ZEZENKETAK ETA UDAL BALIABIDEEI BURUZKO GALDEKETA




2015eko apirilaren 30ean, 2 urtetan zehar garatu zen partaidetza prozesu baten ondoren Donostiako Udalaren Osoko Bilkuran talde politiko guztiek aho batez onartu zuten Hiritar Kontsulten Erregelamendua.

Ekainaren 19an Estatuko Abokatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzien Salara bidalitako idatzian eskatu zuen bertan behera uztea Erreglamendua.

Urte bereko urriaren 30ean, herritar talde batek kontsulta bat egiteko eskaria egin zuen, "Udalak bere baliabideak zezenketak egiteko erabiltzeari buruzkoa".

2016ko apirilaren 25ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzien Salako Lehen Atalak baietsi egin zuen Estatuko Administrazio Orokorrak Donostiako Udalaren herri-kontsulten erregelamenduaren aurka jarritako errekurtsoa, eta Erreglamendua deuseztatu behar zela adierazi zuen, zuzenbidearekin bat ez zetorrela kontuan hartuta, maila handiagoko xedapenak urratzeagatik.

Udalak Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarri zuen.

Bien bitartean, zezenketak egiteko Udal baliabideak erabiltzeari buruzko kontsulta eskaerak beharrezko baldintzak beteta iritzita (galdeketa babesteko herritarren 8.986 sinadura baliagarri jaso zituen Batzorde Sustatzaileak, biztanle erroldaren % 5 gaindituz), Udalak kontsulta egiteko tramitazioarekin jarraitu zuen eta 2017ko otsailaren 19rako deitu zuen galdeketa.

2016ko irailean, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiak kontsulta bertan behera utzi zuen kautelaz, Estatuko Abokatuaren eskariari erantzunez.

2019ko urriaren 23an, Auzitegi Gorenak erabaki zuen ez onartzea Donostiako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) epaiaren aurka jarritako errekurtsoa.

Ondorioz Hiritar Kontsulten Erregelamendua bertan behera geratu zen eta ezin izan zen burutu zezenketak egiteko Udal baliabideak erabiltzeari buruzko kontsulta.



BERTAN BEHERA GERATU ZEN ARTE GALDEKETA PROZESUAREN IBILBIDEA:



2015eko urriaren 30ean, udal erregistroan eskabide bat formalizatu zuten hiru herritar norbanakok, Udalak hiritar kontsulta bat antolatzea eskatzeko.

Kontsultagai jartzeko galderaren testuaren proposamena hau izan zen:

Udalak, bere baliabideak zezenketak egiteko erabiltzeari utz diezaion nahi al duzu?

Eskabidea aztertu ondoren, alkateak ebatzi zuen kontsulta bat egiteko beharrezko sinadurak biltzeko baimena ematea eta Udalak sinadurak biltzeko orri ofizialak eman zizkion kontsulta sustatzen zuen batzordeari.

2016ko martxoaren 16an 10.000 sinadura aurkeztu zituen Batzorde Sustatzaileak udal erregistroan: aurkezturiko sinadurak aztertu eta Udal Biztanle Erroldarekin alderatu zituen Donostiako Udalak, eta egiaztatu zuenaren arabera, 8.986 sinadura baliagarri bildu zituen Batzorde Sustatzaileak, hau da, udal erroldaren % 5 baino gehiago, araudiaren arabera herritarrei kontsulta egiten jarraitzeko ezinbesteko baldintza zen kopurua.

Beharrezko txostenak idatzi zituzten Udal Organoek: Kontsulten Organo Izapidegileak, Idazkaritza Nagusiak, eragindako alorraren zuzendariak eta Kontu Hartzailetza Nagusiak.

2016ko Uztailaren 14ean Donostiako alkate Eneko Goiak udal baliabideak zezenketak egiteko erabiltzeari buruzko kontsulta deialdiaren ebazpena sinatu zuen eta 2016ko Uztailaren 27an Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu zen ebazpena.



