Auzoak protagonistak maiatzaren 25, 26 eta 27ko Olatu Talka jaialdian

Jaialdian energia berriztagarriak izango dira nagusi: eguzki sorgailuak erabiliko dira eta bestelako sorgailuak baztertu dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Maiatzaren 25, 26 eta 27an izango den Olatu Talka jaialdiaren programa osoa aurkeztu da. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, 9. Olatu Talka indartsu dator, herritarren parte hartzearekin hiria eraikitzeko, eta herritarren parte-hartzea hitz hutsa ez dela azaltzeko hainbat datu eman ditu:
  • 300 talde edo eragile dabiltza eta ibiliko dira hiru egun horietan hiria era askotariko ekintzaz betetzen.
  • Talde horien guztien bidez, 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute era aktiboan Olatu Talkan.
  • Mota guztietako ekitaldiak izango dira: dantza, musika, artea, zientzia, historia... Adin guztientzat.
  • 20 ekitaldi baino gehiagotan izen-emateak izan dira, eta 1.100 lagunek baino gehiagok eman dute izena.

Hala, Eneko Goia alkateak jaialdiaz gozatzera kalera ateratzeko deia egin die herritarrei, eta bederatzigarren Olatu Talka urteurren biribilaren bezpera egokia izatea opa zuen.

Jon Aizpurua Olatu Talkako zuzendariak gogorarazi du iaz iraunkortasunaren inguruko zilarrezko plaka jaso zuela Olatu Talkak eta aurten konpromiso horri eutsi nahi diola. Horretarako, besteak beste, erabiliko diren edalontzi guztiak organikoak izango dira, artoz egindakoak, eta konpostagarriak, edukiontzi organikoan bota beharrekoak. Horrez gain, jaialdian energia berriztagarriak izango dira nagusi: eguzki sorgailuak erabiliko dira, bestelako sorgailuak baztertu dira eta abar. Berrerabilera eta ingurumenak ere leku garrantzitsua izango du, instalazio artistikoetan, berrerabilera eta bigarren eskuko azoketan, itsas zaborra out ekimenean, naturarekin lotutako hitzaldietan eta abar.

Basoka: Zorionak Dylan!


Miramongo basoa, maiatzaren 26an, 18:00-21:00

Gatxina Lertxundi, Gure Bazterrak promotorako kideak aurtengo Basoka jaialdi berezia aurkeztu du. 2015eko Olatu Talka jaialdian, lehenengo aldiz egin zen Basoka, bi helburu nagusirekin: alde batetik, Miramongo basoa ezagutarazi eta kultur jardueren agertoki gisa duen potentziala erakustea, eta bestetik, musikarien eta publikoaren arteko harreman sendoa berreskuratzea, jaialdi erraldoien hoztasunetik ihesi. Formatu akustikoan oinarritutako emanaldiak gertutasun eta gordintasunez aurkezteko gunea izan da Basoka.

Aurten Basokari bestelako jite edo ukitua eman nahi izan zaio, eta horregatik, urteurren bat hartu da oinarri. Hilaren 24an Bob Dylanek 77 urte beteko ditu, eta bi egun geroago, Zorionak Dylan! emanaldia izango da Miramongo basoan. 25 musikari baino gehiago elkartuko dira Miramongo basoan, eta Dylanen 25 abesti eskainiko dituzte, norberak bere ikuspegi eta estiloaren arabera. Basokan izango dira, besteak beste, Joseba Irazoki, Ane Leux, Eneritz Furyak, Iker Lauroba, Mikel Azpiroz, Rafael Berrio eta abar.

Itxiera festa


Zuloaga Plaza, maiatzak 26, 10:30-20:00

Elene Carreto dantzariak, itxiera festaren berri eman du. Goizean goizetik artearekin lotutako ekimenak izango dira: marrazkilariz beteko dira inguruak Donostia Sketch marrazketa maratoiarekin, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak estudioa kalera aterako du, Elena Scaratiren Flintlove instalazio artistikoa...

Musika eta dantza emanaldiek ere leku garrantzitsua izango dute Zuloaga plazan: goizean Izarrak Plazara ekimeneko 12-17 urteko gaztetxoek haien talentua erakutsiko dute oholtza gainean, eguerdian Beira taldeak kontzertua eskainiko du, Nebraska taldeak dantza emanaldia egingo du eta eguna amaitzeko kontzertu sorta izango da: Indidxabak, Last fusion eta Mushkum. Dantza emanaldiak aipatuta, Elene Carreto eta Beñat Urritiaren Desafioa 19:55 (15:00etan) ezin ahaztu.

Baina igandeko ekitaldi nagusia 13:30ean izango da Zuloagan bertan: bortizkeria sexistaren aurkako ekimena egingo baita. Harituz elkartearen ekimenez milaka lagunek ehundutako 4 km-ko bufanda oinarri hartuta, dantza ikuskizun bat prestatu dugu ikasleekin. Ekimen horretan Olatz Salvador musikari donostiarraren Korapilatzen kanta erabiliko da, eta guztion artean bortizkeria sexista arbuiatuko da. Ekimen honetan parte-hartzera deitu ditu herritar guztiak eta Olatu Talkako eragileei dei berezia egin die.

2018/05/21-an argitaratua