Udal Zerbitzu eta Jarduerengatiko tasak 2004

UDAL ZERBITZU ETA JARDUERENGATIKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ZERGA ORDENANTZA






1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak xedatzen duenarekin bat, udal zerbitzuak eman eta udal jarduerak egiteagatiko tasak arautu eta ordainarazi egiten dira.


2. art.- Zergagaia

Batez ere subjektu pasiboentzat diren, haiengan eragina duten edo haientzat onuragarri diren udal zerbitzu eta jarduerak dira zergagaia, baldin eta subjektu pasiboek berek zuzenean edo zeharka eragin badituzte, hau da, egin dutenagatik edo egin beharrekoa ez egiteagatik Udala behartu badute ofizioz zerbitzuok eman edo jarduerok egitera. Hona hemen zerbitzu eta jarduera horiek:

1.- higieneari lotutako zerbitzuak

2.- hondartzetan emandako zerbitzuak

3.- prebentzio zerbitzuak eta pertsona eta ondasunak babestekoak: harrera zerbitzuekin,su itzalketa eta eraikuntza, eraiste eta hondakinei lotutako prebentzioa.

4.- dokumentuak kopiatzeko zerbitzuak,kartografia eta airetik ateratako argazkiak, zigor eta kalte espedienteak.

5.- garraio bereziei eta ikuskizunei laguntzeko zerbitzuak.

6.-hiri barruko garraio zerbitzua.


3. art.- Sortzapena

Honela ordaindu dira:

1.- Zerbitzua hastean, Udalak esku hartu edo espedientea hasteko eskabidea aurkeztean edo udal jarduera legez derrrigorrez egin behar izatekotan. Eskabidea aurkeztean, aurretik tasa gordailatu edo, behar izanez gero, xedaturiko eginbeharrak beteko direlako bermeak eratzeko eskatuko da.

2.- Urtero, urtarrilaren 1ean, tasaren ezaugarriek berek aldian-aldian kobratzeko eskatzekotan.


4. art.- Zergaldia

Udal zerbitzua edo jarduera aldizka eman edo egiten bada, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tasa ordaindu beharra eta zergaldiak urte osoa iraungo du, erabilera edo aprobetxamendua hasi edo amaitzen denean izan ezik. Horrelakoetan, bai gorabehera horiek bai Ordenantzaren eranskinean tasen zenbatekoa arautzen denean aipatzen diren ezaugarriak kontuan hartuko dira zergaldia finkatzeko.




5. art.- Subjektu pasiboa: zergapekoak

Honakoak dira, zergapeko gisa, tasen subjektu pasiboak, beti ere zergagaia diren zerbitzu edo jarduerak eskatu edo haiek sortutako onura edo eragina jasotzen badute: gizakiak eta zuzenbide izakiak, oinordetza banatugabeak, ondasun elkargoak eta zuzenbide izaerarik ez duten gainontzeko erakundeak, baldin eta ekonomi unitate bat edo zergagarri izan daitekeen aparteko ondasun bat osatzen badute.

Zerbitzuak edo jarduerak ez badituzte partikularrek eskatu baina haiek zerbait egiteagatik edo egin beharrekoa ez egiteagatik sortu bada zerbitzu edo jardueron beharra, egite edo ez egite horiek egozten zaizkienak izango dira subjektu pasiboak.


6. art.- Subjektu pasiboa: ordezkoak

Honakoak dira, ordezko gisa, tasen subjektu pasiboak (ordezkoek tasak onuradunei ordainarazi ahal izango dizkiete):

1.- etxebizitzak edo lokalak okupatzen dituztenentzat onuragarri diren edo haiengan eragina duten zerbitzu eta jardueren kasuan, eraikinen jabeak

2.- prebentzio zerbitzuen eta pertsonak eta ondasunak babesteko zerbitzuen kasuan (su itzalketa, eraikuntza, eraiste eta hondakinen prebentzioa), arriskua aseguratzen duten erakunde edo sozietateak.

7. art.- Salbuespenak

Kartografia digitala, edo antzeko teknikekin egindakoa, eskuratzeko tasatik salbuetsita izango dira: Lurraldeko Herri Administrazioak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Udalak dokumentu urbanistikoak egiteko hartzen dituenak eta Udalak lan bat egiteko orduan hartutako dokumentazioa eguneratuta itzultzea eskatu eta hala ekarriko dutela agintzen duten profesionalak.

8. art.- Zerga kuotak

Kuotak ordenantza honen eranskinean ageri dira.

Baldintzen orrian, baimenean eta honen eranskinean ageri diren aldiak ezin dira murriztu, aldizkako sortzapena duten tasak hasi edo amaitzen direnean izan ezik. Kasu horretan kuota hainbanatuko da zerbitzua edo jarduera erabili izan den aldia kontuan izanda.


9. art.- Tasak ordaintzea

Tasak epe hauetan ordainduko dira:

1.- Modu iraunkorrean eman edo egin eta errolda edo erregistro bidez kudeatzen diren zerbitzu eta jarduerak, dagokion errolda edo erregistroa jendaurrean erakusten denean ezartzen den epean ordainduko dira.

2.- Emakida bidez eman edo egiten diren zerbitzu eta jarduerak, baldintzen orrietan edo Ogasun Arloko zinegotzi ordezkariaren ebazpenean ezartzen den epean.

3.- Lizentzia bidez eman edo egiten diren zerbitzu eta jarduerak, lizentzia eman baino lehen, lizentzia emateko izapidea ez baita egingo tasa ordaindu baino lehen.

4.-Bestek eskatuta ematen edo egiten diren jarduerak eta zerbitzuak hartarako izendatutako kontu korrontean ordainduko dira, eta eman edo egin baino lehen ordaindu ere.





10. art.- Tasak itzultzea

Subjektu pasiboari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiak direla eta, zerbitzua edo jarduera ez bada eman edo egiten, dirua itzuliko zaio.


11. art.- Gestioa

1.- Udalak tasak autolikidazio sisteman eskatu ahal izango ditu.

2.- Udalak, tasen ordainketarekin batera, aldez aurreko fiantzak eskatu ahal izango ditu, betebeharrak beteko direla bermatzeko.

3.- Udal zerbitzuak eman eta jarduerak egin nahi dituztenek honako betebeharrak izango dituzte:

a) Udalaren baimena eskuratzea

b) Baldintzen Orriak sinatzea, halakorik egonez gero, ezarritako baldintzekin eta bete beharrekin bat datozela adierazteko

c) Tasen gainean eragina duten aldaketen berri ematea, aldaketa egin eta hamabost egun iragan baino lehen.

4.- Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrean, Zergabilketa Erregelamenduan eta horiek garatzeko arauetan kudeaketa, likidazioa, ikuskaritza, zergabilketa, arau hauste eta zehapenei buruz ezarritako arauak bete behar dira tasa hauei dagokienez.


Azken xedapena

Ordenantza eta eranskin hauek 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dira indarrean, eta hala segituko dute harik eta indarrik gabe uztea edo aldatzea erabaki arteko guztian.

Xedapen indargabetzailea

Zerbitzu eta jarduerengatiko prezio publikoa arautzeko aurreko Ordenantza indarrik gabe gelditzen da.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Udal Zerbitzu eta Jarduerengatiko Tasak arautzen duen Ordenantza eta bere eraskina 2003ko urriaren 27ko Udalbatzan behin betiko onartu zirela. Ezarritako aldaketak 2003ko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.