Txistu eta abesbatza kontzertua Santa Zezilia ospatzeko

Donostiako Udalaren txistulari taldeak eta Santa Zezilia Koralak bat egingo dute, beste urte batez, musikarien patroiaren ospakizun kontzertuan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Musikarien patroiaren ospakizunak, Santa Zezilia egunak, urtero pizten ditu kontzertu andana azaroaren 22aren inguruan. Donostian, beste urte batez, Donostiako Udalaren txistulari taldeak eta Santa Zezilia Koralak bat egingo dute azaroaren 22ko ospakizunaren iragarle. Ekitaldia, datorren igandean, azaroak 19, ospatuko da Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan 12:00etan hasita.

Bi taldeak bakarka zein elkarrekin ariko dira askotariko obrez osaturiko programa eskainiz. Txistulariek emango diote hasiera emanaldiari Bonifazio Laskurainek Santa Zeziliari eskainiriko kalejirarekin, eta jarraian, Aita Hilario Olazaranen errepertorioa entzungo da: Hainbat dantza doinu, Txoriak eta Harkaitzetan. Izan ere, 50 urte bete dira aurten musikaria hil zela eta haren musika gogora ekarriko dute txistulariek.

Santa Zezilia Koralaren txanda izango da ondoren. Laida Otaduyren zuzendaritzapean abesbatza hutserako errepertorioa entzuteko aukera izango da. Saioan honako obrak eskainiko dituzte: Alexandre Lesbordesen Ama, Aita Donostiaren Jeiki, jeiki; Yon Oñatibiaren Aunitz urtez, Xabier Sarasolaren Ene maitea, Jesus Guridiren Aldapeko eta zuzendariak berak sortutako Urretxindor banintz.

Kontzertua amaitzeko bi taldeek elkar hartuko dute. Lehenengo, Eduardo Mokoroaren Sorgin dantza joko dute; jarraian, Zein zera zu -Jose Olaizola- eta Maite nauzula diozu Luis Elizalde; eta musikarien patroiren ospakizun kontzertua amaitzeko Mendigoizaleak kalejira eskainiko dute guztiek batera. Gainera, azken pieza honetan, kontzertu irekierako kalejiran bezala, Donostiako Musika eta Dantza Eskolako txistu ikasleak eta Donostia eta inguruetako txistulariek ere parte hartuko dute.

Horrela, igandean, azaroak 19, 12:00etatik aurrera Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan ekitaldi berezia egingo da. Bertan, Santa Zezilia, musikarien patroia omenduko dute txistu eta abesbatzarako musika eskainiz. Kontzertuak sarrera librea izango du edukiera bete arte.

2023/11/14-an argitaratua