Trakzio Mekanikodun Ibilgailuak Udal Bide Publikoetan Aparkatzeagatiko tasak 2004

TRAKZIO MEKANIKODUN IBILGAILUAK UDAL BIDE PUBLIKOETAN APARKATZEAGATIKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ZERGA ORDENANTZA



1. art.- Foru araudia.

1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoak, xedatzen duenarekin bat etorriz, trakzio mekanikodun ibilgailuak udal bide publikoetan aparkatzeagatiko tasak arautu eta ordainarazi egiten dira.


2. art.- Zergagaia

Trakzio mekanikodun ibilgailuak Udalak Araututako Aparkatze Zerbitzuari buruzko Ordenantzak udal bide publikoetan zehaztutako alderdietan aparkatzen direnean egiten den udalaren herri jabetzaren aprobetxamendu berezia da tasa hauen zergagaia.

Aparkatzea ibilgailua hiru minutu baino gehiago geldituta izatea da, gelditu beharra zirkulazioak berak eragin ez badu behintzat.


3. art.- Sortzapena

Tasak ordainduko dira udal bide publikoetan aparkaleku gisa mugaturiko aldeetan estazionatzerakoan.


4. art.- Zergaldia

Zergaldia guztiz bat dator estazionaldiaz.


5. art.- Subjektu pasiboa

Subjektu pasiboak honako hauek dira:

1.- Iraupen mugatua duten aparkatzeei dagokienez, udal bide publikoetako araututako aparkalekuetan aparkatuta dauden ibilgailuen gidariak.

2.- Iraupen mugaturik ez duten aparkatzeei dagokienez, gida baimenetan ibilgailuen jabe gisa ageri diren lagun zein erakundeak.


6. art.- Salbuespenak

Estatuak, autonomia erkidegoek eta toki erakundeek ez dituzte tasa hauek ordaindu behar ez zuzenean ustiatzen dituzten komunikazio­zerbitzu publikoei dagozkien aprobetxamenduengatik ez herritarren segurtasunari edo nazioaren defentsari zuzenean lotuta daudenengatik.


7. art.- Zerga kuota

Zerga kuota ordenantza honen eranskinean ageri da. Honakoak kontuan izan dira kuota finkatzeko: kalea zer alderditan dagoen, aparkatzeko baimena zer motatakoa den, ibilgailu mota eta ibilgailua zenbat denboraz egoten den aparkatuta araututako aparkalekuetan.


8. art.- Noiz eta nola ordaindu

Tasa udalaren herri jabetzaren aprobetxamendu berezia gauzatu baino lehen ordainduko da, ordainketa egiaztatzen duten txartelak ematen dituzten makinetan.


9. art. Ezarri beharreko arau orokorrak

Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrean, Zergabilketa Erregelamenduan eta horiek garatzeko arauetan kudeaketa, likidazioa, ikuskaritza, zergabilketa, arau hauste eta zehapenei buruz ezarritako arauak bete behar dira tasa hauei dagokienez.


Amaierako xedapena

Ordenantza honek 1999ko urtarrilaren 1ean izango du eragina, eta bere Eraskinak 2004ko urtarrilaren 1ean. Indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.


Indargabetze xedapena

Trakzio mekanikodun ibilgailuak bide publikoan aparkatzeagatiko prezio publikoa arautzeko aurreko Ordenantzaren lehengo eraskina indarrik gabe gelditzen da.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Trakzio Mekanikodun Ibilgailuan Udal Bide Publikoetan Aparkatzeagatiko Tasak arautzen duen Ordenantzaren eraskina 2003ko urriaren 27an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 2003ko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.