'Baietz 20 ordu euskaraz Intxaurrondon' , larunbatean, 13:00etan, ekitaldi nagusia

Intxaurrondon euskararen egoera eraldatzeko baldintzak sortu nahi dira 2017an

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Baietz 20 ordu euskaraz” egitasmoa aurrera eramaten ari dira Intxaurrondon auzoko hainbat eragileren ekimenez. Auzotarren artean euskararen erabilera aktibatu eta hizkuntza berdintasuna sustatzeko asmoz antolatuko da egitasmoa auzoan.

Intxaurrondon euskararen egoera eraldatzeko baldintzak sortu nahi dira 2017an eta horretarako bi fase aurreikusi dira: lehen aldian, martxoaren 31n eta apirilaren 1ean, “Baietz 20 ordu euskaraz” ekimena antolatu eta bigarren aldian, azaroaren 13tik abenduaren 3ra, “Baietz 20 egun euskaraz”.

“Baietz 20 ordu euskaraz”egitasmoari martxoaren 31n, ostirala, goizeko 11:00etan hasiera eman zaio Korrika txikiarekin. Hortik aurrera, orduero, gaueko 21:00ak arte, era askotako ekitaldiak antolatu dira Bernart Etxepare plazan jarritako karpan ( Intxaurrondo Ikastola eta Hegoa ikastetxeko ikasleen emanaldiak, tailerrak, kantu jaia, suhiltzaileen erakustaldia eta abar).

Apirilaren 1ean, 13:00etan, ekitaldi nagusia



Apirilaren 1ean, 13:00etan, egingo da ekitaldi nagusia. Ekitaldi horretan Intxaurrondoko hainbat elkarte, eragile eta kolektibotako ordezkariez gain, udal ordezkariak eta euskalgintzako taldeak ere izango dira.

Donostiako Udaleko hainbat ordezkari ekitaldi nagusian izango dira: Jon Insausti (EAJ), Duñike Agirrezabalaga (PSE), Amaia Almirall (EH Bildu) eta Miren Albistur (PP).

Ekitaldi nagusian azaroan antolatuko den “Baietz 20 egun euskaraz” ekimenaren berri emango da. Bigarren faseko helburua euskal hiztunak eta elebidun hartzaile pasiboak aktibatzea da. Aho-biziak (euskaraz hitz egiteko prest direnak) eta belarri-prest dutenak (euskaraz entzuteko prest daudenak) aktibatuko dira. Aho-biziak inguruan dituztenekin euskaraz arituko dira, baldin eta euskara ulertzen badute. Ezagun horiekin euskaraz beti eta erabat egiten saiatuko dira eta normaltasunez hartuko dira elkarrizketa elebidunak. Ezezagunekin hitz egiterakoan berriz, lehen hitza eta bigarren hitza euskaraz egiten saiatuko dira, eta ulermena ziurtatuta dagoen kasuetan, elkarrizketa elebidunak mantenduko dituzte.

Intxaurrondoko Plazara Goaz Euskara Batzordeaz gain, auzoko hamaika eragile ari dira antolaketa lanetan: Intxaurrondo ikastola, Hegoa ikastetxea, Lauaizeta ikastola, Intxaurrondo Ikastolako Guraso Elkartea, Hegoa ikastetxeko Guraso Elkartea, Haizalde elkartea, Zulo Zahar elkartea, IZBE, Intxaurrondoko Historia Mintegia, Intxaurrondo Kantuz, Intxhaurgunea, Gazte-lekua eta Haur-txokoa, Larrotxene eta Intxaurrondo Kultur Etxeak, Loreak taldea (Urtxintxa eskolaren laguntzarekin), Gazte Asanblada, Traganarruak kofradia (Donostiako Piratak). Horiez gain, Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkartea ere ekarpen garrantzitsua egiten ari dira.

2017/03/31-an argitaratua