Kaldereroak, 140 urte inauteriak iragartzen

Inude eta Artzainen konpartsek igande goizean alaituko dituzte hiriko kaleak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionalak Donostiako Parte Zaharra hartuko du datorren larunbatean, otsailaren 3an. Hala, gaueko 21:30etik aurrera, 19 tribuetako 412 partaide inguru kalez kale arituko dira, zartagi hotsak zabalduz.
Ohi bezala, gaueko 22:00etatik aurrera, konpartsak Konstituzio plazan ezarriko du kanpamentu nagusia. Kanpamentua amaituta, konpartsa tradizionalak Parte Zaharreko kaleetatik desfilatzen jarraituko du. Bere ibilbidea 01:00etan amaituko du Gaztelubideren aurrean.

Konpartsak auzoetan eta ikastetxetan


Parte Zaharreko konpartsa tradizionalaz gain, Amara Berri, Egia, Herrera, Gros eta Amara Zaharra-Erdialdea auzoek beren desfile propioak izango dituzte larunbatean arratsaldean. Gauean, konpartsa tradizionalaren ordutegi berean, Hungariako kaldereroen Konpartsa Primitiboak ere bere irteera egingo du.

Zurriola, Jakintza eta Aldapeta ikastetxeek otsailaren 2an, ostiralean, arratsaldez egingo dituzte euren desfileak, baita Txomineneako kaldereroek ere. Loiolako konpartsak lehengo asteburuan egin zuen berea, eta berriz, Antiguako kaldereroek otsailaren 17an irtengo dira auzoko kaleak alaitzera.

140 urte


Union Artesana eta La Fraternal elkarteek sortu zituzten kaldereroak 1884.urtean. Konpartsa inauterietako festen barruan atera zen, Raimundo Sarriegiren musikak eta Adolfo Combaren letrak lagunduta. Lehen urteak gorabeheratsuak izan ziren. Izan ere, hainbatetan garai oparoak izan bazituen ere, beste zenbaitetan desagertzeko zorian egon zen. Urte haietan elkarte antolatzaileak aldatuz joan ziren.

1959 eta 1968.urteen arteko garaira arte ez ziren erregulartasunez ospatzen hasi, Gaztelupe eta Gaztelubide elkarteen lanari esker. Baina arrazoi politikoak medio, berriro bertan behera gelditu ziren. 1972.urtetik aurrera, Kultur eta Turismo Ekintzetxeak bultzatuta eta hainbat herri-elkarte eta hiritar-talderekin lankidetzan kaldereroek ez dute etenaldirik izan – pandemiako urteetan izan ezik –.

80ko hamarkadaz geroztik konpartsa berriak sortu dira eta, egun, 13 konpartsa daude hirian (3 ikastetxe eta 10 auzo ezberdinetan)

Inude eta Artzainak


Igandean Inude eta Artzainen konpartsen unea izango da. Kresala Elkarteko konpartsak Parte Zaharretik desfilatuko du, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Guztira, 200 partaide inguruk osatzen dute konpartsa hau (100 emakume eta 100 gizon), eta The Joselontxos´s txaranga izango dute bidalegun.

Segizioa inude eta artzainen 30 bikotek, 60 danborrarik eta garaiko pertsonaiek osatuko dute, hala nola alkatea eta bere emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, eliztarrak, mikeleteak, ontzi-garbitzailea edo garbitzailea, besteak beste.

Ohikoa denez, goizean zehar bi konpartsa gehiagok desfilatuko dute Gros eta Amara auzoetan zehar.Groseko konpartsak 11:15ean hasiko du bere ibilbidea Txofre kaletik, eta berriz, Ikasbide Ikastolak antolatutako konpartsak 11:30ean Loiolako Erriberetako ikastolako egoitzatik. Antiguako Inude eta Artzainak otsailaren 10an aterako dira kalera, goizeko 11:30etik aurrera.

Erlazionatutako dokumentuak

2024/01/30-an argitaratua