Park(ing) Day

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astea ospatuko du Park(ing) Day ekimenean parte hartuz irailaren 15ean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Urtero bezala, irailean, Mugikortasun Iraunkorraren hilabetea ospatzen da Europa osoan, baita Donostian ere.
Irailaren 16tik 22ra hainbat saio eta ekimen antolatu dira hirian barrena, herritarrak mugikortasun ohitura osasungarriagoen eta iraunkorragoen alde sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko.


Egitarauari hasiera emateko, irailaren 15ean, Parking Day ekimena antolatu da lehen aldiz Donostian. Parking Day festak aldarrikapen kutsua izango du eta ibilgailuek okupaturiko espazioei beste erabilera bat ematea posible dela agerian utziko du.


Ekimenak sei ardatz ditu oinarri:

    1. Espazio publikoak berreskuratzea. Harrigarria badirudi ere gure hirien espazio publikoaren %70-%80a kotxeei bideratua dago. Honek espazio publikoen kalitatea murrizten du, eta pertsonak batzeko eta sozializatzeko aukerak mugatzen ditu.
    2. Osasuna. Izan ere, hirietako airearen kalitatea hondatzeak eta zarata maila handiak ondorio larriak ditu herritarren osasunean.
    3. Espazio berdeak zabaltzea eta zaintzea. Ibilgailuen bero metaketak tenperatura handitzen dute hirietan, eta horrek eragin negatiboa izan dezake berdeguneetako landareetan.
    4. Bizikidetza sustatzea. Garrantzitsua da pertsonen arteko sozializazioa eta topaketa sustatzen dituzten espazio publikoen azpiegiturak bermatzea.
    5. Larrialdi klimatikoaren desazelerazioa. Espainian garraioaren sektoreak berotegi efektuko gasen guztizko isurketen %25 sortzen du eta errepideko garraioak isurketa horien ia % 95 eragiten du.
    6. Mugikortasun jasangarria bermatzea. Auto pribatuaren erabilera masiboak oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioa murrizten du eta.

Parking Day festa Donostiako bost puntutan ospatuko da aldiberean, hala nola Urbietan, Grosen, Egian, Amaran eta Antiguan, hiriko eragile ezberdinen ardurapean.


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean Egia auzoko Parking Day ekimena planifikatu du, Mandasko dukearen kalean.
Irailaren 15ean goizeko 10:00etatik 12:00etara Cristina Enea Fundazioak hiritar orori zuzendutako eskulanak eta irakurketa txokoa antolatu ditu.
12:00etatik 15:00etara Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eskutik musikaz gozatzeko aukera ere izango dute Egiako Parking Day kokalekura gerturatzen diren herritarrek. Lehen orduan, Emakume Irakasleen Comboak emanaldi berezia eskainiko du eta ondoren Jam Session irekia ospatuko da, nahi duen orok parte hartu dezan partekatzeko espazio ederra sortuz.

2023/09/13-an argitaratua