Hirigintzako Zerbitzu tasak 2011

Hirigintzako zerbitzuak emateari dagozkion tasak arautzeko ordenantza



1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak bere III. atalburuko 3. atalean xedatutako arau orokorren arabera, Lurzoruaren Araubide eta Hirigintzako Ordenamenduari buruzko Legean eta hori garatzeko arauetan erregulatutako hirigintzako zerbitzuak emateari dagozkion tasak arautu eta galdatu egiten dira.


2. art.- Egitate zergagarria

Donostiako udalerrian hirigintzako zerbitzuak ematea izango da tasa honen egitate zergagarria, alegia, eranskinean adierazitako hirigintza gestioko espedienteak izapidetu eta ebaztea.


3. art.- Sortzapena

Tasa espedienteen eta hirigintza izaerako Proiektuen izapidetzea hastean sortzen da.


4. art.- Subjektu pasiboa

Tasen subjektu pasiboak, zergadunak, pertsonalitate juridikorik ezean unitate ekonomiko bat osatu edo zergagarri den ondare banatua duten pertsona fisiko eta juridikoak, ondasun erkidegoak eta gainerako erakundeak, zergapetutako espedienteen izapidetzeko onespena eskatu edota horien onurak jaso zein ukituak gerta daitezkeenak, Birpartzelazio Proiektuak edo desjabetzeko espedienteak salbu, lehenengoetan ukituriko guzti-guztiak izango baitira subjektu pasibo eta bigarrenetan onuradunak.


5. art.- Zerga kuotak

1. Espedientea Erregistro Orokorrean onartzean, eranskinean behin-behineko likidaziotzat finkaturiko kopuruak aurretiaz gordetzeko galdatu ahal izango du Udalak.

2. Ordenantzari egindako eranskinean behin-behineko likidazioen tarifak ezartzen dira.

3. Behin-behineko likidazioak zenbateko finkoen bidez mugatzen dira, espedienteen eta tramitatzen hasitako proiektuen ezaugarrien arabera.

4. Behin-behineko likidazioak honela egingo dira:

a) Desjabetzeko espedienteak: jarduketa legeztatzen duen proiektua onestean.

b) Zergapetutako gainerako egoerak: aurkeztutako espedienteak hasiera batean onestean.

c) Birpartzelazio Proiektuei dagozkien likidazioak hirigintzako aprobetxamenduaren eskubideen titular guzti-guztiei egingo zaizkie, batezbesteko kuoten banan banako banaketa bidez, Proiektuan jasota agertzen diren eran.

5. Behin-behineko likidazioak behin-betiko bilakatzen dira Udalak espedientea behin-betiko onetsi edo gaitzesteko azken ebazpena ematean.



6. art.- Salbuespenak

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Lurraldeko Herri Administrazioak zein bere Erakunde Autonomoek izapidetzeko aurkeztutako hirigintzako zerbitzu guztiei dagozkien tasen salbuespena ematen da, desjabetze espedienteak salbu.


7. art.- Beste zenbateko batzuk aparte izatea.

Eranskinean finkaturiko tarifek ez daramate barne hirigintzako arauak betetzearen ondorioz Aldizkari ofizialetan eta egunkarietan argitaraturiko iragarkien zenbatekoa, horiek beren benetako balioan likidatuko direlarik.


8. art.- Aplikazio orokorreko arauak

Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren arabera, tasa hauei Zergei buruzko Foru Arau Orokorrak araututako gestio-, likidazio-, ikuskatze-, bilketa-, urrapen- eta zehapen-arauak aplikagarri zaizkie.


Azken xedapena

Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Hirigintzako zerbitzuak emateari dagozkion tasak arautzen dituen ordenantza 2003ko urriaren 27an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela eta ezarritako aldaketak 2003ko abenduaren 31ko 249 GAOn argitaratu zirela.
Bere eranskina 2010eko urriaren 26an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zen, eta ezarritako aldaketak 2010eko abenduaren 30eko 249. GAOn argitaratu ziren.