Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuetako Patronatuko instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeagatiko prezio publikoak 2007

Donostiako gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuaren Udal Patronatuko instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeagatiko prezio publikoak arautzeko Ordenantza




1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen 11/1989 uztailaren 5eko Foru Arauean ezarritako prezio publikoei buruzko xedapenekin bat, Donostiako Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuen Udal Patronatuko instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeagatiko prezio publikoak arautu eta galdatu egiten dira.


2. art.- Aterpetxe Patronatuaren eskumenak.

1. Donostiako Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuen Udal Patronatuak, Udaleko Erakunde Autonomiaduna izanik, ondorengoak ezarri eta galdatuko ditu: erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, erabiltzaileen ezaugarriei egokitzen zaizkien erabilera-baldintzak, baita udalerri honetan nahiz beste batzuetan kokatutako instalazio desberdinak babesteko eta erabiltzeko arauak ere.

2. Patronatuak, onura publikoko arrazoiak kontutan izanik, kontratutako zerbitzuen ezaugarriak eta instalazioen erabilera aldatu ahal izango ditu.


3. art.- Ordaindu beharra

Ordaindu beharra honela sortuko da:

1.- Banako eskabide informaletan, zerbitzuak eskatzeko unean.

2.- Talde eskabide formaletan, erreserba onartzeaz batera

3.- Internet bidezko eskabideetan, dela erakundearen beraren orriaren bitartez, dela baimendun bitartekarien bitartez, era automatikoan edo zuzenean baimentzen denean erreserba aurretik egitea.

4. art.- Kontratua gauzatzea

Instalazioak eta zerbitzuak erabili nahi dituzten taldeek (elkarteak, ikastetxeak, kirol klubak…) erreserba onartzeko eskatuko diote Patronatuari. Eskabidearekin batera, egin asmo dituzten jardueren egitaraua aurkeztu beharko dute, eta, halaber, partehartzaileen izena eta adina adierazi. Eskola taldeak izanez gero, arduradunaren eta hark ordezkatzen duen erakundearen datuak ere eman beharko dituzte.

Instalazioak eta zerbitzuak erabili nahi dituzten beste lagunek ere (banakakoak eta aurreko atalean jaso gabeko taldeak) erreserba onartzeko eskatu beharko diote Patronatuari. Eskabidearekin batera, partehartzaileen izena eta adina eta arduradunaren datuak eman beharko dituzte.

Erreserba onartutakoan, bisitaldia baino 10 egun lehenago gutxienez, eredu normalizatuaren araberako kontratu izenpetua aurkeztuko dute Patronatuko bulegoetan, bai eta, horrekin batera, ordaindu beharreko diru guztia kutxan sartu izanaren egiaztagiria.


5. art.- Nortzuk dauden ordaintzera behartuta

Ordaindu baharra izango dute Gazte Aterpe eta Kanpalekuen Patronatuaren instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeko eskatzen edo baimena jasotzen duten pertsona fisikoek eta erakundeek.



6. art.- Zenbatekoak

1. Prezio publiko eta bermeen zenbatekoak zehaztuko dira erabiltzailearen sailkapena, gutxienezko kuota izatea ala ez, egonaldiaren iraupena eta instalazio bakoitzaren zerbitzuak oinarri hartuta, prezio publikoa xedatzeko dokumentuan jasotakoaren arabera.

2. Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuen Udal Patronatuak Prezio Publikoak ezartzeko proposatuko dio Udalbatzarrari, honek erabaki dezan.


7.art.- Nola ordaindu prezioak

1. Prezio publikoa ordaintzeko orduan, bermea eta egin asmo den egonaldi osoari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko dira. Salbuespen gisa, Patronatuak egonaldiaren zenbatekoa zatitzea onartu ahal izango die eskola talde, gazte elkarte eta erakunde batzuei.

2. Bermea eta taldeek egin beharreko lehen ordainketa (ordaindu beharrekoaren %25) erreserba onartutakoan ordainduko dira.

3. Taldeek egin beharreko bigarren ordainketa, egonaldia egin aurreko hilaren 25. eguna baino lehenago egingo da. Hala egiteko epe nahikorik ez dagoenean, lehen ordainketan ordainduko da diru guztia.