Araudiak zehaztutako kronograma hau zen:



1.Sinadura Bilketa
2.Sinadurak Egiaztatzea
3.Proiektua eta prozesua aztertzea
4.Alkatearen deialdi ebazpena
5.GAO-n argitaratzea
6.Kontrol Batzordearen sorrera
7.Eragile eta herritar interesatuen kreditatzea
8.Informazio eta eztabaida epea
9.Bozketa epea
10.Emaitzak jakinaraztea
11.Udalak emaitzari buruz hartuko duen jarrera jakinaraztea




Botoa eman ahal izango zuten pertsonak hauek izan zitezkeen: kontsultaren deialdia egin zen unean, 2016ko uztailaren 14ean, Donostian erroldatuta zeudenak, eta bozketa hasiko zen egunean, 2017ko otsailaren 6ean, 16 urte beteta zituztenak. Deialdiari buruzko ebazpenarekin bat etorriz kontsultan botoa eman ahal izango zuten pertsonen zerrenda osatuko zuten udal zerbitzuek eta Kontsultan parte hartzeko legeztatuta zeuden pertsona guztiei nortasun txartel bat bidaliko zitzaien.

Bozketarako bi bide eta epe hauek zahaztu ziren:
  • Internet bidezko on line bozketa ez presentziala: 2017ko otsailaren 6tik otsailaren 17ko 24:00ak arte, 24 ordu etengabez.
  • Ohiko bozketa presentziala: 2017ko otsailaren 19a, 9:00etatik 15:00etara.

Eragile interesatuek kreditatzeko tramitea zabaldu zen eta Kontrol Batzorderako izena emateko epea ezarri zen, baita Mahai begirale izateko eskaera egiteko, eztabaida ekinaldiko komunikazio ekintzetako partaide eta bultzatzaile bezala kreditatu ahal izateko epea...

Erregeleamenduan jasotzen zenez, eztabaida publikorako epe bat zabalduko zen eta Informazio-kanpaina bat antolatuko zen, 2017ko urtarrilaren 7an hasiko da eta otsailaren 5ean amaituko zena. Horren barruan, ekitaldi mota desberdinak antolatzeko aukera ematen zuen araudiak, metodologia ezberdinekin, herritarren iritziak eta argudioak trukatu daitezela errazteari begira:
  • Sustapen Batzordeak, talde politikoek eta gizarte-eragile nahiz elkarte profesional interesatuek beren jarreraren inguruko informazio-jarduerak antolatu eta azalpenak eman ahal izango zituzten.
  • Udalak webgunean espazio bat sortuko zuen kontsultagaiari buruzko iritzi desberdinei eskainia.
  • Aldez aurretik Bozeramaileen Batzordean entzun eta eztabaidatu ondoren, Udalak azalpen-buletin bat banatuko zuen etxeetan: bertan kontsulta-gaiaren inguruan egon daitezkeen jarrera desberdinei espazio bera eskainiko zitzaien. Jarrerei buruzko azalpen horiek udal talde politikoek, ekimenaren sustatzaileak edo interesatu gisa kreditatutako eragile nahiz kolektiboek egin ahal izango zituzten.

Araudiak aurreikusten zuen kontsultaren egunean kontaketa amaitu ondoren, Mahaietako lehendakari izango ziren pertsonek Kontsulten Organo Izapidegileari emango ziotela emaitzen Akta. Hori jasotzen zenetik, egun 1etik gorakoa izango ez den epe batean Alkateak, Kontrol Batzordeak aurkeztutako proposamena ikusita, ebazpen baten bitartez emaitza ofizialak jakinaraziko zituen ekitaldi publiko batean. Emaitzei buruzko ebazpen horren aurrean, edozein pertsona interesatuk helegitea jarri ahal izango zuen, administrazio-helegite eta helegite jurisdikzional arrunten bitartez.

Bozketaren emaitzari buruzko ebazpena edo izandako gora-beherei buruzko ebazpena ematen zenetik 60 egun naturaleko gehieneko epean, organo eskudunak publikoki eta arrazoiturik adierazi beharko zuen nola eragingo zion emaitza horrek kontsultapean jarritako jarduera publikoari.

Prozedura guzti hau ez zen garatu Todo este proceso no se llevó a cabo: 2016ko irailean, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiak kontsulta bertan behera utzi zuen kautelaz, Estatuko Abokatuaren eskariari erantzunez.2019ko urriaren 23an, Auzitegi Gorenak erabaki zuen ez onartzea Donostiako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) epaiaren aurka jarritako errekurtsoa.



Auzitegietan sortutako egoera kontutan hartuta, araudi berri baten lanketa burutu zen eta Donostiako Udalbatzak 2017ko urtarrilaren 26an egindako osoko bilkuran behin betiko onarpena eman zion Herri kontsulten erregelamenduari eta hau da gaur egun indarrean dagoena.