Kirolariaren osasunaren aldeko jardunaldia

Aire zabalean aritzen den kirolariaren larruazalak gainerako jendearenak baino eraso gehiago jasaten ditu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Aire zabalean aritzen den kirolariaren larruazalak gainerako jendearenak baino eraso gehiago jasaten ditu, eguzkiak dermiseko eta epidermiseko alterazioetan duen eragina zuzenki proportzionala delako haren erradiazioen eraginpean emandako ordu-kopuruarekiko eta, gainera, pertsona horien larruazalak deshidratazio handiagoa eta kanpoko eraso gehiago ere jasaten ditu.

Kirolari horiei, batez ere, gazteenei, eta haiekin harreman zuzena dutenei, hau da, kirol hezitzaileei, arriskuen eta zaintzeko hartu beharreko neurrien gainean informazioa ematea eta prebenitzen laguntzea da jardunaldi hauen helburu nagusia. Kirol Prestatzaileei Zuzendutako Dermatologiaren inguruko Jardunaldia “Kirolariaren larruazala: arriskuak eta zainketak” du izena eta ekainaren 16an izango da, Donostian.

Kirolariek beren burua asko zaintzen badute ere ‒saiatzen dira kaloria gehiegi ez hartzen, elikadura zaintzen dute eta ez dute alkoholik edaten‒, ez dira ohartzen ordu asko eta asko ematen dituztela eguzkiaren eraginpean eta larruazalari erasaten dioten beste arrisku batzuen erasana ere jasaten dutela. Gaiari buruzko ikerketek erakusten dute, adibidez, Espainian, eskiatzera doazen pertsonen ehuneko handi batek ez duela krema fotobabeslerik erabiltzen eta, erabiltzen dutenek, ez dutela berriro produktua aplikatzen tarte bat igaro ondoren.

Kirolariek beren burua zaintzeko hartu behar dituzten neurriak eta kirol hezitzaileek izan behar duten informazioa partekatzeko, Espainiako Dermatologia eta Benereologiako Akademiako Larruazal Osasuntsuaren Fundazioak ekimen bat darama aurrera, Donostiako Udaleko Kiroletako Udal Patronatuarekin eta Basque Culinary Centerrekin (BCC) batera; Patronatuaren aldetik, kirolean zentratzen da eta BCCren aldetik, dietan. Kirol hezitzaileen garrantzia azpimarratzen dute haiek direlako gazteenekin harremanik estuena dutenak eta prebentzioa, batez ere, gazteei zuzendu behar zaielako.

Kirol Prestatzaileei Zuzendutako Dermatologiari inguruko Jardunaldia: “Kirolariaren larruazala: arriskuak eta zainketak” Larruazal Osasuntsuaren Fundazioak Donostiako Udalarekin eta BCCrekin lan plan bateratu bat gauzatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da.

2017/05/30-an argitaratua