4. Banako aterpekideen eta aurreko ataletan jaso gabeko taldeen erreserbak, prezioaren %100 ordaindutakoan joko dira guztiz onartutakotzat. Ordaintzeko modua horretarako ezarrita daudenetako edozein izango da eta nahi besteko aurrerapenarekin ordaindu ahal izango dute.

5. Banako aterpe zaleek edo taldeek faxez, posta elektronikoz edo antzekoen bidez erreserbatuz gero, dirua sartuko dute adierazitako Visa kontuan edo kontu korrontean.

6. Baimendun bitartekarien bidezko Interneteko erreserba instalaziora heltzerakoan ordainduko du aterpe zaleak. Eskaturiko plaza baliozkoa izango da heltzen den eguneko 20:00ak arte (Donostiako ordutegiaren arabera), fede emateko moduan beranduago helduko den jakinarazi ezean.

8. art.- Prezioak itzultzea

1.- Zerbitzua eman beharrekoari ezin egotz dakizkiokeen zionegatik dena delako instalazioan zerbitzua ematerik ez badago, honela jokatuko da:
a. Erakunde erabiltzaileak baldintza administratibo eta ekonomiko guztiak bete ez baditu, erreserba baliogabeturik geratuko da.
b.- Antzeko mailako eta balioespeneko lojamendua bilatuko du udalerrian bertan edo inguruetan, erakunde erabiltzailearen garraiobidea kontuan izanda.
c. Erakunde erabiltzaileak herriz edo kokalekuz aldatzerik onartzen ez badu, ordaindu duen dirua atzera itzultzeko eska dezake.
d. Udalerrian bertan edo hurbil maila eta balioespen bereko lojamendua eta zerbitzuak eskaintzerik ez badago, ordainduriko zenbatekoa itzuliko da.


2.- Erabiltzaileak uko egiten badio instalazioak edo zerbitzuak erabiltzeari arauzko epeak gaindituta, Patronatuak honela jokatuko du:
a. Hogeita hamar egun lehenago atzera eginez gero, % 100 itzuliko du, gestio gastuak izan ezik.
b.- Hamabost egun lehenago atzera eginez gero, % 50 itzuliko du, gutxienez ezarritako gestio gastuak kobratuta.
c.- Zazpi egun lehenago atzera eginez gero, % 25 itzuliko du, gutxienez ezarritako gestio gastuak kobratuta.
d. Zazpi egunetik behera lehenago atzera eginez gero, ez du inolako zenbatekorik itzuliko.

3.- Dirua eskatzailearen kontu korrontera sartuko du.


3.- Zio funtsaturik egonda, eskola taldeen arduradunek Patronatuari jakinarazten badiote zerbitzuren baten erabilera edo egonaldi edo plaza kopurua aldatu nahi dutela, lojamendu zenbatekoaren zatia itzultzea izango da fede emateko moduan eta gestionatzeko behar bezain arin egiaztatuz gero —48 lanordu jarraian—.

9. art.- Kalteengatiko erantzunkizuna

1. Patronatuak zehapenak jarri ahal izango ditu instalazioak erreserba onartzeke eta kontratua gauzatu gabe erabiltzeagatik.

2. Fidantzak gordailuan sartu beharko dira eta erabiltzaileek zuzenean edo zeharka Patronatuko ondasun, instalazio nahiz langileei eragindako kalte-galerei erantzungo diete, baita erabiltzaileek zerbitzuak eragozteagatik zuzenean edo zeharka sortutako gastuei ere.
Kalteak konponezinak izanez gero, ondasunak itzuli edo kalteak konpontzeko zein horien balioa eskatuko du Patronatuak.

3. Bermeak kontratuan adierazitako moduan eta epean itzuliko dira.




Azken xedapena

Prezio publiko hauek 2007eko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, eta hala segituko dute harik eta indarrik gabe uztea edo aldatzea erabaki arteko guztian.


EGINBIDEA: Honen bidez Gazteriaren Aterpetxe eta Kanpalekuetako Patronatuko instalazioak eta zerbitzuek erabiltzeagatiko Prezio Publikoak arautzen duen Ordenantzaren eraskina 2006ko abenduaren 22ko Udalbatzan behin betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 2006ko abenduaren 30ko GAOn argitaratu ziren.