Udal Zerbitzuak Eman edo Iharduerak Egiteagatiko prezio publikoak 2002

UDAL ZERBITZUAK EMAN EDO IHARDUERAK EGITEAGATIKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEKO ORDENANTZA




1. artikulua.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen 11/1989 uztailaren 5eko Foru Arauak prezio publikoei buruz xedatzen duenarekin bat, udal zerbitzuak eman edo iharduerak egiteagatiko prezio publikoak arautu eta galdatu egiten dira.


2. artikulua.

Ordenantza honek arautzen dituenen barruan, ondorengo prezio publikoak egongo dira: Udal honen eskuduntzako zerbitzuak nahiz administrazio-iharduerak emateagatik ordaintzen diren diruzko ordainak, beti ere bi hauetako bat gertatzen denean:

1.- Administratuek obligazioz eskatu edo hartu behar dituzten zerbitzu publikoak nahiz administrazio-iharduerak ez izatea.

2.- Zerbitzu publikoak nahiz administrazio-iharduerak sektore pribatuak eman edo egin ditzakeenak izatea, bai partikularren iharduketarik edo aginte-adierazpenik ez dakartelako, bai indarreko arauteriak Udalaren alde erreserbatutako zerbitzuak ez direlako.


3. artikulua.

Prezio publikoak ordaintzeko betebeharra zerbitzu nahiz iharduerez onura eskuratzen dutenek izango dute.


4. artikulua.

1.- Prezio publikoak erabaki eta aldatzea Udalbatzarraren eskumena da Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen 11/1989 uztailaren 5eko Foru Araueko 50. artikuluan xedaturikoaz bat.

2.- Zerbitzu publikoen zenbatekoa eskatutako edo egindako zerbitzu edo iharduera bakoitzeko ordainduko da, eta murriztezina izango da eraskinean, baldintzen orrian, kontratuan edo onarpen-ebazpenean adierazitako aldiekiko.

3.- Prezio publikoen zenbatekoa, zerbitzuaren helburu, ezaugarri eta erabilgarritasunaren arabera zehaztuko da.

4.- Ondorio horietarako, Kaleak Mailen arabera sailkatzen dituen Ordenantza Arautzailea ezarriko da.


5. artikulua.

Prezio publikoak honela ordainduko dira:

1.- Zerbitzuak eman edo iharduerak egitean, zerbitzua eman edo iharduera egin baino lehen, baldintzen orrian, kontratuan edo onarpen-ebazpenean agertzen den eran eta epean.

2.- Izaera dela eta aurretik ordaindu ezin diren zerbitzuak ematen direnean edo iharduerak egiten direnean, ordainagiri bakoitzean aipatrzen den eran eta epean.


3.- Aldizkako zerbitzuak eman edo iharduerak egiten direnean, padroi edo erregistro baten bitartez kudeatuz gero, agiri honen onespen-izapidean aipatutako epean.


6. artikulua.

1.- Salbuetsitakoak:

a) Haurtzaindegi zerbitzuaren eskatzaileak, baldin eta gizarteratzeko gutxienezko saria, lanbide arteko gutxienezko saria edo langabe saria jasotzeko eskubidearen jabea izanez gero.

b) Haurtzaindegi zerbitzuaren eskatzaileak, baldin eta 2. mailako edo ohorezko familia ugaria badira.

2.- Hobaridunak:

a) Kuotaren %25, eskatzaileak instalazio berean bi anai-arreba baditu.

b) Kuotaren %50, eskatzaileak 1. mailako familia ugariak badira.


7. artikulua.

Zerbitzuaren eskatzaileak orri-ereduko baldintzekiko adostasuna orria izenpetuta adieraziko du.


8. artikulua.

Zerbitzuaren nolakotasuna dela-eta baldintzen orri-eredua sinatzea beharrezkotzat jotzen ez denean ere, horiek zerbitzu-eskatzailearen esku egongo dira.


9. artikulua.

Prezio publikoa ordaintzeko betebeharra duenari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik iharduera egiten ez denean, bidezkoa izango da zenbatekoa itzultzea.


10. artikulua.

Udalak premiamendu-prozedura administratibo bidez eska ditzake prezio publiko hauengatiko zorrak.


Azken xedapena

Ordenantza honek 2000ko urtarrilaren 1ean izango du eragina, eta bere Eraskinak 2002ko urtarrilaren 1ean. Indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.


Xedapen indargetzailea

Aurreko Udal Zerbitzuak edo Iharduerak emateagatiko Prezio Publikoak arautzen dituen Ordenantza indarge geratu da.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Udal Zerbitzuak Eman edo Iharduerak Egiteagatiko Prezio Publikoak arautzen duen Ordenantza 1999ko urriaren 19an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela, eta ezarritako aldaketak 1999ko abenduaren 31ko 250. GAOn argitaratu ziren. Prezioak arautzen dituen Eraskina 2001eko urriaren 22an onartu zen eta ezarritako aldaketak 2001eko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.