Udal Hilerrietan Emandako Zerbitzuengatiko tasak 2002

UDAL HILERRIETAN EMANDAKO ZERBITZUENGATIKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA



1. artikulua.

Donostiako Udalak udal hilerrietako zerbitzuengatiko tasak arautu eta ordainarazten ditu, 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoak, bere 3. atalburuko 3. atalean ematen dituen xedapen orokorrekin bat etorriz.


2. artikulua. Zergagaia

Udal hilerrietan ematen diren honelako zerbitzuengatik ordaindu beharko dira hemen araututako tasak:

- Gorpuak lurperatu eta lurpetik ateratzeagatik.
- Gorpuak lekuz aldatu eta txikitzeagatik.
- Gorpuak gorputegian uzteagatik.
- Hilerriak kontserbatu, zaindu eta garbitzeagatik.
- Hilobiak erabiltzeko eskubideak eman eta eskuz aldatzeagatik.
- Hilobietan, kaperetan, e.a. lanak egiteko baimena eskuratzeagatik.


3. artikulua. Noiz sortzen da tasa ordaindu beharra

Zerbitzua ematen denean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Honelakoetan joko da zerbitzua ematen hasita dagoela:

1. Gorpuak lurperatu, lekuz aldatu, txikitu edo gorputegian uzteko zerbitzua jasotzeko eskabidea egitean.

2. Hilobia erabiltzeko eskubideak edo obrak egiteko lizentzia ematean.

3. Hilerriak kontserbatu eta garbitzeko zerbitzua ematen denean.


4. artikulua. Zergapekoa

1. Tasa honakoek ordaindu behar dute, zergapekoak dira eta: gizakiek eta zuzenbide izakiek, oinordekotza banatugabeek, ondasunen elkarteek eta, zuzenbide nortasunik izan gabe, unitate ekonomikoa diren edo zergagai den aparteko ondarea duten bestelako entitateek, baldin eta:

a) Zerbitzuak, emakidak edo lizentziak eskatzen badituzte.

b) Kapera, kripta eta hilobien emakidadun edo jabeak izateagatik, hilerriak kontserbatu, zaindu, garbitu eta apaintzeko zerbitzuetatik nolabaiteko onura ateratzen badute.

2. Zergapekoak ordaindu ezean, ehorzketa etxeek ordaindu beharko dute.


5. artikulua. Salbuespenak

1989ko uztailaren 11/1989 Foru Arauko 9. artikuluan jasotako ahalmenez baliaturik, honako salbuespenak egingo dira:

1. Ongintzako edo gizarte laguntzako erroldan jasotakoen gorpuak, behartsuenak eta ongintza etxeetan bizi zirenenak lurperatu eta lurpetik ateratzeko zerbitzuak.

2. Epaileek agindutako zerbitzuak.

3. Udalak salbuespen gisa ordaindu behar dituenak.


6. artikulua. Zergarik ordaindu beharrik eza

Emakidun bera duten jabeek ez dute zergarik ordaindu behar izango hilobiak erabiltzeko eskubideak elkarren artean aldatzeagatik.


7. artikulua. Tasak noiz ordaindu

1. Hilerriak kontserbatu, zaindu eta garbitzeko zerbitzua, errolda baten bidez kudeatzen den aldizkako zerbitzua izanik, urtean behin ordainduko da, errolda jendaurrean erakustean adieraziko den modu eta epean.

2. Gorpuak lurperatu, lurpetik atera, lekuz aldatu, txikitu eta gorputegian uzteko zerbitzuak sinaturiko hitzarmenean edo zerbitzuak ematea onartzen duen ebazpenean adierazitako modu eta epean ordainduko dira.


8. artikulua. Kuotak

Zerbitzu bakoitzari dagozkion tarifak ordenantzaren eraskinean ageri dira.


9. artikulua. Arau orokorrak

1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauarekin bat, Zergei buruzko Foru Arau Orokorrak kudeaketa, kitapen, ikuskaritza, bilketa, arau hauste eta zehapenei buruz ezartzen dituen arauak tasa hauetan ere bete behar dira.


10. artikulua. Azken xedapena

Ordenantza honek eta bere eraskinak 2002ko urtarrilaren 1ean izango dute eragina, eta indarrean jarraituko dute horiek aldatu edo indargetzea erabaki arte.


11. artikulua. Indargabetzeko xedapena

Udal hilerrietan ematen diren zerbizuengatik ordaindu beharreko tasak arautzen zituen lehengo ordenantza indarrik gabe gelditzen da.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Udal Hilerrietako Zerbitzuengatiko Tasak arautzen duen Ordenantza eta prezioak arautzen dituen Eraskina 2001eko urriaren 22an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zirela. Ezarritako aldaketak 2001eko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.