Urez Hornitzeko zerbitzuak eskaintzeagatiko tasak 2006

Zerga Ordenantza, urez hornitzeko zerbitzuak eskaintzeagatiko tasak arautzekoa






1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 28ko 11/1989 Legeak xedaturikoaz bat, banakoek udal jabari publikoa erabili eta bereziki ustiatzeagatiko tasak arautu eta galdatu egiten dira.


2. artikulua. Zergagaia

Honako hauek dira tasa zergagaiak:

1.- Udal sarerako hartuneak ezartzeko xedaturiko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko udal jardunbidea.

2.- Ura banatu eta eramateko udal sarea zaindu, konpondu eta hobetzea.

3.- Kontagailuen alokairua, berez derrigorrez dakarrela horiek zaindu, konpondu eta, behar izanez gero, ordezkatzeko zerbitzua ere kontratatzea.

4.- Kontagailuak zaindu, konpondu eta, behar izanez gero, ordezkatzea.

5.- Neurgailuak aztertzea.

6.- Ur hornidura.


3. art.- Derrigorrezko zerbitzutzat jotzea

Administratuak derrigorrez jaso behar ditu ur hornikuntzako zerbitzuak, lege xedapenek hala arautzeaz gain, banakoen zein elkarteen bizirako ezinbestekoa ere baita.


4. art.- Ordaina

Tasak ordainduko dira zerbitzuok ematen hasten den unean, honelakoetan joko direlarik hasitakotzat:

1.- a.- Udalari eskabidea aurkezten zaionean udal jardueraren bat egin edo hartunea ezartzeko baimena lortzeko espedienteari ekiteko.

b.- Udalak espedienteari ekitean, eskabiderik aurkeztu ez delako udala legez beharturik baitago jarduera hori bururatzera, edo hartunea egiteko baimena izapidatzeko galdatzean.

2.- Hornidura sareari lotzean, urtero, urtarrilaren 1etik.

3.- Kontagailuak alokatu, zaindu, konpondu eta ordezkatzeko zerbitzua eskatzean.

4.- Neurgailuak aztertzeko eskatzean.

5.- Ur hornidura jasotzean, urtero, urtarrilaren 1etik.



5. art.- Zergaldia

Udal sarea zaindu, konpondu eta hobetzeko zerbitzua ematean eta urez hornitzean, biak aldian aldikoak direnez gero, tasa urtero, urtarrilaren 1etik ordaintzen da eta zergaldia berezko urteaz bat dator, zerbitzuaren hasiera edo amaieran izan ezik, horrelakoetan zergaldia egoera horretara egokituko delarik, kuota hiruhilabeteka zehaztuko delarik.


6. art.- Subjektu pasiboak: zergapekoak

1.- Honako hauek dira tasen subjektu pasiboak, zergapeko gisa, zergagai diren zerbitzu edo jarduerak eskatu edo haiek sortutako onura edo eragina jasotzen badute: gizakiak eta zuzenbide izakiak, oinordetza banatugabeak, ondasun elkargoak eta zuzenbide izaerarik ez duten gainontzeko erakundeak, baldin eta ekonomi unitate bat edo zergagarri izan daitekeen aparteko ondasun bat osatzen badute.

2.- Zerbitzu edo jarduerak ez badituzte onuradunek eskatu, baina haiek zerbait egiteagatik edo egin beharrekoa ez betetzeagatik sortu bada zerbitzu edo jardueron beharra, egite edo ez egite horien erantzuleak.


7. art.- Subjektu pasiboak: ordezkoak

Zergapekoaren tasen subjektu pasibo ordezko izango dira ondasun higiezinen jabeak eta ahalmena izango dute kuota onuradunei eskatzeko, urez hornitzeko zerbitzuak, oro har, etxebizitza edo lokaletako bizilagunentzako onura edo zama baitira.


8. art.- Zerga kuota

Ordenantza honetako Eranskinean zehazten dira, honako irizpide hauek oinarri:

1.- Hartuneetan: zenbateko finkoak, hartunea lantokikoa edo iraunkorra den eta kalibrearen arabera.

2.-Sarea zaindu eta hobetzea: harpidetza kuota finkoa, hilekoa, etxe instalazioen arabera, eta kontagailuaren kalibrearen arabera gainontzeko erabileretan.

3.- Kontagailuen alokairua: hileko zenbateko finkoa, kontagailuaren kalibrearen arabera.

4.- Kontagailuak zaindu, konpondu eta ordezkatzea: hileko zenbateko finkoa, kontagailuaren kalibrearen arabera.

5.- Neurgailuak aztertzea: zenbateko finkoak, neurgailuaren kalibrearen arabera.

6.- Ur hornikuntza: kuota aldakorra, hileko zenbateko finkoak, erabilitako m³en arabera.

