Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Baso-suteak saihesteko oinarrizko aholkuak


Nahiz eta gure ingurunean baso-suteak beste lurralde batzuetan bezain ohikoak ez izan, garrantzizkoa da jakitea zer neurri har ditzakegun guztiok sute horiek saihesteko.

Jarraian, baso-suteen eragina mugatzeko jarraitu beharreko hainbat argibide emango ditugu:
  • Ez da komenigarria mendian sua piztea, ez galondoak edo larrea erretzeko, ezta barbakoak egiteko edo lurreko sua egiteko ere (ezta horretarako prestatutako atsedenlekuetan ere). Suteak izateko arrisku handieneko garaian (ekainaren 1etik azaroaren 1era) edozein txinpartak edo garrek, txikia izanda ere, ezbeharra eragin dezake. Sua egin behar bada, soilik baimendutako eremuetan eta beti kontrolpean egin beharko da.
  • Lurrera ez da pospolorik, zigarro-mutxikinik, zigarrorik edo erretzen ari den objekturik bota behar, ezta paperik, plastikorik, beirarik edo sutea eragin dezakeen edozein motatako hondakinik edo erregairik ere. Hoberena: mendian ez erretzea.
  • Baso-lurretan ez da motosegarik, motozerrarik, soldatzeko makina multzorik, disko-makinarik edo erradialik erabili behar.
  • Etxebizitza nekazaritza- edo baso-lurretan edo horiek inguratzen duten eremuan daukatenei gomendatzen diegu ez jartzea erraz su hartzen duten espezieak (arizonikoak, nekostak, eta bar) dituzten heskaiak, eta ez eraikitzea barbakoak finkaren mugetan, edo, behintzat, barbakoa horiek ez erabiltzea haizea dabilen egunetan. Era berean, auzokoen komunitateari eskatu behar zaio autobabeserako plan bat egitea (kaleetan ur-paloak jarri, kaleak eta alboko bideak ibilgailurik eta landaredirik gabe eduki, ur-deposituak egin, eta abar). Zaborra eta inausketaren hondakinak prestatutako edukiontzi edo zabortegietan utzi behar dira, ez dira inoiz suntsitu behar etxebizitzaren ondoan pilatuta edo erreta.
  • Sute-garaietan (ekainaren 1etik azaroaren 1era) mendian sartzeko komenigarria da lurra, komunikatzeko bideak eta bide alternatiboak ondo ezagutzea, eta ikuspen handiko eremuetan ibiltzeko ahalegina egitea beti. Mendi-ibiliak egin nahi badira, bereziki, adinekoekin eta haurrekin, saiatu behar da seinaleztatutako zirkuituetatik ez ateratzen.
  • Baso-lurretan edo horietatik hurbil dauden legez kanpoko zabortegien edo isurtzeko guneen berri eman behar zaie agintari publikoei. Horien ondorioz, askotan baso-suteak izaten dira.
  • Ez da saiatu behar leku guztietara autoz edo motordun ibilgailuz iristen, ihes-hodiak sastraka lehorrak ukitzen baditu, sutea eragin dezake. Baso-eremuetan autoa prestatutako aparkalekuetan aparkatu behar da, edo, behintzat, larrerik edo sastrakarik ez dagoen eremuetan.
  • Kanpaldiak egin nahi izanez gero, horretarako prestatutako eremuetan egin.
  • Gas edo likido sukoien bitartez beroa edo argia sortzen duten elementuak erabiltzen direnean, arriskurik sortzen ez duten lekuetan zintzilikatuko dira edo oinarri horizontal baten gainean jarriko dira; horretaz gain, landaredirik ez duen zirkulu bat utzi beharko da elementu horiek erortzen badira erabat babestuta daudela bermatzeko.
  • Kanpamentutik joan behar izanez gero, neurriak hartuko dira argia edo beroa ematen duten aparatu guztiak eta edozein su itzalita uzteko.
  • Sugarretik ateratzen diren sukaldeko tresnak eta erremintak hoztu egingo dira materia erregaiekin harremanetan jarri aurretik; horretarako, harrien gainean jarriko ditugu. Beti ura beharko dugu ondoan, eta gomendatzen dugu itzalgailuak edukitzea piztu daitekeen suteari aurrea hartzeko.
  • Errefrakzio bidez bero-foku bat sor dezaketen botilak eta beira-zatiak lurperatu egin behar dira.
  • Sute bat ikusten baduzu 112 telefono-zenbakira deitu behar duzu lehenbailehen. Deitzean adierazi behar duzu zein den biderik egokiena hara iristeko, betiere kontuan izanda sua norantz doan. Komenigarria da, gainera, tokiko larrialdi-zerbitzuen berri izatea, baita haiekin harremanetan nola jarri behar den jakitea ere.
  • Sute batetik hurbil daudenek suak harrapatuko ez dituen soilune batera joateko ahalegina egin behar dute, sutearen alboetako eremuetatik eta landaredi gutxien duten eremuetatik barrena joanez saiatu behar dute handik urruntzen; autoz badoaz leihatilak itxi behar dituzte eta arriskutik kanpo dagoen eremu batera joaten saiatu behar dute. Ez da inoiz amildegi edo sakonunerantz abiatu behar ezta hegalean gora ihes egin ere sua hegaletik gora doanean. Haizearen norabidearen aurka joan behar da beti.
  • Su-itzalketetan parte hartzen dutenek ez dute isolatuta lan egin behar, koordinatuta egon behar dute eta beti agintaritza eskudunaren aginduetara.