo egiten, dirua itzuliko zaio.


10. artikulua. Ezarri beharreko arau orokorrak

1.- Udalak tasak autolikidazio sisteman eskatu ahal izango ditu.

2.- Udalak, tasen ordainketarekin batera, aldez aurreko fiantzak eskatu ahal izango ditu, betebeharrak beteko direla bermatzeko.

3.- Udal zerbitzuak eman eta jarduerak egin nahi dituztenek honako betebeharrak izango dituzte:

a) Udalaren baimena eskuratzea

b) Baldintzen Orriak sinatzea, halakorik egonez gero, ezarritako baldintzekin eta bete beharrekin bat datozela adierazteko

c) Tasen gainean eragina duten aldaketen berri ematea, aldaketa egin eta hamabost egun iragan baino lehen.

4.- Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrean, Zergabilketa Erregelamenduan eta horiek garatzeko arauetan kudeaketa, likidazioa, ikuskaritza, zergabilketa, arau hauste eta zehapenei buruz ezarritako arauak bete behar dira tasa hauei dagokienez.


11. artikulua. Amaierako xedapena

Ordenantza honek 1999ko urtarrilaren 1ean izango du eragina, eta berre Eraskinak 2002ko urtarrilaren 1ean. Indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.


12. artikulua. Xedapen indargabetzailea

Zerbitzu eta jarduerengatiko prezio publikoa arautzeko aurreko Ordenantza indarrik gabe gelditzen da.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Donostiako Udal Zerbitzu eta Jarduerengatiko Tasak arautzen duen Ordenantza 1998ko urriaren 21an egindako Udalbatzarrean behin betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 1998ko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren eta prezioak arautzen dituen Eraskinak 2001eko urriaren 22an onartu zen eta ezarritako aldaketak 2001eko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.