7.- Baldin eta etxebizitza gisa egokitutako etxe batean bizi den bizikide unitateko batek jardueraren bat egiten aritzeko baimena badu, Ur Zerbitzuak, bi egoera horien baldintzak ikusirik, urik gehiena zertarako erabiltzen den aztertu eta erabakiko du, jarduera mota eta hartarako erabiltzen den azalera ere kontuan izanik; eta, hala, honen eranskinaren arabera erabilera horri dagokion tasa kitatuko da.


9. art.- Tasak ordaintzeko modua

1.- Tasak honako aldi hauek oinarri ordainduko dira:

a) Sarea zaindu eta hobetzeko zerbitzu edo ekintzak; kontagailuak zaindu, konpondu eta ordezkatzeko zerbitzuak zein alokairua; neurgailuak aztertzea, eta hornidura bera aldian behin gauzatu eta erroldaren arabera gestionatzen direnez gero: Biztanleen Errolda jendaurrean erakusteko izapidetzan adierazitako epean:
    - Bolumen handiko kontsumitzailetzat jotako erabiltzaileek hilean behin.
    - Hiru hilean behin gainontzeko erabiltzaileek.

b) Tresnak ikuskatzea eta hartuneak ezartzeko zerbitzu eta jarduerak, baimen edo lizentzia bidez gauzatzen dira eta eman aurretik ordaindu behar direnez gero, alorreko ordezkariaren ebazpenean adierazitako ebazpenean, dagokion hirigintza tasaz batera.

2.- Aldian-aldian emandako zerbitzuengatiko tasak ordainagiri bakarraren bitartez ordainduko dira.

3.- Aldian behin emandako zerbitzuengatiko tasak saneamendu zerbitzuagatiko tasaz batera ordainduko da, ordainagiri bateratuaren bitartez.


10. art.- Aurrez jartzea tasarena

Eskabidea aurkeztean udalak eskatuko du tasa gordailatzeko edo eginbeharrak beteko direlako bermeak eratzeko.


11. art.- Tasak itzultzea

Subjektu pasiboari ezin egotz dakizkiokeen zergatikoak direla eta, zerbitzua, jarduera edo baimena zein lizentzia eman ezean, ordaindurikoz enbatekoa itzuliko zaio.


12. art.- Gestioa

1.- Udalak autolikidazio gisa eska ditzake tasak.

2.- Erabiltzaileak Ur Zerbitzuari jakinarazitako aldaketak -nola kontsumo handiko erabiltzailea izan hala bestelakoa izan, eta berdin subjektu pasiboari buruzkoak edo uraren erabileraren gainekoak izan-, kitatu gabe dagoen lehenengo ordainagirian sartuko dira, hartarako betarik izaten bada, betiere, eta udalerrian kontagailuak irakurtzeko hurrenkerari jarraiki.

3.- Zerbitzu eskatzailearen eta udalaren artean sortuko diren eskubide eta eginbeharrak Urez Hornitzeko Zerbitzuaren Araudi Orokorrak arautuko ditu, eta zerbitzu edo erabilera mota bakoitzaren arabera xedatuko dira hartune baimen edota lizentzietan edo harpidetza polizan.


13. art.- Betebehar formalak

Zerbitzuak jaso, lizentziak izapidatu edo udal jarduerak abiarazi nahi dituztenak honako hauek bete beharko dituzte:

1.- Hartuneak egiteko udal baimena lortzea.
2.- Harpidetza poliza izenpetzea.
3.- Aldian behin ordaindu beharko tasetan, aldaketarik izanez gero, hamabost egunen buruan jakinarazi beharko dira, bai subjektu pasiboari buruzkoak, bai lokaletako ura erabiltzeko modua aldatzea dakarren jarduerarenak.


14. art.- Orokorrean ezarri beharreko arauak

Tasa hauei ezarriko zaizkie Foru Zerga Arau Orokorrak, Zergabilketako Erregelamendu Orokorrak zein horiek garatzeko araudiek xedaturiko gestio, likidazio, ikuskaketa, bilketa, urratze eta isun arauak.





Azken xedapena

Honako ordenantza hau 2002ko urtarrilaren 1ean izango du eragina, eta bere Eraskinak 2004ko urtarrilaren 1ean. Indarrean jarraituko du horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.


Xedapen indargabetzailea

Udal jabari publikoa erabiltzeagatiko prezio publikoak arautzeko aurreko Ordenantza indargabeturik dago.


EGINBIDEA: Urez Hornitzeko Zerbitzuak eskaintzeagatiko Tasak arautzen duen Ordenantza 2001eko urriaren 22an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 2001eko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren. Bere eraskina 2003ko abenduaren 23an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zen, eta ezarritako aldaketak 2003ko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.

EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Urez Hornitzeko Zerbitzuak eskaintzeagatiko Tasak arautzen duen Ordenantzaren eraskina 2003ko abenduaren 23an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 2003ko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.