Udal Zerbitzuak Eman edo Iharduerak Egiteagatiko prezio publikoak 2004

UDAL ZERBITZUAK EMAN EDO IHARDUERAK EGITEAGATIKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEKO ORDENANTZA



1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen 11/1989 uztailaren 5eko Foru Arauak prezio publikoei buruz xedatzen duenarekin bat, udal zerbitzuak eman edo iharduerak egiteagatiko prezio publikoak arautu eta galdatu egiten dira.


2. art.- Prezio publikoak jartzeko legezko kasuak

Ordenantza honek arautzen dituenen barruan, ondorengo prezio publikoak egongo dira: Udal honen eskuduntzako zerbitzuak nahiz administrazio-iharduerak emateagatik ordaintzen diren diruzko ordainak, beti ere bi hauetako bat gertatzen denean:

1.- Administratuek obligazioz eskatu edo hartu behar dituzten zerbitzu publikoak nahiz administrazio-iharduerak ez izatea.

2.- Zerbitzu publikoak nahiz administrazio-iharduerak sektore pribatuak eman edo egin ditzakeenak izatea, bai partikularren iharduketarik edo aginte-adierazpenik ez dakartelako, bai indarreko arauteriak Udalaren alde erreserbatutako zerbitzuak ez direlako.


3. art.- Ordaindu beharra dutenak

Prezio publikoak ordaintzeko betebeharra zerbitzu nahiz iharduerez onura eskuratzen dutenek izango dute.


4. art.- Gestioa

1.- Prezio publikoak erabaki eta aldatzea Udalbatzarraren eskumena da Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen 11/1989 uztailaren 5eko Foru Araueko 50. artikuluan xedaturikoaz bat.

2.- Zerbitzu publikoen zenbatekoa eskatutako edo egindako zerbitzu edo iharduera bakoitzeko ordainduko da, eta murriztezina izango da eraskinean, baldintzen orrian, kontratuan edo onarpen-ebazpenean adierazitako aldiekiko.

3.- Prezio publikoen zenbatekoa, zerbitzuaren helburu, ezaugarri eta erabilgarritasunaren arabera zehaztuko da.

4.- Ondorio horietarako, Kaleak Mailen arabera sailkatzen dituen Ordenantza Arautzailea ezarriko da.


5. art.- Ordaintzeko moduak eta epeak

Prezio publikoak honela ordainduko dira:

1.- Zerbitzuak eman edo iharduerak egitean, zerbitzua eman edo iharduera egin baino lehen, baldintzen orrian, kontratuan edo onarpen-ebazpenean agertzen den eran eta epean.

2.- Izaera dela eta aurretik ordaindu ezin diren zerbitzuak ematen direnean edo iharduerak egiten direnean, ordainagiri bakoitzean aipatrzen den eran eta epean.

3.- Aldizkako zerbitzuak eman edo iharduerak egiten direnean, padroi edo erregistro baten bitartez kudeatuz gero, agiri honen onespen-izapidean aipatutako epean.


6. art.- Salbuespenak

1.- Salbuetsitakoak:

a) Haurtzaindegi zerbitzuaren eskatzaileak, baldin eta gizarteratzeko gutxienezko saria, lanbide arteko gutxienezko saria edo langabe saria jasotzeko eskubidearen jabea izanez gero.

b) Haurtzaindegi zerbitzuaren eskatzaileak, baldin eta 2. mailako edo ohorezko familia ugaria badira.

2.- Hobaridunak:

a) Kuotaren %25, eskatzaileak instalazio berean bi anai-arreba baditu.

b) Kuotaren %50, eskatzaileak 1. mailako familia ugariak badira.

3. Salbuespenak eta onurak onartzeko laguntza, beka edo dirulaguntzen emakida izapidetu beharko da aldez aurretik Eusko Jaurlaritzan.

a) Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza nahikoa ez baldin bada haurtzaindegiko zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezio publikoaren zenbateko osoa ordaintzeko, Udalak bere gain hartuko du haurtzaindegiko zerbitzuengatik dagokion prezioaren gainerako zenbatekoa.

b) Ordenantza Fiskal honetan ezarri diren baldintzak beteta ere, Eusko Jaurlaritzaren laguntza, salbuespena onartzea edo udalaren hobaria lortzen ez badira, Udalak bere gain hartuko du haurtzaindegiko zerbitzuengatik dagokion prezioa.


7. art.- Baldintza orrietan arautu beharrekoak

1.- Zerbitzua eskatzen duenaren eta Udalaren artean sortzen diren eskubideak eta betebeharrak baldintza orrietan jarriko dira. Zerbitzu mota bakoitzak bere baldintza orri mota edo eredua izango du. Baldintza orri horiek kasu bakoitzean izango diren baldintza teknikoak eta administratiboak bilduko dituzte, Udaleko Zerbitzu Teknikoek proposatuko dituzte eta Gobernu Batzordeak onartuko.

2.- Baldintza orri mota edo eredu guztiek alderdi hauek jasoko dituzte:

a) Zer zerbitzu eta zenbat denboran eman behar den, aldiro eman beharrekoa den edo aldi jakinik gabe ematekoa den ere jarrita.

b) Zerbitzua eskatzen duenak zer diru ordaindu behar duen, zenbat den prezio publikoa, zer tarifa den, zer ordain modu dagoen eta, jarri beharrik bada, zer berme jarri behar den.

c) Aurrez ere zerbait ordaindu edo jarri behar den.

d) Zerbitzua behar bezala emateak eskatzailearentzat dakartzan betebeharrak, ordaindu behar den dirua ez beste gainetikoak.

e) Betebeharrak ez betetzeak dakartzan zigorrak, baldintza orrietan jasotakoak.


8. art.- Baldintza orriak sinatzea eskatzaileak

Zerbitzuaren eskatzaileak orri-ereduko baldintzekiko adostasuna orria izenpetuta adieraziko du.


9. art.- Baldintza orrien informazioa

Zerbitzuaren nolakotasuna dela-eta baldintzen orri-eredua sinatzea beharrezkotzat jotzen ez denean ere, horiek zerbitzu-eskatzailearen esku egongo dira.


10. art.- Ordaindutakoak itzultzea.

Prezio publikoa ordaintzeko betebeharra duenari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik iharduera egiten ez denean, bidezkoa izango da zenbatekoa itzultzea.


11. art.- Premiamendu bidez kobratzea.

Udalak premiamendu-prozedura administratibo bidez eska ditzake prezio publiko hauengatiko zorrak.


Azken xedapena

Ordenantza honek eta bere eraskinak 2004ko urtarrilaren 1ean izango du eragina, eta indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.


Xedapen indargetzailea

Aurreko Udal Zerbitzuak edo Iharduerak emateagatiko Prezio Publikoak arautzen dituen Ordenantza indarge geratu da.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Udal Zerbitzuak Eman edo Jarduerak Egiteagatiko Prezio Publikoak arautzen dituen Ordenantzaren eranskina 2003ko urriaren 27an egindako Udalbatzan onartu zela behin betiko, eta Ordenatza bera, berriz, 2003ko abenduaren 23an egindako Udalbatzan, behin betiko hura ere. Egin ziren aldaketak, azkenik, 2003ko abenduaren 31ko GAOn argitaratu ziren, 249. zenbakian.